Beste garrantzi haundieneko puntu bat erabakita gelditu zen bisita hartan: burutu gabeko eskailera. A. Zupidek bere erretore-aldia bukatu ondoren, bai Probintzialak bai Erretore berri A. Fernando Navarretek, zera pentsatuko zuten, heldu zela aurrera jarraitzeko garai egokia, eta horreta-rako Zalduari eragin zioten, monumentu-etxearen maisu bezala, propos ziezaiola A. Jeneralari eskailera bukatzeko lana. 1702.go agostuaren 16ko eskutitza luzean egin zuen; aitatu dut lehenago eskutitz hori. Han Zalduak zera adierazten zuen, «A. Andres Zupideren ekitaldi partikular batzuengatik» suspenditu zela. Batean bidaltzen zizkion proiektuekin, egindako bi etxaldeetan biziko zirenek ze eragozpen izango zituzten agertzen zion, eskailera zegoen bezala gelditzen bazen, eta zera erasten zuen argi eta garbi «eskailera-kajaren hutsuneak garrasika azkeneko truinarteak egiteko eskatzen duela, betea, ondo jantzia, eta horrelako eraikinak eskatzen duen bezain Haundi eta eder geldi dadin, Berorrek ikusi duen bezala, ez dute eta denak jasan behar -neri behintzat ez zait ondo iruditzen- norbaiteren bekaitzez edo beste grinaren batez sortutako tema edo profeziagatik, horren zentzu gabeko gauza bat».
A. Zupideren aurkako erresumina agertzen duten hitz gogor hauen ondoren, zera expositzen du, lehenago ikusi dugun proiektuaren hasiera eta egikera eta, azkenean, gelditzen den lana zehazten du: «Azkenik, atzeneko harrizko truinarteak egiteko erabakia hartzen bada, lau zutarrierdi berri eraiki eta egin beharko dira lau zutarri nagusien aurrean, diferentziarik batere gabe egingo dira, eta beste hiru, Etxe Santuaren horma nagusiari atxikiak, hasieran pentsatu eta erabaki zen bezala. Eta azkenik horrela eginda, dena oso seguru eta eder ejekutako da» (33).
Hemen expreso adierazten da nola ikutu behar zen Etxe Santuaren horma nagusia, eta ohar hau egiten da, ez dela gauza berri bat esaten ari, Erromak hasieran onartutako gauza baizik.
Probintzialak ez zuen bere on ikusia ematen atzeratu: «Martin Zalduak pentsatu duen eran, aurrera egin dezakeela orain arte bezala dena harrizkoa eskailera nagusiak, arriskurik edo argi faltaren objeziorik gabe, nahikoa izango zuela sinistarazi bait zuten; G. A. Jeneralak zer erabakitzen duen jakin arte, ez da eskailera hau egiten segiko» (L.V. 28. or.).
Monumentu-etxeak fetxa hauetarako (1702) diru asko gasta zezakeelako, Probintzialak 15. puntuan zera dispositzen du: «behar bezain bizkor joan dadin, A. Erretoreak ardura edukiko du, horretarako den diruak uzten duen aina ofizial daitezen, eta ez da diru gutxi, ba, gaur egun, Kolejioaren janariak eta zamak ordaindu ondoren, larogeita hemezortzi mila errial gelditzen zaizkio libre; baitere, zor dituzten efektuak kobratzetik jasotzen dena, eta Ana de Lasalde Andrearen ondaretik larehun eskudoko errenta hartuko dueña. Eta neguan ere konstrukzioan ahal den guzia lan egin dadin, zera agintzen dut, aldi horretan gutxienez hamalau ofizial eta hiru argin-mutil ari daitezela han lanean».
Azkenik, 15.puntu berean, zera dispositzen du A. Ribadeok, «ez dezala utz Erretoreak obrarako gairik -egurrik, harririk, karerik etab- erosten, Maisuek, hau da, gai bakoitzeko ofizialek, haren ona aztertu eta onartu gabe, hortan hutsegin delako, gai txarrak erosi bai dira» (L.V. 28 or.).
A. Salvador de Ribadeo Probintzialaren disposizio hauek 1702.go agostuaren 30eko oroit-agirian daude, eta horien arabera, A. Fernando de Navarreteren erretore aldian, 1702an, behin etxeaurrearen aldea estaltzen zuen teilatua kendu ondoren, Zalduaren solairuaren egala egin zen; haren teilatua 1703. urtekoa da, bai eta etxalde berriarenak ere. Gainera, urte hartan biziro lanegingo zen eskaileraren harriekin, obrak garai horretan zenbatzen zituen langileak asko bai ziren.
1703.go udan Elgoibarko Bartolome eta Antonio de Elorza saregile ospatsuekin hamabi burdin-sare eder egiteko kontratua egin zen; 18.827 errial kosta ziren, etxeaurreko eta etxeatze zati baterako lehenengo pisuko dimentsio haundiko leihoentzat. Enkargu honen atzetik, hurrengo urteetan, beste enkargu batzuk egin zizkioten, baina horiek bere garaian adieraziko ditugu.