Azpeitiako Ibero maisuak Loiolako Santutegia eraikitzen

HASIERAAURKIBIDEA

Francisco de Iberoren currículum vitae

Loiolako liburuetan Francisco de Iberori buruz agertzen den lehen datua oso bitxia da. 1740. urte azken aldera gaude, Franciscok 15 urte ditu. Eta horra, liburuaren ezker ertzean (CB -4, 120. f.), izenburu eta laburpen bezala, hau anotatzen da: «Sakristia-mutil» (Loiolan orduan garbitzeko eta Etxe Santuko mezak laguntzeko mutil batzuk zeuden), eta orri barruan zera zehazten da: «Item tripe beltzezko (balusaren antzeko oihala) galtza batzugatik 30 Er. Pachi Iberorentzat».

1744-1747 urteetan Borradores liburuan A. Erretore eta langileen arteko mezulari bezala agertzen da, v. g.: jornalak ordaintzeko, eta Loiolaren eta kanpoko beste obren arteko v. g.: baseleiz, gurutze-toki eta Errezil arteko mezulari, material batzuek, burni-haria eta berun-hautsa esate baterako haiei eskuratzeko.

Baina 1746. urtetik aurrera Loiolako obran jornaleko langile bezala zenbatzen da. Eta hark jasotzen zuen jornalaz, ohar batzuk egin behar dira:

1a Pachiren jornala beti beste guzien jornaletik aparte agertzen dela, eta horrek begirune berezia esan nahi du (Bere aitaren semea zelako?).

Hasieratik dagoeneko eta lehen hiru urte bitartean haren jornala 6 errialekoa da, argin-mutilena eta are zizelkari arruntena baino haundiagoa (Lanerako besteak baino gehiago edo iaioago zela agertzen ote zuen?)

3a 1749tik 1752ra arte haren jornala azkar igotzen dela: 1749an, 7 Er.; 1750an, 7 1/2 Er.; 1751an, 8 Er.; 1752an, 10 Er., eta jornal horretan (oraindik ere Aparejadorearen jornala -12 Er.-baino txikiagoan) iraungo du bere azken urte arte, 1755. arte, Loiolako obran. (Bere aitaren izen onak zer ikusirik ba ote zuen igoera horretan? Haren iaioa eta lana haundiagoa ote zen? Besteak baino gehiago exijitzen eta behartzen ote zuen? Azkeneko urteetan zera dirudi, haren aspirazioek goia jo dutela eta ez daukala goi hori hausteko itxaropenik eta horregatik Loiolatik at beste bide bat bilatzeko erabakia hartzen duela).

4a Egiaz Pachik Loiolan egiten duen bidean gauza jakingarri bat gertatzen da: lehenengo urteetan obran egunero egiten duela lan, eta gero hirutik behin eta gutxiagoan, 1756an haren izena kontu-liburutik izkutatu arte. Berak 1766an idatzitako -eta beherago jarriko dudan- eskutitz batean, zera esango digu: «Bada 15 urte nere sendi eta herritik at nabilela». Zer-nola batzugatik pixkabat exajera eta numerua borobildu egiten duela onarturik ere, 1751tik zera ikusten da, Francisco Loiolatik at gehiago zegoela Loiolan baino, eta jornala egun haietatik, hain zuzen ere, ohiezla igotzeak zera esanahiko du, ez Franciscoren exijentzia bakarrik, baina bai eta Aiten ahalegina ere hari Loiolan eusteko.