Osatzeko gaiak

HASIERAAURKIBIDEA

Loiolako Santutegi-ingurua ordenatzeko proiektua

Jose Ignacio Linazasoro arkitektuak

(N.B. Artikulo hau Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkarian argiratu zen (34. urtea, XXXI. T., Uztail-Irail 1986), eta haren eta autore beraren baimenarekin argitzen da hemen berriz).

Justifikatzeko agerbidea

1. Santutegi etxearen konzepzioa

1681an Juan Pablo de Olivak Carlo Fontanari, Gian Lorenzo Berniniren ikasleari, Loiolako San Inazioren Santutegirako plano berriak enkargatu zizkionean, espain-arkitekturaren, eta, berezi, euskal-arkitekturaren historian ohiezlako gauza bat gertatu zen: lehenbiziko aldiz, Italiako arkitektu ospetsu bat, Europako arkitektura-tradizio bereziari -Erromako barroko estiloari- jarraitzen ziona, guziz bere kontextuaren ateko eta bere arkitektura-teoria problemen kanpoko obra bat egitera zihoan.

Berninik, Frantziako arkitektuen presioagatik frakasatzean, Parisen egin ahal izan ez zuena, hau da, Louvre berria eraiki, bere ikasle C. Fontanak Espain herrian egin ahal izango zuen: hemen oposiziorik batere gabe, eta are haren proiektuari guziz zehatz jarraitzeko gomendatzen zitzaiola.

Eta azkeneko hau gertatu zela dirudi; izan ere, ez Jose de la Incera-ren, ez haren jarraitzaile Martín de Zaldua-ren eskuartzeak, are gutxiago oraindik Joaquín de Churrigeraren iragaitzekoak utzi zuten indargabe Espainan XVII. gizaldi azkeneko ohiezlako obra bat; Espaina, artean, Herrerari jarraitzen zioten maisuen -v. gr. Moratarren- atzetik bait zihoan, Erromako maisu moderatuagoen -v.gr. Pietro di Cortonaren- influjo txiki batzuk admetitzen ba zituzten ere, eta apaintzeko idea bitxi batekin; apaintzeko idea honek halako indarra hartuko du, Llagunok aldi honi egiazko «arkitektura-eremu» deituko dio, pinturak eta dekorazioak lekua jango diotelako.

Ez zen hori batere Erromako aldi bereko arkitekturan gertatzen, aurreko ekinaldiek solutu ahal izan ez zituzten hiri-arkitektura-problemak solutzen saiatzen bait zen.

Idea berri hauen onerako, heredatutako prinzipioak krisipean jartzeko erabakia zegoen arkitektura bait zen. Egiaz, «terza maniera»k denbora guzietako arkitekturaren oinarri-problemei -hiri eta zutik iraundako ondareei-, Miguel Angelen Capitolioren ohiezlako proiektuan aurpegi eman behar bazien, XVII. gizaldi hasierako arkitekturak, Sixto V.aren Erroma burutzera murgilduak bere Tridente ospetsuaren enblemarekin, Via Giulia desarrollatzen frakasatu zuenean, hiri-proiektu berrian aurreko etapa guziek sortua sistematzeko ardura edukiko zuen, Kontrarreformaren funtzio-eta ideoloji-orientaziopean.

Ikus puntu honetatik, bai eta Carlo Fontanak Loiolako proiektuan planteaturiko tema batzuk oso hurbil daudelako ere, ez digu ezerk hobeto argituko, Miguel Angel hil ondoren Batikanoko San Pedro eleizaren konstrukzioan gertatutako prozesuek baino.

Cario Maderno-ren proiektua, Trento ondorengo eleizburuen realismoari eta poliki-poliki latín gurutzeko tradizio-eleizetara itzultzeari «konzesio» bat baldin bada, Albertiren eta Alberti ondorengo zirku-planten, bai eta Vignolaren Sant'Andrea dei Palafrenieri edo Francesco Volterrano-ren San Giacomo degli Incurabili-ren arrautz-planten ere frakasua ekartzen duela, Berniniren Plazak Miguel Angelen eta Madernoren arteko kontradikzioak hiri barnean integratzeko gogoa adierazten du.

Plazak itxuraz solutu ezineko problema konpondu nahi du: bata bestearen aurkako arkitektura-elementuak -kupula eta ate aurreko arkupea-konposizio osoan, batean resaltatu.

Horrek dinamiko ikusi behar dela eskatuko du; arkitektura-objetua osoa batbatean eta dena ikusi beharrean, zera egin nahi da, orain bata orain bestea zatika ikusten joan: urrutitik kupula nabarmenduko du, bertatik Maderno-ren atearkupea. Arkitekturak, batzuek Erromako barrokoaren eszenografia deitzen dioten konzepziotik, bere zatiak banatzera jotzen du, perspektibaren arauera zatika ikusten eta aldatzen joatera, eta batean arkitektura-elementuen, perspektiban ikusteko ase ezineko gogoak aldatuen, adieraz-indarra ahalik gehien haunditzera.

Ez dut sarrerako diskurtso honekin seirehuneko Erromako arkitekturaren bezalako fenomeno aberats eta konplikatua ahitu nahi; hartaz asko idatzi da eta batzutan exajeratu samar beste klaseko kezken paradigma bezala, baina planteatu bai nahi dut Loiolako organismu hori ulertzeko giltza bat, horren konposizioaren loturak berezi intereskoak bait zaizkit nere proiektua justifikatzeko.

Azken ikuspuntu honetatik, hiru aspektu berezi azpimarratuko ditut.

Lehenbizi, eleizaren gorputzak planta osoarekin eta kanpoko inguruarekin zer hartu-eman duen baloratuko da.

Berez, ez du zer ikusirik bere renazimenduko organismo klasikoarekin, askoz ere gutxiago oraindik Herreraren eskemarekin. Aitzitik, eleizak konposizioan bere seilua du, gainontzeko konposioaren ardatz gidarien aurrean, eta bere seilu hori edifizio osoan nabari agertzen da; erdian badago ere, etxeaurre zati haundia okupatzen du, eta horretan -Eskorial monumentuak egiten ez duen bezala, adibidez- kanpora ateratzeko gogoa erakusten du, bere seilua duen organismo autonomo bezala.

Honela, garai hartako Erromako hainbeste eleizetan bezala eta batez ere Santa Maria della Pace-n edo Rainaldi-ren Santa Maria in Campitelli-n, eleiza konjuntotik bere buruaren jabe den konstrukzio bezala nabarmentzen da eta perspektiba aldetik oso orraze mugatuekin.

Gainontzeko etxeaurre nagusia kanon klasiko estriktuen menpean -kasu honetan tokiko maisu egileen «herrerianismoagatik» oraindik ere estriktuagoen menpean- gelditzen den bitartean, eleizaren gorputza, segituan explikatuko ditudan hiru garrantziko elementuen bidez guziz nabarmentzen da.

Lehenbizi, kupula, danbor exajeratu batekin; danbor hori ez dator batere ondo proportzio klasiko ortodoxuekin, baina Fontanaren beste hiru eleizen proportzioa bera du: eleiz horiek Piazza del Popolo-ko bi bizkiak Carlo Rainaldirekin batean egin zituenak, eta Koliseo barruan eraiki ez zena dira.

Proiektu guzi hauetan danborrak «kanpo» funtzio bat, Piazza San Pietrok sortutako problematik datorrena betetzen du: Kupulak organismo osoan nabari izan behar badu bai urrutitik bai bertatik, orduan gutxienez, oskola jendeak alde guzietatik ikusi ahal izan behar du.

Atearkupeak ez du, monumentu kerakoa bada ere, bisio hori galerazi behar, bertatik garrantzi samarra izan badaiteke ere. Hori lortzeko «danborra» sakrifikatu beharko da eta hura ikusi gabe utzi, baina hala ere naranja erdia ez izkutatzeko nahiko altura eduki beharko du.

Problema guzi hauek maisu soluzionatuak aurkitzen dira Loiolan. Hemen gainera, hirugarren elementu bat aurkitzen dugu, monumentueskailera, konjunto osoan eleizaren garrantzia azpimarratzen duena.

Ez bide da probatu azken elementu hau Fontanaren atzen proiektuari dagokiona dela. Alabaina, garai hartako Erromako arkitekturaren idearen hurbil aurkitzen delako eta berezi Piazza di Spagnaren monumentu-eskailerarako proiektuetako baten -ejekuta ez zen baten- hurbil, horrek zera pentsarazten dit «se non è vero è bene trovato» dela.

Monumentu-eskailerak atearkupearen funtzioari indar ematen dio; horren haundia eta inguruarekin oso ondo elkartua degoelako -handik beste inondik baino hobeto ikusten da inguruaren ederra Izarraitz mendi haundipean- dudarik gabe Santutegiaren arkitekturarik haundienetako bat dela egiten dugu.

2. Gaur egun monumentuaren ingurua

Hasieran esaten nuen bezala, ohiezlako gauza zen, Erromako seirehuneko bezalako arkitekturaren hiri-kontextu mugatutik, estilo hartako -irargitu dugun bezala- monumentu bat jartzea.

Behin eta berriz esan dugu ere, garai hartako Erromako arkitekturaren «kontextu» zentzu haundia, eta horren oso ejenplu nabariak daude, hala nola Santa Maria della Pace plaza-eleiza.

Alabaina, azken faktore hau, horren garrantzikoa, hau bezalako kasuan, oharkabe igaro zen Loiola eraikitzean, nahiz 1767an, obra bukatu baino lehen, jesuitak expultsatu zituztelako, nahiz -egiantzago- Espainako bezalako kontextuan eta berezi euskal-kontextuan monumentua behin ere ulertu ez zelako, gure artean «izadi-hiritu»aren konzeptua, oharkabe igaro beharko zuen XVII. mendearen bigarren erdira ondo sartu arte, bai eta XIX gizaldirarte ere.

Horrela ingurua «landa» batere hiritu gabea gertatu zen, monumentuak eskatzen zituen giroarauez bestera. XX. gizaldi hasieran bakarrik intentatuko dute problema honi aurpegi ematen, kera ezberdin samarrean bada ere.

Zentzu honetan, landa inguruan zuhaitz aldatzeak eta Loiola-Azpeitia ardatza irikitzeak, dudarik gabe ordenazioaren baiezko aspektuak dira, ez ordea hain baiezkoa ardatz hori etxeaurre nagusiaren ardatzari begira baldar okertua egitea, ez eta monumentu inguruko jardin ziztrinak ere; ez dute horiek batere monumentua lurrarekin ondo elkartzen eta gainera plaza erdian zirkulatzeko sistema nahasi bat sartzen du.

Are, bi izai bikainak monumentu aurrean oso baldar aldatu zituzten, eta zorua berdindu gabe utzi zelako, konjuntoak itxura ziztrina du eta Gipuzkoako arkitektura osoaren garrantzi haundieneko monumentuari eta XVII. gizaldi azken aldiko espain-arkitekturaren inportanteenetako bati ez dagokiona.

3. Proiektuaren oinarri-planteamentuak

Orain arte esan dugun guzitik zera ateratzen da, hau bezalako kasuan, batez ere monumentuaren orijinal-inguruaren konzeptua rekuperatu behar dela.

Honek, alabaina, garrantzi haundiko teori-problemak planteatzen ditu. Lehenbizi, ez dugu tema honen arkeoloji-urratsik, orijinal-proiektua, probabile behin ere izan ez zena, rekonstruktzeko bide ematen duenik. Beraz, ber-eraiki ezina, egia da. Alabaina, baditugu pentsatzeko elementu batzuk, monumentuaren proiektutik beretik datorren idea etengabe aurrera eramateko. Kriterio horiei eutsi behar zaie, berriz restauratu egin nahi gabe.

Argitutako antzeko problemen soluzioak konparatu eta analizatu bidez aktuaktu beharko litzateke: hau da, planteatu eta soluzionatu behar diren problemetatik proiektatu; soluzioak, jakina, ez dauka bakarra izan beharrik, egokiena dena izango bada ere.

Ikuspunto honetatik zera esan genezake, historiatik ateratako elementuekin lanegiten dugula, soluzioa orohar norberarena izango bada ere eta gainera ez nahiataez beste baten antzekoa.

Zera baiezteko gauza gara, gaurko gure arkitektura-analisi-jakintzak arkitekturaren historiatik datozkigun problema eta soluzioak rekuperatzeko bide ematen digula, haatik XIX. gizaldiko eklektikuen estilo-moldetik aktuatzeko behartuak egon gabe.

Gauza guzi hauek argitzeko ejenplu ona, beste proiektu berri edo ez hain berrien artean, zera da, P.L. Troost-ek egindako Munich-eko Koniglicher Platz-aren -orijinean L. Von Klenze-k proiektatuaren- reforma. Nere ikuspuntutik, interesik haundiena hontan dauka, Von Klenze-n proiektuaren konpositzeko eskemei jarraitzen zaiela, horrekin azken honek proiektutako edifizoen estiloari osoro menderatzen zaionik esan nahi ez bada ere.

Aurreko teori-premisa hauetatik abiaturik, C. Fontanaren proiektuari dagokion monumentu-marko bat sortzen saiatu naiz.

Horrek zera esan nahi du, orain lekua erabiltzeko eskema batzuk, definituak dauden bezala, utzi egin behar direla; horrela adibidez, automobil-trafikoak eragozpen haundia jartzen du lekua egokiago erabiltzeko. Eta horrez gainera aparkamentu-problema, horrelako toki batean oraindik ere ezegokiagoa.

Zera uste dut, problema hauen soluzioa ez dagoela dena proiektua egiten duen arkitektuaren eskuan; baina «sine qua non» baldintzak dira, aurrean dauden arkitektura-problema guzien soluzioa serio planteatzeko.

Deskribitzeko agerbidea

1. Monumentu-ingurua berriz ordenatu

Monumentuak, orain dagoen bezala, ez du oinarririk eskaintzen lurra eta arkitektura heuren artean elkartzeko eta distributzeko. Oso Hiri-monumentu bada ere, lehenago irargitzen saiatu garen bezala, ez du edifizio kera horri dagokion «lurrik», eta horregatik beste nonbaitetik aldatua agertzen da.

Goizorua izan da, historiko, arkitektura eta lurra elkartzeko lagundu duen elementua eta horren ejenplu ona eskaintzen digu Escorial monumentuak.

Bestalde, Santuetxeak berak, monumentu-eskaileraren lehen tranpainetik, goizoruaren hasiera bat eskaintzen du, eta jarraitzeko asmoa duela dirudi, azkeneko hau behin ere egin ez bada ere. Horregatik, etxeaurre alde bietan goizoru bana jartzeak monumentua eta lurra elkartzeko problema ondo soluzionatzen zuela ematen zuen, bai eta bere monumentu-keraz areago, bi leku haundi sortzeko aukera eman ere jendeak erabil zitzan.

Beste elkartzeko problema bat, monumentueskaileraren hasierak planteatuko luke, gaur egun soluzionatu gabe dagoen problema. Problema honek, atearkupearen eta edifizioko monumentueskaileraren hiri-zantzu nabariekin batera, zera akontsejatzen zuen, harri losez egindako plaza zabal baten proiektua, berezi eskaileraren hasiera hartzen laguntzen duena.

Plaza, harlosen diseinuen bidez bi zati egina, bi pabeiloi simetrikoek burutuko dute; haiek funtzio hau edukiko dute, «hiri-plazara» bidea adierazi, eta haren dimentsioak luzean atearkupe osoa eta haren gaineko kupula ikusteko aukera emango du, baina ez kupula osoa danbor eta guzi.

Azkeneko hau alderatzeko bideari dagokio; hori geroxeago aitatuko dut.

Eginbehar hauei zera erantsiko zaie, orain dagoen baino jardín apainduago bat, belartxa sail haundiekin, oraingo zuhaitzen arteko bidexkak ondo zaintzen direla eta den hori berro-esiez inguratua, harri-txintxarra bidexketan eta floroi eta irudientzako agarriak tarteka.

Jardín honek zera egiten du, goizoruak definitzen duen arkitekturatik oihanak iduritzen duen izadira aldatzen dela adierazi, horrela jardin barrokoen berezgarri batzuei eusten zaie.

Berdintzeari gagozkiola, goizoruan ez bestean, gehienbat oraingo lurraren berezgarriak kontserbatzen dira, malda denak, baino, leunduz.

Ordenazio barruan, bere arkitektura-interesagatik, plaza alde batean aurkitzen den lekaimeen konbentu txikia baloratu nahi izan da. XVIII.mendeko etxe bakun, baina bikaina da; haren arkitekturak inguru egokia exijitzen du.

Zoru berezi bat jartzen da, plaza txiki baten forman. Orain dagoen goibearen problema solutzeko eskailera batzuk, gero eta txikiagoak, jarriko dira. Den hori zehatzago batean doazen planuetan ikus daiteke.

2. Konstruktzeko gaiak

Ordenazio osoko oinarri gaiak harria eta jardinak dira. Goizoruak harrizkoak dira, eta haren baraldak ormigoi gainean jarritako harlosezkoa egin daiteke. Zoruak, berebat, harlosezkoak izango dira eta adokinezkoak, dagozkion planuetan adierazten den bezala.

Orain arte egindakoa

1982an aurkeztutako orijinal-proiektuak-haren agerbide osoa berriz ekarri dugu- orain arte zenbait goraberagatik -batzuek proiektu egilearen gogo barneko, besteak kanpoko goraberagatik-aldakuntza batzuk sufritu ditu. Neri lehenengoez hitzegitea dagokit; bigarrengoez besteek emango beharko bait dute kontu.

Lehenengo proposizioa, monumentu osoa begien aurrean edukiz idatzi zena, geroago bi faktore -lekua oinezkoentzat bakarrik jarri ezina, eta oraindik ere inguruan dagoen baserria ez expropiatua- sartzen zirelako, pixka bat aldatua, ez da orduan pentsatzen zen bezala egingo.

Horrek ez digu monumentuaren goizorua lehen forman egiten utzi eta haien orde eskailerari begira bi «lonja» simetriko jarri dira. Lonja hauek bere garaian jardinez inguratuak izan behar dute, eta horrela monumentuaren oinarria proiektu barrokoaren aldeago resolutzen da eta erdiko nukleoaren -zirku eta eskaileraren- garrantzia sortzen da eta jardinei funtsezko funtzioa ematen zaie.

Direkzio horretan bertan eta ingurua oinezkoentzat bakarrik jarri ezin zenez gero, oraingo hiruertz barrokoari eustea pentsatu da, Ejertzizio-Etxe aldetik doan marra itsusitu samarra zuzenduz.

Horrekin, perspektiba aldetik, monumentuaren erdilekuak indar hartzen du, baina hasierako proposizioak monumentua alde guzietatik berdinagoa ikusten zuen.

Zera uste dut, azken proposizio honek -orain arte haren harlosezko lonjak bakarrik egin dira-egiteko realismo gehiago eskainiz gainera, bere balore behinenak meditatu ondoren, asmatu zenaren antza haundiagoa duela.

N.B. Orain (1989) San Inazioren jaiotzaren bostehungarren urtea betetzen dela-eta, Gipuzkoako Ahaldundi Agurgarria Santuetxea eta haren ingurua rekonstruktzeko eta birmoldatzeko proiektu haundia ari da egiten.

Halaxe, alde batetik Santutegia, ez hiri-inguruan baina landa-inguruan aurkitzen den prinzipiotik, eta bestetik lonja biak monumentu haundiaren ego bien ateaurre bezala eginak daudenetik abiaturik, Juan López Jaén arkitektuak lonja bien ertz puntuetatik hasten den zirku erdiko plaza haundi bat ideatu zuen, erdian harlosatua eta 17.000 pertsona hartzen dituena, eta albotan zirku-arresiz kanpotik eta barrutik jardinak dituena.

Plazaren zirkunferentzi erdia bere zentruan tanjentzial ikutzen duela, eta hiru zuhaitz-lerroek uzten duten tartean, bi adokinezko kamioek zabaltzen diete bidea automobilei, aparka-lekuetara edo kamio nagusietara joateko.

Azkenik, Azpeitiatik Santuetxera datorren bidea automobilentzat itxia gelditzen da, haren azken aldera San Inaziori jaso dioten irudi inguruan, zuhaitz tartean, eta kamio zabala handik oinezkoentzat bi ibilbide zabal egiten da; harlosatuak daude eta bien tartean belar-jardin fin bat doa. Bide horretatik monumentua eta haren kupula zabal eta eder ikus daiteke, eta bideak plaza haundira darama.