Osatzeko gaiak

HASIERAAURKIBIDEA

Loiolan jesuiten aldizkako egonaldiak

José Ramón Eguillor S.I.

Artikulo honek A. LESMES FRIAS S.I.ren hiru liburuetan banatuak aurkitzen diren datuak bildu besterik ez du egiten. Honatx liburuak:

Historia de la Compañía de Jesús en su Asistencia Moderna de España. I. t. (1815-1835), Madrid, 1923. II. t. (1835-1868), Madrid, 1944.

La Provincia de España de la Compañía de Jesús (1815-1863), Madrid 1914.

La Provincia de Castilla de la Compañía de Jesús desde 1863 hasta 1914.Bilbao-Deusto, 1915

Detaile batzuk Loiolako bazkunaren egunerokoetatik osatu ditugu, eta denbora berriagoetarako, aurrean aurkitu diren lekukoen ahozko aitorra jaso dugu.

1682.go uztailaren 1. egunean Jesusen Lagundiko Aita eta Anaien bazkun txiki bat lehenengo aldiz San Inazioren Etxe Santura bizitzera sartu zen.

Handik sei urtera, 1688an, Etxe Santua bere barruan hartuko zuen monumentu haundia eraikitzen hasi ziren; eta, lehenengo gelak han gertu zituztenean, jesulagunak hara aldatu ziren 1708. urtean.

III. Carlos Erregeak 19 jesulagunak -oraindik monumentua bezala, bazkuna ere eraikitzen zegoela- 1767.go Apirilaren 3. egun arte han bizi zirenak, erbesteratu ondoren, San Inazioren konbertsio-kapila santuan ez zen behin ere, jai egunetan behintzat, mezarik faltatu, sekuloko edo erlijioso apaiz batek ematen bait zuen, hala adibidez, 1806tik 1813ra Azpeitiako Manuel de Furundarena benefiziatuak.

Monumentu haundia, berriz, erbeste garaian, oraindik ere ezker ego osoaren goiko erdia eraikitzeko zegoen, eta egoera horretan bukatu gabe 118 urte luze iraun zuen. Nortzuk bizi izan ziren aldi horretan, eraikitako eta aprobetxa zitekeen monumentu-etxean?

Hasieran gobernuak Ego Amerikarako misiolariak formatzeko destinatu zuen, baina proiektu hori ez zen bete.

Espaina eta Frantzia arteko bi urteko gerran, 1793tik 1795ra, aldi labur batean Frantziako tropa alojatzeko serbitu zuen. Eta ondoren, 1797tik 1806ra, Urdax (Nabarrako) monako premontrearrei bizitzeko toki izan zitzaien, haien monastetxea, frantziarrek berek ondatua, berriz ere eraiki bitartean.

Independentzi Gerran, 1813tik aurrera, soldadu-hospital bat jarri zen Loiolan, eta misio hori betetzen zuen, berriz ere, behin Eleizak 1814an Lagundia restauratu, eta Espainan 1815an berriz admetitua izan ondoren, 1816.go Apirilaren 29an, antzinako erbestetik bizirik ateratako lau jesulagun zaharren bazkun txiki bat bere Loiolako etxera itzuli arte.

Agure-hazi txiki hori Loiolan gazte-ilusio haundiz ernatzen hasi zen, ez santu-etxe bezala bakarrik, baina bai eta ibarrerako eskola txiki bat bezala ere eta Lagundia restauratzeko esperantza ederra ekartzen zuen jesulagun-gai etxe bezala ere. Baina, Espainako jendea oso kolokan zegoen, azpian liberalismo eta erlijiorik-ezak su ematen ziela, eta giro horretan ezin iraun sendo, absolutista eta reboluzaleen, kontserbadore eta progresuzaleen arteko politika mugikorraren erdian.

Ez ziren oraindik etxera itzuli zirenetik lau urte pasa eta, hara, berriz ere jesulagunak, Riego altxatu zelako eta hiru urteko Konstituzio Aldian, 1820an jesuitek Loiola utzi egin behar izan zuten eta dispertsatu.

1823an berriz ere bere etxeetara itzuli ondoren, Espainako jesuitek gehienbat ostera 1835an utzi egin behar izan zituzten, erlijio-ordenak barreatu eta Mendizabalek Eleizaren ondasunak desamortizatu zituelako. Baina, oraingo honetan Loiolari, lehen gerra zibilean eta karlisten erregearen mende eta babespean, oso ondo joan zitzaion, eta, hala, ez bakarrik aurrera egin zuen bere bazkun txikiarekin, baina jesuíta askorentzat babesleku izan zen, Espainan eta atzerrietan besteek egin zuten bezala barreitatu beharrean, harresi sendo horien babesera etorri bait ziren eta nobiziatu ugari bat hasi zuten; eta gainera, aldirako bederen, 2.en ikaskintzako sekular ikasleen internatu ugaria ere hartu zuen bere barruan eta azkenean lehen letrak ikasteko externatu bat. Azkenean, ordea, dena galdu zen 1840aren bukaeran Bergarako Besarkaren ondore.

Ondorengo hamabi urteetan 1841-1852, Loiolako bazkuna erbestean bi etxe txikietan bizi izan zen: bata, Nivelles-en (Belgican) zegoen; bestea, Aire sur l'Adour-en, Frantzia egoaldean. Urte horietan Loiolako kapellau eta zain Fray Francisco de Abasolo izan zen, Azpeitiako Agustinoen Priore exklaustratua, lehenbizi Miguel de Mugarza anai lego batek laguntzen zion, eta, legoa hil zenean, Juan Jose Gogorza jesuita anaiak. Garai honetan behin eta berriz saiatu ziren inor ere bizi ez zen Loiolako etxean, erlijio-ordena batzuentzat Itsasoz Handiko Misiolari-Seminario bat jartzen: 1841an Valladolideko Agustinoentzat, 1848an Frantziskotar Deskaltzatuentzat, 1850an Ocañako Dominikuentzat, baina alperrik izan zen.

Azkenik, 1852an eta Sede Santuarekin egindako Konkordatuari esker, bi bide erabili ziren Jesusen Lagundia bere Loiolako Santutegira berriz ere etortzeko: alde batetik Iruñako Gotzaiak, Severo Adriani Jaunak, Gobernuagandik zera iritsi zuen, utzi ziezaiola Loiolan bere diozesiko lau edo sei apaiz exklaustratu jartzen (berak jesuitak aukeratu zituen), «batean bizi eta estudiora dedikatzen direla Euskaldunen misioterako gertu daitezen»; eta bestaldetik Gobernuak, Gipuzkoako Diputazioak eskatu ziolako, Loiolako monumentu-etxea A. Antonio Morey jesulagunen Probintzialari entregatzeko erabakia hartu zuen. Itsasoz bestalderako Misiolari-Kolejio bat jartzeko.

Eta bi urte geroago, 1854an, bazkunak irten egin behar izan bazuen ere eta alde batez Frantzia egoaidera, Hagetmau-ra eta alde batez Palma de Mallorcara aldatu, laister, handik bi urtera (Loiolan kapellau Artola eta Lasurtegi Aitek, Anai bat lagun zirauten bitartean) 1856an berriz ere denak Loiolan bildu ahal izan ziren.

Honekin Loiolarentzat eta Espainako Lagundi osoarentzat hamar urteko aldi bat hasten da (1856-1868) bokazio asko ekarriko dituena eta, erlijio-bizitz osoa eta estudioak egoki egiteko bidea zabalduko duena. Eta aldi honetan -1863anlehengo Probintzi bakarra, «Espaina Probintzia» zeritzana bi probintzi egiten da: «Castilla» eta «Aragoi» probintzi berriak. Baina, zoritxarrez, martxa hori batbatean 68.go «Gloriosa» reboluzioak frenatu zuen eta ondoren berriz ere Lagundiak barreiatu egin behar izan zuen.

Orduan, beste hamabi urte bitartean 1868-1880, Castilla Probintziako nobizio eta ikasle juniore, filosofo eta teologo guziak «Poyanne» deritzan Landas-etako herri txiki bateko «Chateau» eder batek hartu zituen; Poyanne Frantzia egoaldean dago. Eta Espainatik hara bokazio asko zetorrelako eta estudioak eta erlijio bizitza oso serio zeramatelako, ondo esan daiteke, Probintzi gaztea hantxe hazi eta sendotu zela.

Lagundiak, bitartean ez zuen Loiola erabat utzi: hasieran Garciarena eta Goicoechea Aitak, eta geroago, honen orde Aurquía Aita -apaiz soil bezala- Santutegiko kapellau izendatu zituzten; gero, Juan Aristi karmeldar exklaustratu batek hutsaldi bat bete ondoren, azken gerra karlista bitartean 1873tik 1876ra -Probintziako Komandante jeneralak utzi zielako- A. Garciarena bere «Residentzia Azcoitiana» txikiarekin Loiolara aldatu zen, eta, batean, han aurkitzen zen soldadu-hospitalari atenditu zion; azkenik, 1877. urtetik eta diozesiko Gotzai Jaunak nahi izan eta izendatu zituelako, Bi Aita, Legarra eta Alcorta, eta bi Anai, eta haien itzalean beste batzuk gehiago, berriz ere Santutegiko kapellau eta sakristau bezala sartu ziren.

1880an jesulagunak Frantziatik expulsatzean, hemengoek utzi egin behar izan zuten Poyanne, eta Loiolara jo zuten. Segituan lortu zuten hemen jarraitzeko baimena, lehen bezala, Itsasoz bestalderako Misiolari-Seminario bezala egongo ziren.

Orduan bai hasi zela Loiolan formatzen zeuden jesulagunen lehen aldi haundi eta argia -lagun asko, espíritu eta estudioan bikain, eta hori dena Loiola beti izan den Santutegi eta Ejertzizio Etxe edo espiritualdade-zentroaren inguran edo alde-; denbora hori berrogeita hamar urtebetean zehar luzatuko zen, azkenean 2.en Republikak 1932an beste behin barreatu arte eta. formazioetxe haundiek atzerrira joan behar izan zuten.

Loiolako bazkunak -nobizio eta junioreak- ostera ere -aurreko gizaldi erdi aldean bezala-Belgikara jo zuen, «Crampon» zeritzan erlijio-etxe huts batera; etxe hori Tournai inguruan zegoen eta han iraun behar izan zuten sei urte bitartean.

Espainako gerra zibilean, 1936-1939, Loiolan hasieran «San Ignazio» zeritzan gudari-batailoi bat alojatu zen, eta 1937an emakume talde haundi bat, Bilbotik barku batean ihes zihoazela, nazionalen eskuetan eroriak.

Baina, 1937,go ekainean Azpeitian eta Azkoitian barreatuak bizi izandako Aita eta Anaiak Loiolara elkarrekin bizitzera pasa ziren. Eta urte horretan bertan Irailean, Belgikako erbest-lekua utzi eta, nobizioak, ez «Castilla» Probintziakoak bakarrik, baino bai eta «Toledo» Probintziakoak ere, aldirako Loiolara etorri ziren.

Eta 1938.go Agostuan, Tournaiko juniore-taldeak, Marneffen filosofo eta teologoekin batean hiru hilabete edo pasa ondoren, Belgikatik Loiolara etorrri ahal izan zuen. Orduan Loiolarentzat bere bigarren aldi haundi eta argia hasi zen, gerra ondoan erlijioa berriz ere biztu eta bokazioak ugaritu zirenean.

Aldi honen hasieran, bokazioak horren ugaritu ziren, 1948.go azaroan, lehengo monumentu-etxearen ondoan, beste konstrukzio berri bat inauguratu zen, jesulagun ikasleak alojatzeko; lehenbizi hamar urtean junioreak, gero beste hamar urtean filosofoak.

Geroago, 65. urte inguruan nabaritzen hasitako bokazio-krisialditik, eta gure gazteak formatzeko bide berriak sartu direnez gero, Loilako bazkunean gazte gutxiago ikusten da, baina bestalde 1948ko konstrukzio berria Ejertzizio-Etxe edo Espirtualdade-Zentro bihurtu da eta han mugimendu haundia ikusten da, eta gainera 1980tik 1987ra Santutegian bokazioak lortzeko internatu txiki bat egon da; hauek urte horietan Azpeitiako kolejio batean batxileratua ikasten aritu dira.

Halaber, 1970. urtetik Santutegiaren ezker egoaren zati haundian, «ikastola» bat externatu bezala jartzen utzi zen, eta ikastola horretan Azpeitia eta haren inguruko neska-mutil asko eta asko ibili da batxileratua ikasten 1990. urte arte.