Loiolako San Inazioren Basilikaren lektura

HASIERAAURKIBIDEA

Loiolako San Inazioren Basilikaren lektura

José Ramón Eguillor, S.I.

Loiolako basilikaren San Inazioren zentzua ia oso osorik ateaurrean daukagu:

Zisku nagusian, eleizara sartzeko ate gainean, hantxe dago San Inazio, liturji-apaiz ornamentuez jantzia. Haren ondoan, beste lau Santuak -San Frantzisko Xabier, San Francisco de Borja, San Estanislao de Kostka eta San Luis Gonzaga- heuren ziskuetan, denak Arabako Salbatierrako harri zurian landuak. Jesusen lagundiko lehen bost Santuak dira eta Fundadorea eta haren obra iruditzen dute.

San Inazioren albo bietan, bi serafin txiki eta polit, tinpano hautsi baten kondar gainean eserita; horiek jarri zizkioten aztertzeko Santanderko Miguel del Mazo irudigileari, Santuen irudiak egiten ari zen Italiako Cayetano Pace hiltzean, haren ondorengo izan nahi zuenari.

Santuaren ezker aldekoak bere eskuez arros-koroe bati eusten dio, eta koroe erdian, Jesus izenaren anagrama: IHS dago idatzia.

Haren eskubi aldekoak bere eskuez ere zuzi biztu bat jasotzen du, eta horrek hiru zentzu, antzekoak bada ere, ezberdin eduki ditzake. Lehena zera, batzutan Ignazio izenarekin jokatu dela, latineko -ignis, su- hitzetik baletor eta su biztua esan nahiko balu bezala. Bigarrena zera, San Ignazio, sendatzen zihoan bitartean eta Kristoren Bizitza eta aren Santuena irakurtzean, Jesusen maitasunaz biztu zela. Eta hirugarrena zera, San Ignaziok Jesusen programa: sua ekartzera etorri naiz lurrera, eta zer nahiko dut erretzea baizik, bere programa egin zuela.

Hiru zentzu horiek batera datoz, hau da, San Inaziok Jesukristo guziz maite zuela, haren salbatzeko proiektua bere programa egin zuela eta, lan bakarrik ez egiteko eta efikazago eta zabalago aritzeko, gorputz bat osatu zuela, eta hari bere espiritua sartu ziola. Eta den hori Jainkoaren aintza haundienerako; ikur-hitz hori irakurtzen da, matelhaundi batek, Santuaren oinetan, bere sorbalda gainean daukan eta Santuak bere eskuez eusten dion liburuan.

Elementu hauek berriz agertzen dira eleiz barruan eta haunditu edo osatu egiten dira. Sar gaitezen barrara, eta jar ditzagun gure begiak batez ere aldare nagusian; Ignacio de Ibero Maisuak diseinatu eta dirijitu zuen; han daude har-nabar aberatsak -Carrarako zuriak, Genovako urdinak eta Loiola inguruko mendietako gorriak-, eta haren oso ondo egindako inkrustazioen ederrean eta haien marren politean gehiegi gelditu gabe, irakur dezagun bere Inazioren espiritu-zentzua:

Goian, erdian, IHS urreztu bat, San Inazioren pentsamentua adierazten.

Haren azpian, zisku nagusian, San Inazioren zilarrezko irudi haundia, bere barroko-mugimenduaren dinamismo osoarekin, bihurtu egiten da, bere eskubiko hatz erakusleak, bere ezkerrak eusten dion libura irikian irakurtzen den Ad Maiorem Dei Gloriam seinalatzeko; Jainkoaren aintza hori aldare osoaren gorenean adierazten da marmol zuriz egindako teofania bikain eta ederrean:

Jainko Aita odeien gainean doa: ezker eskuan agindu-makil bat darama eta mundua sortzen du, eta haren eskuinak bere Semea seinalatzen du; Semea odei gainean eseria dago eta haren ezkerrak gurutzeari eusten dio; bien artean Espiritu Santua uso itxuran.

Atzean, saihetsetan eta tarteka, odei-zati tartean buru txiki egotuez insinuatua, aingeru-gorte osoa zabaltzen da, aintzindari zera ejertzituko bi printze doazkie: eskuinean Mikel Santua suzko ezpatakin, eta ezkerrean Gabriel Santua bere eskuetan gaztelu bat daramala, biak aulki txikietan heuren sapaiekin.

Lehen lerroan, aldare-erlatzetan eseriak, lau aingeru musiko heuren arrabitekin. Eta neurri haundiagoko apaingarri hutsezko figurak bezala, oraindik ere aurrerago eta arku hautsi baten pusketan etzanak, bi Birtute: Sinismena eskuan Eukaristia duela, eta Itxaropena aingura batekin.

San Inazioren Kristo-Zentzua aldare behe aldean gehiago adierazten da:

Lehenbizi, bankoan eta IHS anagrama txikian berriz jarriaren ondoan, Jesusen Bihotz bakar (exentu) eta txiki bat ere. Jesukristogan Bihotzak maitasuna guziz sakon adierazten du, eta maitasun horretara iritsi nahi du eta eraman nahi gaitu San Inaziok bere Ejertzizioetan. Gainera, ez da ahaztu behar aldare hau 1750. urte inguruan egiten zela eta orduan Loiolako bazkun kide bat Agustín de Cardaveraz zela, Jesusen Bihotzaren lehen ikusle eta haren kultuaren lehen apostolu Espainan; dudarik gabe haren influjoari egotzi behar zaizkio Loiolan aurkitzen ditugun Bihotz horren irudi batzuk.

Eta Jesusen eta haren Bihotzaren ondoan, ez zuen ez-egon behar San Inazioren espiritualdadean Ama Birjinak, haren bizitzan Loiolan bihurtu zenetik egon zen bezala. Horregatik, Jesusen izen eta Bihotzaren parean, bankoaren beste aldean, Mariaren izenaren anagrama eta Mariaren Bihotza aurkitzen ditugu. Eta gainera -sagrario gaineko eleizatxoa Ama Birjinaren irudi txiki batentzat egin zela kontuan hartu gabe- ezker alboko bigarren aldarean orain dela gutxi «Virgen del Patrocinio»ren irudi ausart eta batean printzela, bere makil-ikurrarekin eskuan, Luis Salvador Carmonaren lana.

Eta -aldare nagusira itzulirik- Ama Birjina ez dago bakarrik, aldarearen alboko ziskuetan beste bi irudi aurkitzen bai dira: eskuinean, San Jose, haren senarra, eta ezkerrean San Joakin, haren aita. Irudi bi hauek Deban 1725an abagune on bat egokitu zelako adkiritu ziren, baina gero oso ondo etorri ziren Mariaren trilojia hori osatzeko.

Badago Loiolako basilikan haren San Inazioren zentzua osatzeko beste adierazgai beharrezko bat: Eleiz-zentzua da, hau da, San Inaziok Kristorekin batean Jainkoaren Aintzarik Haundiena bilatzean, bere burua eta bere Lagundia Eleiza serbitzeko jarri zituen. Ikuslearentzat aspektu hau urruti eta izkutu samar gelditzen da, eta horregatik hain zuzen agertu eta explikatu beharra dago:

Eleizaren bigarren gorputz edo danborra, urruti samar eta lehen barandak galerazten duelako ikusten ez dena, zirku-zokalo haundi batez hasten da. Aldare nagusiaren ondoren, eleizaren barroko-dekorazio osoaren gauzik onena eta aberatsena da, eta guda gaiak dakartza (guda-oihalak, turutak, kañoiak, panopliak...), barrokoari oso ondo doazkonak eta hemen San Inazioren gudaldira, lehen mundukora, gero espiritukora ondo ekarritakoak. Horregatik, koro gain aldean Inigo soldaduaren busto bat dago, eta aldare nagusi gainean Inazio Santuaren izaera ondo agertzen duen beste busto eder bat.

Honek bere eskuez marmolezko oihal bati eusten dio; oihal horretan IHS izena urrez idatzia dago: zera iruditzen du -sinbolismoarekin jarraituz- San Inazio Jesusen Lagundiarekin Eleiza serbitzen, bai bakean bai gudan. Eleiza, bakean, Santuaren eskuin aldean zerak iruditzen du: gurutzeak, kustodiak, kaliz eta intzentsu-ontzi batek; eta bere ezkerrean, guda, sinbolo hauez adierazten da: San Inaziok eusten dion IHS izenetik su antzeko tximista bat irtetzen da eta Lutero da-goen agarria lurrera botatzen du (Lutero fraile jantzia dago, gezur-profetaren bi adarrekin eta, lepoko, bere buztanari kosk egiten dion suge gorri bat -heresiaren irudi- duela); agarria hautsi eta Lutero lurrera ondoren, tximistak aurrera jotzen du zeharka -hala iruditu ohi da- eta aiztaga-puntaz bost buruko -bost heresiko- piztitzar edo ur-suge haundia sabelean zauritzen du eta lurrean hil zorian uzten. Hauek dira Inaziori doazkon elementuak Loiolan; hauek osaturik edo han eta hemen behin eta berriz jarririk, haren espiritu-izaeraren antza ematen diote.

Ataurreko bost irudietatik, barruan hiru berriz jartzen dira: San Inaziorena, Borjako San Frantziskorena eta Xabierko Frantzisko; hauei bi jesuita santuen irudi erantsi zaizkie: Alonso Rodríguez Santuarena eta Pedro Claver Santuarena.

Jesus eta Mariaren anagramak behin eta berriz agertzen dira bai barruan bai kanpuan, hala adibidez, haize-orratz nagusian, ataurreko alboko arkuen gaineko bi armarrietan, ate nagusian, linterna barne gorenean...

Jesusen eta Mariaren bihotzei gagozkiela, Jesusenak bere aldarea du, eskuin alboko bigarrena, gorputz osoko irudi eder batekin: irudi hori Felix Granda Jaunaren lan-tokian landu zen; eta bihotz soilak (exentuak) alboko dorreetako haizeorratzetan bir-ikusten dira; Jesusenak berezi zurlanduko irudi eder-eder bat -IHSkin batean- sarrerako ate tarte goian.

Barruko zortzi arkuen gainean zortzi urretutako armarri daude: erdiko gurutzea eratzen duten lauretan letra hauek A(d) M(aiorem) D(ei) G(loriam) daude idatzita; eta beste lau txikiagoetan VI-VA JE-SUS silabak.

Azkenik, zokaloko guda-sinbolo elementuak, urte batzuk geroago, erlijio-elementuekin batera, aldare nagusia printzel dekoratzeko elementuak izatera heldu ziren.

Naranja erdiaren zortzi irudi zuri haundiek -aldare nagusiko biek bezala- birtuteak iruditzen dituzte (3 teologalak, 4 kardinalak, eta Erlijioa, haiek Ripak klasiko definitu zituen bezala), eta armarriak, etxeaurreko frontiskoa bezala (V. Feliperena, alda batzuekin), apaingai huts besterik ez direla uste dut -lehenengoa erlijiosua, eta bigarrena historikoa- Eleizak duen Inazioren zentzurik gabeak.