Ignacio de Iberoren eta haren seme Franciscoren bide-pausoak zein izan diren argitzeko, batez ere Loiolako obraren fabrika-liburuak miatzen aritu naiz; liburu horiek Loiolako Histori-Arkibuan aurkitzen dira, 2. estante, 3. pluteo (LHA, 2-3) eta haien izenburuak hauek: Cuentas de Particulares 1,2 y 3 (PC 1,2 y 3); Cuentas Borradores 1,2,3, 4, 5, y 6 (BC 1,2,3,4, 5 y 6); eta Libro de Fábrica 1702-1736 (FL).
Labur zera esan daiteke, Ignazioren bizitza osoro eta bakar Loiolari konsekratua izan zela; Franciscok, berriz, Loiolan bere aritzeko lehen lan-lekua besterik ez zuen aurkitu.
Eta beste ezer baino lehen, Ignazioren jaiotegunaz, liburuetan behin eta berriz zera esan da (nor izan ote zen lehen esan zuena?), 1684an jaio zela. Horrek ondore batzuk zerkartzan, haren lanaren zentzua, bai hasieran, bai batez ere haren bizitz azkenean, epaitzeko. Horregatik sorpres haundia hartu nuen eta dena garbi gelditu zen, Ignazioren jaiotzaren mendeurrena oker 1984an ospatzeko gaia aztertzen hasi nintzenean, ez 1684an, baina 1694an jaio zela aurkitu nuenean. Eta datu hau izan zen: Loiolan 1730an frantzes zilargin Daniel Gutierrez-ek (Gouthier-eren izen gaztelatuak, sorpres berriak) egindako testamentuan, Ignazio de Ibero lekuko izan zen eta zera aitortu zuen, «hogeita hamasei urte zituela» (LHA, 2-2 Testamentos, 9. z.), eta datu hau gero bataioagiriak sendotu egin du.
Ignazio lehenbizi Loiolan lan egiten 1717.go abenduaren 29an agertzen da. Oso esanahiko eguna da, obra-zatirik haundiena, 1704. urtetik -Suzesio Gerragatik errege-juroen errentak, fundaziodiru kopururik haundienak, rekisatu zituztenean-etena gelditu bait zen, eta 1717. urte horretan, hain zuzen ere, Fabrika Liburuak zera konsignatzen du: «Ekainaren lehen egunetik eleizaren obra jarraitzen hasiko da» (FL, 147. f.): hala, Ignazio garrantziko une hartan beste langile askoren artean kontrataturiko bat izan zen. Orduan 23 urtebete zituen, eta borra-liburuko hitzek beste langile batekin konkurtso batean ari zela ematen dute: «Asteazkena, 1717, abenduak 29, goizean Ibero ziskua ixteko harria lantzen hasi da (dudarik gabe San Inazioren irudiarentzat eleizaren ate nagusi gainerako). Eta bere parekoa Sagastume 1718,go urtarrilaren 4an, arratsaldeko 3 1/2 hasi zen lantzen. Baina, harrobian 2 harri horiek argaintzen 8 ofizial aritu ziren» (BC 3, 134 eta 43). Bai Sagastumeri bai Ignaziori lehen lau urte horietan «argin» izena ematen zaie (CP 2, 134 eta 43 f.).
Hasieran ezkongabe agertzen da eta behin edo behin haren «ama» aitatzen da. Baina, egun batean -1720.go ekainaren 9 eta agostuaren 11 bitartean- administradoreak zera anotatzen du, Iberok «ezkondutako egunean eman nizkion 7 er. eta erdi zor ditu», 26 urte zituela ezkondutako egunean (CP 2, 147 f.). Hortik aurrera behin baino gehiagotan aitatuko da «haren emaztea» eta geroago haren seme-alabak ere bai: Xavier, Villagarcía de Campos-era jesuitekin ikastera bidaliko duena (CP 3, 57v., 213, 110 eta 111v f.) eta apaiz izango dena; Francisco, geroagoko Arkitektu Maisua eta Loiolako liburuetan Pachi deitu ohi zaiona; eta haren alaba bat Ignacio Xavier Echeverriarekin ezkondua, hura hil ondoren obran haren orde jarraituko duena.
1721. urtetik ez zaio gehiago «argin» deitzen, «zizelkari» baizik (LF, 168. f.) eta dagokion jornala, 5 errial, kobratzen hasten da; gehiago oraindik, ordutik horren estimatzen zuten haren lana, ohiezlako sariak ematen zizkioten, eta esker oneko hitzak ere adieraziz:
Urte hartan bertan: «720 Er. Ignazio de Ibero zizelkariari emanak, esker onez saritzeko (lan egindako egun bakoitzagatik 5 Er. ordainduz gainera), eta hori urte bategatik, 1721.go agostuaren 6tik 1722.go agostuaren 6arte» (FL, 177. f.).
Horrela konsignatu zuten kontu-liburuan garbi, borragaiko lehen formula oraindik ere biziagoa bazen ere; «Ignazio de Iberori, zizelkariari, delako (Agostu hileko) 9an entregatutako 720 Er., urtebete honetan esker on hori zor zaiola kontsideratuz, lan egindako egun bakoitzagatik 5 Er. jornala baizik eramaten ez duelako» (BC 3, 48v f.).
Gauza bera gertatzen da hurrengo bi urteetan 1723 (FL, 190. f.) eta 1724an (FL, 202. f.), baina pixka bat geroago 1724. urte horretan bertan zizelkari bezala lantzen badu ere, obraren Aparejadore izatera igotzen da. Horrela esaten da 1725.go azaro-abenduko kontuetan: «2.150 3/4 Er. Ignacio de Ibero Aparejadorearen jornalak, 307 egun eta 1/4 lan egin duelako, 1724.go azarearen lehen egunetik 1725.go abenduaren 23 arte, 7 Er. eguneko, beste 5 Er. eguneko ordaindu zaionaz gainera denbora horretan, aurreko hilabeteetan kargatuak daudenak» (FL, 210. f.).
Kargu horretan eta 12 Er. jornal horrekin jarraituko du bederatzi urte bitartean 1733.go abendura arte; orduan, Sebastian Lecuna Maisua hiltzean, Iberok jarraitzen dio obraren goren karuan. Baina, ez ditzagun gauzak behar baino lehen ekarri eta, aurrera jarraitu baino lehen, kontsidera dezagun astiro lehen hamasei urte horietan, aurrena argin bezala eta, batez ere gero, zizelkari eta aparejadore bezala, egin zuen lana.
Etenaldiaren ondoren eleiza berriz ere eraikitzen hasi eta Ignacio han 1717an lan egitera sartu zenean, zutarriak eraikiak zeuden; haien gainean bermatu behar zuten eleizaren zortzi arkuek eta atrioko hiruek; eta alde batetik, Carlo Fontanak Erroman Loiolako Kolejiorako marratutako planuak mugagabe samarrak izango zirelako eta, bestetik, arkuen konstrukzioak -zirku perfektua zelako eta, horregatik, kurboak eta abanikoan zabalduak izan behar zutelako- oso problema zaila supositzen zuenez gero, lehen lanak astiro eta zalantzatsu eginak izan ziren. Hasieran Sebastian Arkitektu-Maisu berria «hilabete baino gehiagoan Eleizaren arkuen monteak egiten, moldeak ebakitzen eta arkuak eta beste gauzak marratzen» agertzen da (FL, 146. f.); gero hitzezko kontsultak etorri ziren, hala v.gr. Loiolako lehengo Maisu Martin de Zalduari, sasoi hartan Lequeitioko jesuiten kolejioaren konstrukzioa dirijitzen zuenari, eta Lazaro de Laincera Argin Maisuari (FL, 130. f.), baino bai eta idatzizko kontsultak ere, hala v.gr. Pedro Martínez benediktuari, Burgosko Katedralaren kargu zuenari (Documentos Históricos de Loyola Señorial y Religiosa, 52. z, LHA, 1-4); azkenean Superioreek Joaquín de Churrigera Jauna bere ekipoarekin Salamancatik ekartzeko erabakia hartu zuten, eta hark Lecuna eta Zalduarekin kontsultan eta 1720.go apirilan Loiolan egondako zazpi egunetan kontsultako hiru problemei soluzioa eman zien: arkuak, arkuen ondoko bobedak, eta arkuei doazkien apaingarriak. Harrezkero -Burgostik A. Probintzialak zioenez- «susto gabe lanegingo da» eta obrak aurrera laister samar egin zuen (gauza guzi hau zehatzago jakiteko ikus bedi nere lana Intervención de Joaquín de Churriguera en la construcción de la Basílica de Loyola R.S.B.A.P.aren Boletinean, 1977, 441-450 or.).
Zera atera daiteke, Loiolatik urte hauetan harri zizelkari aldiko edo ez hain aldiko asko samar pasa baziren ere, Ignacio de Ibero «Loiolako zizelkaria» izan zela eta, horregatik, dirudienez, hari ezarri behar zaiola eleizaren apaingai haundien eta ederrena: arkuak, lehen gorputzeko erlaizpea, zokalo miresgarria, danborraren leiho eta zutarriak, dorreak eta naranja erdiaren zatirik haundiena.
Sebastián de Lecuna Ermuan (Bizkaian) lan bat dirijitzen ari zela, gaiso erori eta, 1733.go abenduaren 8an hil zen (PC,3 210v f.). Ezbairik gabe, azkar eta ia automatiko jarri zuten haren karguan, eta hurrengo egunetik Libro de Fabrica-n Maisuaren izen eta jornalarekin -15 Er,- agertzen da: 748 eta 1/2 Ignacio de Iberori, Fabrika Maisuari, ordainduak, 149 egun eta 1/2 aritu delako han, 1733.go abenduaren 9tik 1735.go urtarrilaren 2.ra arte, gainera eguneko 12 Er. ordaindu zaizkio» (FL, 3101 f.).
Karguan sartu eta handik gutxira oso detaile bitxi bat agertzen da liburuan: «140 Er. eta 1/2; hori kosta da Iberori egindako jantziaren azpikoa, botoiak, seda eta haria» (FL, 290. f.). Horren argitsu hasi zen bere misioaren azken aldia; 33 urte luze iraungo zuen 1766an hil arte. Zein dira hark egindako lan haundienak urte horietan?
Lehenbizi, eleiz-kupularen naranja erdia itxi bere linterna eta orratzarekin gurutzeraino; Libro de Fabrika-k honela kontatzen du: «1735.go urte honetako urriaren 25an bermatu eta jarri zen Eleizaren literna gaineko gurutzea. Gurutze buruan, egiten duen ontzian, Lignum Crucis bat dauka sartua. Baitere, atzen harriaren gainkaldean, berunezko kutxan, erliki hauek jarri ziren», eta erliki asko enumeratzen ditu. Eta hau anotatzen da: «3.830 Er. eleizaren bukaera saritzeko: 3.012 Er. Maisuari, eta gainontzeko 818 ofizial eta peoiei; gainera 201 Er. eman zitzaien landa-egun bateko bazkaria ordaintzeko» (FL, 307).
Borra-liburuan aurreko hori honela banatzen da: 240 psu eta 1/2 saritzeko emanak: 200 obraren Maisuari; 35, ofizialei, bakoitzari bana; eta 5 eta 1/2, peoiei, bakoitzari erdibana.
7 Er. eta 1/2 ttunttuneroari emanak.
201 Er. kargatzen ditut hemen Kolejioari abonatu zaizkionak landa-egun baterako ofizial eta peoiei emandako ardo» ogi, ahari eta behiagatik, Gurutzea jarri-eguna ospatzeko, eta 40 Er. sartzen dira San Juan egunean eta linterna itxi zen egunean emandako ogi eta ardoagatik» (CB 4, 57v eta 58 f.).
Eleiza, ofizial. handik hiru urtera inauguratu zuten, 1738.go uztailaren 31 ondoren, obrak hasi zirenez geroztik berrogita hamar urtebete justura. Irakur dezagun Loiolako kronistak bazkunaren Diario-an egun hori nola kontatzen duen: «Gure Aita Ignazio Santuaren egunean beste urteetan bezala egin zen, eta urte honetan Eleiz berria inauguratu zen; dena labaindu gabe bazegoen ere, kapiletaraino ordea bazegoen, eta labaindu gabea dena tapiz-oihalez estali zen eta zola belarrez, eta aldare on bat jarri zen; han eman ziren bi Meza kantatuak eta meza errezatu asko; jauna eman zen, eta aitor-leku guziak jarri ziren han; eta hala dena egoki eta behar bezala egin zen». (Diario, 48.f.,LHA,l-5).
Ikusten denez, oraindik ere eleiza egiteko asko samar gelditzen zen, zehatz, aldare eta pulpitoak. Oraindik ere, konstrukzioaren eskubi egoan atealdetik atriora zihoan pasua estaltzeko zegoen.
Eleiz atze erdiko gorputz-zati haundia erdi egina besterik ez zegoen.
Eta ezker ego osoa egin gabe zegoen. Den horri eman behar izan zion aurpegi Ignacio de Iberok. Haren heriotzan hogeita zortzi urte geroago -III Carlos Erregeak jesuitak expultsatu baino hiru urte lehenago- zazpi aldareetako atzen laurak egin gabe egongo ziren, eta konstrukzioaren ezker ego osoaren erditik gorakoa ere bai.
Garai honetan Iberoren lanik argiena, erretaula egile bezala egin zuen, aldare nagusiaren eta alboko lehen aldare bien marra eta konstrukzioan. Irargitzeko A. Probintzialen aitormena ekartzea nahikoa izango da. Izan ere, azken urteetan, edo urte batzuk zituelako, edo lana berez zaila zelako, Iberok egiten zuena diskusiopean zegoen, eta hala ere Probintzialak, bazkunari eta Loiolako obrari egindako kanon-bisiten oroit-agirietan, haren alde atera ziren eta hari eutsi zioten azken arte.
1757an A. Salvador Osoriok hau idazten du: «Eleizaren planta eta ejekuzioan, pulpitoak gogoan hartu ez zirenez gero, obraren ederrari dagozkionak erantsi beharrak daude: aldare nagusiaren hurrengo bi zutarrietan janiko dira, guzian Ibero Maisuak marratuko litukeen bezalakoak izango dira, eta batere atzeratu gabe egingo dira, aldare nagusiaren agarria egin ondoren, eta txapelak ahotsa bidaltzeko moduan jar daitezela». («Visitas» liburua, 81. or., LHA, 1-5).
Eta beherago: «Experientziak zera erakutsi du, Ibero maisua oso artetsua dela erretaulak ideatzeko, Aldare Nagusian ikusten den bezala, eta haren ereduak askoz ere egokiagoak, Erromatik asko kosta eta onik batere gabe datozenak baino. Horregatik zera agintzen dut, ez dadila eredurik enkargatu Erromara Eleizako gainontzeko aldareetarako, baina lehenbaitlehen Ibero Maisuak marra ditzala, eta haren iritziari osoro jarraituko zaio, erretaula bakoitzaren bai marran, bai moduan, bai ze harri mota eta apaingai jarri behar den...»(Ib. 82.or.).
1759an A. Eugenio Colmenar es-tk zera agintzen du: «Erretaulak egitean ejekuta bedi zehatz Ibero Maisuak eta italiarrak (delako Volpini, Loiolan gutxi iraun zuenak) batera erbakitzen dutena». (Ib. 85. or.).
Eta 1765an, Iberok ordurako 71 urtebete izan eta haren heriotzarako ia urtebete besterik falta ez denean, A. Francisco Xavier de Idiáquez haundiak bere oroit-agirian zera enkargatzen du:
»9. Egiteko dauden ofizinei begira, Erretoreari nere eskuz firmatutako paper bat uzten diot eta beste antzeko bat Ibero Maisuari... (Ib. 91.or.).
10. A. Erretoreari enkargu hau uzten diot, zaindu dezala obra Ibero Maisuari iruditzen zaionaz bestera ez egiteko. Eta langile-zainek ere uler dezatela ofizialei lana eragiteko zainak direla, eta ez Ibero Maisuarenak, obra dirijitzeko.
11. Oso bidezko gauza da, Kolejio-kontsultaren iritziaren arauera -eta nik iritzi hori onartzen dut-, Ibero Maisuari jornal osoa ematea, ausentziren bat egingo lukeen egunetan ere. Legez agertu behar zaio esker on hori horrenbeste urtetan lan asko eta ondo egin duelako.
12. Azter beza Erretoreak eta erabaki beza, Ibero Maisuarekin batera, ea komeni izango den eta akaso utilago ofizialek lan hobeto egin dezaten, haiei Gurutzetik Gurutzera (Maiatzeko 3tik irailaren 14ra) arratsaldetan orduerdi bateko deskantsua ematea». (Ib. 92. or.).
Ignacio Ibero 1766.go ekainaren 30an hil zen, Arrotz-Etxe zaharrean, han zeukan toki bat alkilatua Santutegiko baratzaren lurretan. Horrela konsignatu zuten Rentas liburuan, 142. f. (LHA, 2-2). Etxe eta alkilatu horretaz geroago hitzegingo dugu.