Lehen iker-puntu honek helburu zera du, ez Iberotarren sendi-jatorria argitu bakarrik, baina ea XVI, XVII eta XVIII. mendeetako Iberotarrak XIX mendeko Azpeitiako Iberotarren -mende hura bete ondoren XX.an ahitu direnen- aurrekoak ziren ala ez ikusi; gauza hori denak horrela zela uste bai genuen, baina inork ere ez zuen irargitzen.
Ez da lan erraza izan Francisco de Iberoren Hidalguia-Ejekutoriaren (1761) datuak bilatzen eta extraktzen. Datu horiek Gipuzkoako Ahaldundegian, eta Beizamako, Errezilko, Azkoitiako eta Azpeitiako bataiatu, sendotu, ezkondu eta hildakoen parroki-liburuetan aurkitzen dira; liburu hauek orain Donostiako diozesi-arkibuan daude. Eskerrak nere lagun gazte Azkoitiako Juan Bautista Mendizabali, hark egin du lan neke hori.
Iker-lan horretatik datu hauek ateratzen dira:
1. XVI. mende lehen erdian Ibero (Nabarra) herri txikian Martin de Ibero jaiotzen da eta Catalina de Salinas-ekin ezkontzen. Bi seme izan zituzten, Pascual eta Pedro, apaiza azkeneko hau eta Irurzungo bikarioa.
2. Pascual, XVI. mende bigarren erdian jaioa, 1612an Maria de Iberoekin ezkondu zen eta bi seme izan zituzten ere, Juan (1618) eta Pedro (1623).
Bi belaunaldiko gizon horiek Pascualena etxeko Jaun izan zirela esaten da, eta abizen horren orde gero bere jaioterri Iberorena hartu zutela, eta haietako batzuk Beasoaingo alkate izan zirela.
3. Pedro de Ibero eta Ibero, gazte zela, Gipuzkoako Beizamara aldatzen da Oyanzabal (Oinzabal) baserrian morroi lan egiteko; baserri hau Azpeitira begiratzen duen Kantea mendi atze aldean dago. 1642an Francisca de Ugartekin ezkondu zen; hargandik hamar seme-alaba izan zituen: Jorge (1643), Juan de Oyanzabal eta Ibero (1645), Estefania (1646), Martin (1648), Maria Ignacia (1650), Juan Francisco (1655), Josefa (1658), Carlos eta Sebastian bizkiak (1659), eta Ignacio (1661).
Baina, Francisca 1665an hil zen, eta Pedro berriz ezkondu, oraingoan Graziana de Usarragakin; ezkontza honek beste lau alaba ekarri zituen: lehena, Francisca (1668) artean Beizaman, eta beste hirurak Ana María (1670), Margarita (1672) eta Maria Josefa (1675) Errezilen, Igortegi baserrian, ibarretik gora aldera Goiaz inguruan.
4. Juan Francisco de Ibero eta Ugarte 1692an Urrestillan Mariana de Erquiciarekin ezkondu zen; Mariana hau Errezilgo Susoko Erquicia baserritik zetorren, eta Azpeitiako Barrenola errotara joan ziren bizitzera, Errezilera doan kamioan hiru kilometrora. Hura, esaten denez, gazte zela soro-gizona izan zen eta gero argin maisua, lehen pauso ederra, gero 1694an Ignacioren, Loiolako obraren maisu izango zenaren, eta lau urte geroago, 1698an, Joseren, aita izateko.
5. Ignacio de Ibero eta Erquicia 1720an Antonia de Odriozolakin ezkondu zen; hau bere aitamengandik Odriozola Haundi eta Beristaindik zetorren. Sei seme-alaba izan zituzten: Maria Ignacia (1721, Ignacio Xabier (1722), apaiz izan zena, Francisco Antonio (1725) geroko arkitektu maisua, Ana Joaquina (1727), Maria Ignacia (1729) eta Manuela Dominica (1732). Loiolan 1766an hil zen.
6. Francisco Antonio de Ibero eta Odriozola Maria Ignacia Lecuonakin ezkondu zen. Semealaba hauek izan zituzten: Ignacio Antonio (1751), Maria Joaquina (1752), Francisco Marcos (1754), Manuel Ignacio (1755) apaiz izan zena, eta Maria Josefa. 1793an Azpeitiko alkate izan zen (honen eta hurrengoen alkatetzarako cf. Imanol Elias-en «Guía histórica y taurina de Azpeitia», Azpeitiko Udala 1986, 469-482 or.) eta 1795an hil zen.
7. Ignacio Antonio de Ibero eta Lecuona, Azpeitiko alkate eta Lizentziatu izan zela esaten da. Ataungo Josefa Ignacia de Beguiristain-ekin ezkondu zen eta seme bat izan zuten: Ramon Francisco.
8. Ramon Francisco de Ibero eta Beguiristain Donostian jaio zela esaten da eta lizentziatua ere izan zela. Beasaingo Josefa Martina de Maiz-ekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituzten: Ignacio Maria Carlos, 1824an Azkoitian jaioa, eta Ana Maria. Ibero sendiaren famili-dokumentu batzuetan, Loiolako Histori-Arkibuan (LHA, 17-3) kontserbatuetan, Ana Maria Baionan Máximo Mauroner-ekin ezkondua agertzen da. Bi bider Azpeitiko alkate izan zen: 1837an eta 1848tik 1851ra.
9. Ignacio María Carlos de Ibero eta Maíz Azpeitiko Luciana Orendain eta Azpiazu-kin ezkondu zen, eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Denak erlijioan ingresatu eta iraun zutelako -bost semeak Jesusen Lagundian, eta beste hiru alabak klausura ordenako erlijioetan- dinastia ahitu egin zen. Ondoren haien zerrenda jartzen dugu, hildako fetxaren arauera:
Gurasoak:
Ignacio Jauna, bi bider Azpeitiko alkate: 1855tik 1859ra eta 1882tik 1887ra, 1897an Azpeitian hil zen.
Luciana Andrea, 1912an Azpeitian.
Seme-alabak:
Jorge, jesulagun ikasle, 1885an Loiolan (Azpeitian).
Felix, jesulagun apaiza, 1905an Orduñan.
María Magdalena, Konzepzioko frantziskanua, 1912an Azpeitian.
Cesáreo María, jesulagun apaiza, 1942.go apirilan Bilbon.
Ignacio María, jesulagun apaiza, 1942.go maiatzan Bilbon.
María Gudalupe, Manaren Lagundikoa, 1944an Orduñan.
Emilia, Bisitazioko (salesa), 1951an Santander-en.
José María, jesulagun apaiza, 1961an Burgos-en.