José Ramón Eguillor S.I.
Artikulo honen lehen datuak liburu honek berak beste lanetan ezaguterazten ditu eta han dokumentatuak agertzen dira.
Loiola legez norena den agertzeko oinarri dokumenturik ez da Gipuzkoako Foru Ahaldundiaren Arkibuan aurkitu; baina, Loiolako Histori-Arkibuan, 2-4 («Compañía de las Obras de Loyola» kutxetan) dokumentazio orijinalaren extrakto batzuk aurkitzen dira, fetxarik eta izenik gabe badaude ere, oso ondo eginak daudela ematen du, osoak direla eta kakotx tarteko zati askorekin aurkitzen dira. Eta 1842, 1843, 1846 eta 1855ko oinarri-dokumentuen egiazko kopia osoak aurkitzen dira.
Konstrukzio haundiaren bukaerari doakon azken zatia eta 1885tik 1888ra egindako obra berria, legez nola gelditu zen agertzeko, III. Teman ekarriko dugun oinarri-dokumentazioak garbituko du.
1681 .go Maiatzaren 24an, Oropesa eta Alcañicesko Markesek, Loiola sendi barman alboko ahaide aldetik San Inazioren Etxearen azken jabeek, Etxea Austriako Mariana Erregin-Ama Andreari ematen zioten. 1682.go otsailaren 19an, Gipuzkoako Korrejidoreak, Erreginaren eskudun bezala, haren izenean etxearen jabe egiten zen. Eta urte hartako bertako Maiatzaren 30an Erreginak Jesusen Lagundiari ematen zion.
Gauzok gertatzen ziren bitartean, jesuitek beiloiezko 58.187 Er. eta erdian Etxe Santuaren inguruko lurrak erosi zituzten, eta Korrejidoreak Erreginaren izenean Etxe Santuaren posesioa hartu egunean, haiek terrenuen jabe egiten ziren; terrenu horietan, sei urte geroago, monumentu etxe haundia eraikitzen hasiko ziren.
Loiolako jesulagunen bazkuna mantentzeko eta monumentu haundia eraikitzeko behar zen dirua, batez ere -ez bakarrik- Jesusen Lagundiari Carlos II.ak pribilejio bezala eta egiaz kondizio onean emandako zenbait juroek sortzen zuten errentak ziren. Baina, juro horiek erosteko behar zen dirua Jesusen Lagundiak jarri zuen osoro; gainera, redituak edo errentak kondizio onean haatik eman zituen erregeak, Perutik jesuitek 1654an geroko Loiolako Santutegia fundatzeko ekarritako pesu kopuru haundia ordaintzeko, haren aitak, IV. Felipek dekomisatu egin bait zituen pesu haiek, argi deklaratu gabe zetozelako.
Beraz, Loiolako Kolejio-Santutegiak, haren lehenengo pausoak horrela eman zirenez gero, ohorezko «Errege-» eta «Errege-Patronatu» izena badarama ere, toto iure Jesusen Lagundiarena izan behar zuen.
Monumentu haundia, artean ere bukatu gabe zegoela, III. Carlos erregeak, 1767. urtean lehenengo aldiz expropiatu zien -Eleiza eta Etxe Santua ere sartzen zirela- Estaduaren alde.
XIX. gizaldian, Aitasantu Pio VII.ak 1814an berreraiki eta VII. Fernandok 1815an Espainan berriz admetitu ondoren, Loiola jesuitei itzuli zitzaien. Baina laister galdu zuten bigarren aldiz 1820. urtean Riego altxatu zelako eta Hiru urteko Konstituzio-Aldiagatik.
1823an berriz bereganatu ondoren, hirugarren aldiz eta, oraingo honetan behin betiko, 1835an galdu zuten, Jesusen Lagundia barreatu, erlijio ordena guziak exklaustratu eta haien ondasunak Mendizabalek desamortizatu zituenean; desamortizazio hau poliki-poliki hilabete batzutan gertu ondoren, 1836.go Martxoaren 8ko dekretuak burutu zuen.
Desamortizaio-lege horretan oinarriturik, Erreinuko Errege-Ordeak, Esparterok, 1842.go uztailaren 26an, dekretu bat eman zuen. Dekretuak Amortizazio-Arbitrioen Direkzio Jeneralari eskubide ematen zion «nazio-ondasunen saltzeko Batzarrean, herriaren onerako eskatutako konbentuak emateko erabakia azken batean har dezan».
Dekretu honen arauera, Direkzio Jeneralak, 1843.go Otsailaren 17an, «probintziako (Gipuzkoako) Diputazioari Azpeitiako Loiolako San Inazioren konbentu itxia emateko erabakia hartzen du, korrekzio-etxe egin dezan; eta helburu hori betetzen sei hilabete barruan hasi beharko du, eta gainera Probintziak Monumentua eta, batez ere, Eleiza eta Kapila sostentzeko ardura edukiko du, meritu berezia dutelako bertako eta atzerrikoei horiek admiratzen utzi behar bait zaie, eta kondizio hauek betetzen ez badira, mesede hau hutsala eta batere indargabea izango da».
Emaitza egin urte horretatik bertatik, Diputazioak monumentua korrekzio-etxe (edo beste dokumentuetan esaten den bezala, erruki-etxe edo umezurtz-leku) egiteko baldintza betetzen ez zuelako, Gobernuaren eta Diputazioaren artean egiazko guda hasten da: Gobernuak itzultzeko exijitzen du, Diputazioak bere jabegoa reafirmatzen du. Diputazioak bere defentsa egiteko zera ekartzen zuen, batzuetan ezin bete zirela baldintzak seinalatutako epean; bestetan -geroago-, monumentua kontserbatzeko eta hobetzeko egin gastuak, edo bai eta kapellauak mantetzeko gastatutako dirua ere.
1845 eta 1846 urteetan Diputazioak behin eta berriz ekiten dio, eta Gobernuari eta Erreginari exposizio batzuetan, umezurtz-etxearen idea baztertu gabe, Loiolako Etxearen jabetza konfirma ziezaiotela eskatzen du, han, itxitako konbentuetako eta haien liburutegietako bai eta Probintzi- eta juez-arkibuetako gauzen ere museo bat jartzeko.
1846.go Azaroaren 17an errege-agindu bat ematen da eta eskatuari bai esaten zaio, baina Santutegia kontserbatzeko ardura edukitzekotan.
Oso astiro bada ere, hurrengo urteetan zeredozer egin zen museo, liburutegi eta arkibuen proiektu berria burutzeko. 1849an Diputazioak zera dio, bete dituela etxea museorako etab. kontserbatzeko eta atontzeko baldintza guziak. 1852an, Korrejidore Jaunari bidalitako ofízio batean, Loiolan egindako obren kontu ematen dio. Badirudi toki batzuk konpondu eta Loiolako liburuak apal batzuetan jarri besterik ez dela egin. Eta bidezko agindu batzuk eman baziren ere Probintziako arte-objetuak hara bidaltzeko, laister, urte horretan bertan, alde batera utzi zen lan hori, Gracia eta Justicia Ministruak Loiola, Diputazioak berak eskatu zuelako, jesuitei eman zienean, Itsasoz handiko Misiolarien Kolejio bat eraikitzeko.
1852.go Urriaren 28ko errege-dekretuak zera dispositzen zuen, Probintziako Korrejidoreak «formal entrega diezaiola Loiolako San Inazioren konbentua Antonio Morey Aitari, J. L. Probintzialari.»
Gauza honek eta erabilitako formulak oso pleito gogor bat sortu zuen Gobernu eta Diputazioaren artean: Diputazioak 1853an bere jabetza baiezten du eta Gobernuari zera eskatzen dio, deklara dezala, monumentua Lagundiari, 1846.go Azaroaren 17ko Errege-Aginduak Probintziari ematen dion eskubidearen kalte gabe entregatu ziola.
Irailaren 29an Errege-Agindu batek zera erantzuten du, monumentua Jesusen Lagundiari entregatu zaiolako indar gabe gelditzen dela 1846ko emaia.
Berriz ekiten dio Diputazioak eta zera esaten du «formal entrega» hura, erabiltzeko bakarrik izan zela, eta jabetza ere esan nahi bazen, berezi adierazi behar zela.
Batak besteari zenbait komunikazio bidaltzen dizkiote, bakoitzak bere posturaren alde, eta, txarrenean, Diputazioak Loiolan egindako gastuen ordaina eskatzen du.
Azkenean, Lagundiaren bazkuna Loiolatik at zegoela, Diputazioak Gobernuari berriz ekin zion, eta 1855.go Maiatzaren 3an Hazienda Ministerioak, Erreginaren izenean, azken soluzioa Diputazioaren alde eman zuen eta «1846.go Azaroaren 17ko Errege-Agindua guziz indar zegoela» deklaratu zuen.
Hortik aurrera ez zen gehiago jabe nor zen diskutitu, ez eta baldintzak bete al ziren ala ez ere. Eta horrela zeuden gauzak, 68.go Reboluzioa igaro ondoren, jesuitak Frantziako bere azken erbestalditik itzuli zirenean, eta, beren buruak Loiolan seguruago aurkiturik, monumentuaren ezker egoa, XVIII. gizaldian osatu gabe gelditu zena, bukatzeko erabakia hartu zuten.
Horretarako, jakina, monumentuaren jabearekin, Diputazioarekin, tratatu behar zen, eta horri begira, Jesusen Lagundiak ez zuen asunto hori berez tratatu nahi izan, baina Elkarte Anonimo bat sortu zuen, «Compañía de las Obras de Loyola» zeritzana, bere lagun sekularrek osatzen zutena, bere ordez Diputazioarekin tratatzeko.
Oso tramite luze eta nekeak eduki behar izan ziren, bai Donostian bai Madriden, elkarte hori bere estatutoekin eraikitzeko, eta, behin eraiki ondoren, aldeko eta aurkako proposizioen eta botazioen artean, alde biek erabaki batera etortzeko, obra ze kondizioetan ejekuta behar zenari buruz. Guzi horietatik gure propositora egiten duten klausulak bakarrik aterako ditugu 1885.go Otsailaren 26ko «Gaceta de Madrid»en eta urte horretako Martxoko 11aren «Boletín Oficial de Guipúzcoa»n konsignatzen diren bezala:
2ª Expositoreak, (hau da, «Compañía de las Obras de Loyola») 10 urte barruan Loiolako obrak bukatzera behartzen dira ...» (N.B. Egiaz hiru urte baino gutxiagoan bukatu zituzten).
3a Bere aldetik Diputazio Jaunak expositoreei San Inazioren etxea bere dependentzi guziekin 60 urtean erabiltzeko lagako die, eta 60 urte horiek igarotakoan, lagatutako monumentua eta han eraiki berri guzia ostera Probintziaren jabetzara itzuliko da, obrak egin dituen Elkarteak obren gastua reklamatzeko legerik batere gabe». (N.B. 1945an lehen 60 urte horiek bete zirenean, «Compañía de Obras»ek eskatu zuelako, Diputazioak beste 60 urterako luzatu zuen).
9ª Hirurogei urtean erabiltzeko epea bukatu ondoren, Diputazioak, Elkarte konstruktoreak emango dizkion obren orde, orain Loiolako etxeak duen erlijio-helburua ez aldatzeko konpromisua artzen du, eta San Inaziok fundatutako ordena, Espainan onartua edo admetitua badago, beti hura bakarrik izan dadila han biziko dena. Eta, 60 urte horiek igaro ondoren, Loiolako etxea, adierazitako helburuaz bestera destinatuko balute, Diputazioak Elkarte konstruktoreari egindako obren prezioa itzultzeko konpromisua hartzen du, eta efektu horretarako konpromisu hau garantitzeko, monumentuaren ezker alde edo egoa hipotekatzen du, bai eta orain arte eta eraikitako etxalde osoa eta aurrerago eraikiko den guzia ere.
Posesio, bizileku eta hipoteka horretatik «Dukearen Etxea» alde batera utzi behar da, hau da, ezker egoan eleizari eratsikia dagoena eta gehienbat eskubi egoko Etxe Santuaren parekoa. Etxe alde horrek -funda aktuko kondizio bezala Loiola sendiaren oinordekoena izan behar zuen beti -orain Granada de Egako Dukeena- Jesusen Lagundiarentzat Erreginari emandako Etxe Santuaren truke. XVIII. gizaldian jesuitak ezker ego osarekin batera eraikitzen ari ziren, eta, jesuitak expultsatzean, erdi egina gelditu zen. XIX. gizaldian obra bukatu behar izan zenean, Dukeek bere interesko puntu konkretu hori Diputazioarekin tratatu behar izan zuten, eta pleitoak ondore hau ekarri zuen, Diputazioak, gainontzeko konstrukzioaren jabeak, bere kontura bukatuko zuen obra, baina haren jabe -fundazio-asmoaren arauera- beti Loiola Etxearen oinordekoak izango ziren.