Urte askotan Loiolako Errege-Kolejioaren administradore izandako A. Francisco Anduagari eskutitz asko idatzi zioten eta eskutitz sorta hori Arkibuan aurkitzen da. Horien artean Francisco de Iberoren interesko karta batzuk agertu dira (LHA, 2-3), eta hemen aurkeztu nahi ditut. Eta gainera beste bat erantsiko dut Temporalidades liburuan kopiatua aurkitzen dena: Diligencias practicadas en la extrañación de la Compañía de Jesús Carlos III.ak 1767an (LHA, 2-5, 176. f.).
1a. Lehenak bi zati ditu, eta bietan 1761an Iberori, Anduagak eskuartzen zuela, egindako diruprestamuaz ari da.
Gasteizko Juan Crisostomo de Porres Aitak, Anai Anduagari zera eskatzen dio «gure Maisu eta Lagun Francisco de Iberori entrega diezaizkiola -Porres-en kontura- belloiezko seirehun errial. Iberok ertzean zera erasten du: «Hartu nituen belloiezko seirehun errialak. Franco, de Ibero».
Eskutitz horren paperean bertan, idatz gabeko leku zurian, Iberok beste egun batean A. Anduagarentzat txartel hau idazten du: «Ene Prokuradore Aita: Kolejio honetara etorri naizenean, zera jakin erazi didate, berori Echarreta aldera irten zela (Echarreta hau Loiola ondoko baserria da, Santutegiarena zen), eta berorrekin gaur ikusteko aukerarik ere izan ez dudalako, hemen erregu hau jarri beharra daukat; eta zera da, Gasteizen ehun pesuko diruaren beharra izan dut eta Antonio Bueno Jaunari (Gasteizen jesuiten Prokuradoreari) kendu dizkiot, berorri beste hainbeste ematekotan, eta estimatuko dut segituan abonatzen badizkio eta nere kontuan kargatzen baditu. Beti berorrena Franco, de Ibero».
2a eta 3a. Bigarren eta hirugarren eskutitzak aitaren heriotzaz ari dira (aita 1766.go ekainaren 30an hil zen) eta haren ondoren Loiolako obraren Maisu izateko duen pretentsioa azaltzen du; haren ezkon-anaia Xavier de Echeverriak kargu hori bera iritsi nahi zuen.
2a ekainaren 20koa da: «Nere jaun eta jabe: nere aita azkeneko gaitzetik sendatzen zihoalako oso pozik aurkitzen nintzenean, oso berri triste eta negargarriak jaso ditut, ikaratzeko halakoak, eta badirudi ez dela haiei aurka egiteko gauza izango. Berri txar horiek, hatsekabe eta sentimendu haundiz, berorri hau esatera eragiten didate, hura gabean, Errege-Kolejio horretan Maisu bezala lan egiteko gogoa sentitzen dudala, nere Aitak izan duen jornal berarekin (A. Probintzialak azken bisitan hari begira jarritako klausulak gordetzen zaizkidala), nere jaiotzak sortzen didan gogoak, joerak eta maitasunak obra guzi horiek ondo bukatuak ikustera eragiten bai dit, eta arrazoi horretxegatik eta gainera nere sendi eta herritik at nabilela hamabost urte badelako, gehienbat nere herrira erretiratzeko gogoarekin aurkitzen naiz; horregatik zera eskatzen diot biziro berorri, baiezko erantzuna izango litzatekeela irudituko balitzaio, jakin erazi diezaiola hau A. Erretoreari, baina inolaz ere ez, A. Erretorearen eta gainontzeko Aiten asmoak nere ezkon-anaia Xavier de Echeverria-ren aldekoak badira, hark Aita gabean kargua har dezan, nere gogo eta asmoak ez bai dira hari kalterik batere egitera zuzentzen, anaia bezala laguntzera baizik.
Osasun onez badago berori poztuko naiz eta Jaunak bere zorionean gorde dezala berori urte askotan.
Donostian, ekainak 20, 1766.
Zure morroi honek zure eskuari muin.
Franco de Ibero.
Nere Aita Francisco de Anduaga.»
3a agostuko 11koa da: «Ene Jauna: Nere ezkon-anai Echeverriak joandako hileko 30ko eskutitzan, Errege-Kolejio horretako nere Aita defuntuaren ondorengo Obren Maisu gelditzeko suerte ona erori zaiola jakin erazten dit, eta berri hori ematen didanean, ez dut dudarik egiten segura edukiko duenik, baina hala ere, konfiantzan berorengana jotzen dut eta zera eskatzen diot, esan diezadala faborez gauza hori zertan dagoen, izan ere A. Probintzial agurgarriak, joandako hilaren 8an Montforten idatzitako eskutitzan, nere Aita defuntua hil baino egun batzuk lehenago idatzi nionari erantzutean, oso esker ona agertzen dit nik egindako pretentsioagatik eta zera esaten dit (bere aldetik behintzat) ni edo Echeverría geldituko garela delako Aita defuntuaren ondorengo, eta Kolejio horretatik informatu arte ez zela ezer mugituko iruditzen zitzaidanez gero, berorren kartagatik zera ikusten bai nuen, hura Kolejio horrekin fiatzen dela, baino A. Probintzialagana jo behar zela, Errege-Kolejio horretako bisitan nere Aitari egindako mesedeak ni ere hartu behar ninduenez erabakitzeko; horregatik, nere Aita hil eta handik egun gutxi barrara berriz idatzi nion A. Probintzialari eta berorren karta bidaltzen nion, eta zera esaten, ez nuela beste inor baino gehiago batere interesatu nahi, eta erabaki zezala Hilean hiru edo lau egun libre nituela edo hori gabe, obra horietan Aitaren ondorengo sartu ahal izango al nintzen ala ez, eta erantzunaren zai gelditzen nintzela, berorri eta, berorren bidez, A. Ereretoreari jakin arazteko, baina ez dut erantzun hori jaso, honez gero etorri behar bazuen ere; hortik zera pentsatzen dut, gomendazio batzuen bidez (nik ez bai diot batere egin) A. Probintziala Echeverriaren aldera makurtu dela, bati dira asko kostako ez zaizkion gomendazioei kaso egiteko beste ardurarik gabe, hala ibili bait ziren batzuek tarteko lana egiten, Aitak bere nahi osoaren aurka Echeverría ezkondu ondoren bere etxean har zezan, eta ez da mirestekoa orain horren urrutitik proiektutakoa lortu badute, nere Aitak eduki edo eduki ahal izan duen ia dena gastatu ondoren, eta hala ere, ez ziren faltako serbitzu haundiaren lore sorta konpositu dutenak. Buka dezagun, agindu beza berorrek serbitu nahi bait dut, eta gure Jainkoak gorde dezala berori urte askotan. Donostia, agostuak 11, 1766.
(Ertzean hau erasten du). Ez nuke gauza hauez munduak par egiterik nahi, eta horregatik zera eskatzen diot berorri, ez dezala karta honek dakarrena zabaldu, A. Erretoreari eta berorren konfiantzako beste Aitei baizik.
Zure eskuari muin zure morroi leial honek
Franco de Ibero
Nere Aita Franco de Anduaga.»
Eskutitz hauen lekturak kontsiderazio bat baino gehiago sortzen du:
Lehena, Francisco eta jesuiten arteko harremanak oso onak eta oso konfiantzakoak zirela; hala ere, ez ziren nahikoak izan haren gogoak -Loiolan bere aitaren ondorengo izateko-onartzeko, eta Echeverria baino nahiago izateko; ba ote zegoen zeredozer tartean?
Bigarrena, Franciscok Loiola alderako adierazten duen gogo onak seme galduaren konbertsio-antza duela, galdu zuena min duenaren eta Loiolatik at aurkitu duen zoriarekin oso pozik aurkitzen ez denaren itxura.
Hirugarrena, Franciscok ez duela diru-interesa izkutatzen, lehen unetik ez bai du Maisuak jaso ohi duen jornala bakarrik eskatzen, baina bai eta A. Probintzialak haren aitari, urte askotan lan egin zuelako, emandako ohiezlako irabaziak ere, Franciscok horretarako artean meriturik izan ez-eta.
Eta laugarrena, hasieran alderantzia esaten bada ere, gero oso garbi azaltzen da Franciscoren eta bere ezkon-anai Echeverriaren artean zegoen lehia, ez oraingoa batikbat, Echeverría ezkontzean hau nahiago izan bait zuen aitak bere etxean harekin bizitzeko; horregatik -susmariegiak izan nahi gabe- batek zera pentsatzen du: Aitak ere ba ote zuen bere seme Franciscoren aurka zerbait? eta hori, noiztik?
4a Temporalidades liburutik kopiatutako eskutitza 1767.go uztailaren 30koa da eta han bi diru kopuru reklamatzen ditu -bata berea eta bestea bere aita defuntuarena-, Loiolako Kolejioan aurkitutako diru guzien expolioan, Gipuzkoako Korrejidoreak Erregearen izenean konfiskatu eta inbentariatu zituela aurkitzen baita. Honela dio:
»Eskutitz honen bidez, nik, Francisco de Iberok, (Azpeitia) herri honetako auzoak, zera Diot, Loiolako Errege-Kolejioan, depositu gisan, nereak bakarrik ziren belloiezko hamabost mila errial neuzkala, eta, haiek, entzun dudanez, orain dela gutxi egindako Errege-Kolejio horren efektuen inbentarioan sartu direla. Eta berebat, Ignacio de Ibero nere Aita defuntuak, Errege-Kolejio horren Maisu haundiak, sueldo edo jornal kunplituetan hamazapi mila eta hirurehun eta larogeita bi Er, eta hiru mr. zeuzkala kontu ajustatuan bere alde, Errege-Kolejio horren liburuetan agertzen denez, han jartzen duenari nagokio. Horregatik. nerez eta nere anai Xabier Ibero apaizak eta Xavier Ignacio de Echeverría nere ezkon-anaiak, eskubide-agiri honetan eta horren indarpean egin eta ejekutako litzatekeena ontzat edukiko dutela forman hitz eta kaudimen eman ondoren: Miguel Antonio Sasiaini, Gipuzkoa Probintzi honetako Korrejimenduko Prokuradoreari, legez exijitzen eta behar den eskubide osoa eta berezia ematen diot, nere izenean eta nere ordez eta esandako nere anai eta ezkon-anaiaren ordez, zera eska dezan, entregatzeko neri nere hamabost mila Errialak, bai eta nere Aitaren ondareari dagozkion belloiezko hamazapzi mila eta hirurehun eta larogeita bi Er. eta hiru marabediak ere.»
Protokolo-formulez beteriko orri bat dator ondoren, Sasian-i eskubide emanez, eta azkenean bere firma signatzen du «Franco, de Ibero. Nere aurrean, Joseph de Ansotegui (idazkaria)».
Ondoren Sasiain-en ejekuzioa dator, suma bakoitzagatik berezi eske formal eta duplea egiten du. Bigarren diruaren esketik -Franciscoren diruari zegokionetik hain zuzen- interesko parrafo bat atera nahi dugu; Loiolako Kolejioan bere dirua ze kondiziotan -oso eskuzabal benetan- depositatu zuen azaltzen du:
»Zera diot, orain dela urte batzuk nere partea Loiolako Errege-Kolejioari eta bere Prokuradoreari, Belloiezko hamabost mila errial depositu gisan, kondizio eta egoera honetan, entregatu nizkiola, diru hura Kolejioak Seminarioko obretan (konstrukzioaren ezker egoan) lanean ari ziren ofizialei ordaintzeko edo beste beharrezko gastuk estaltzeko behar izaten zuen bakoitzean, erabil ahal zezan, eta esandakorako behar ez zuenean, deposituan eduki eta kontserbatu behar zezala, nere partea eskatu arte, eta hori hala agertzen da Kolejio horren liburuetako asientotan, hori ulertzen da nere partea han aurkitzen dela deposituan eta neri dagokidan partearen oharra daramala» (173. f.).
Eta halaxe zen izan ere, Tenporalidades liburuan Diligencias Practicadas..., Erretorearen gelan, arrapazka, lehen asalto- eta apresamentuegunean, apirilaren 3an, egindako lehen azter-inbentarioan (17. f.), gauza hauek aurkitzen direla esaten da:
»Beste boltsan urrezko hamabost mila eta bederatzirehun eta berrogita hamar Errial eta hamabi marabedi; Erretore eta Porkuradoreak Ignacio de Ibero defuntuaren ondareari zegozkiola aseguratu zuten eta deposituan aurkitzen zirela, eta boltsa hartan bertan paper idatzi bat aurkitu zen, eta ohar hau zekarren, dirua esandako ondarearena zela...
Beste boltsan urretan belloiezko hamabost mila Errial aurkitu ziren eta paper bat; paperak zera esaten zuen, diru hura Francisco de Iberorena zela, eta Aita haiek deposituan zeukatela aseguratu zuten».
Bigarren azter-inbentarioan, bi egun geroago, 5aren arratsaldean, astiroago egindakoan (46v -48r f.), diru hori bera agertzen da, sos motak berezten direla; haiek ere -Kolejioko gainontzeko diruarekin- Juan Bta. Landa idazkariak Azpeitiara eraman zituen eta bere etxean gorde.
Azkenik, hirugarren zenbaketan, Azpeitian, Korrejidore-etxean, apirilaren 19an egindakoan, diru bera agertzen da berriz; haiek pesatu eta dagokion deskontua egin ondoren, honetara gutxitu ziren: Ignaziorena, belloiezko 15.939 Er. eta 22 marabedira, eta Franciscorena 14.981 Er. eta 22 marabedira.
Zera supos daiteke, Franciscoren izenean Sasiainek egindako exijentzia adituko zutela.