Loiolako errege-kolejioaren eta eleizaren konstrukzioa

HASIERAAURKIBIDEA

Eleizaren eta eskubi egoaren obrak. Italiako itxurako solairua eta Zalduarena

Eskaileraren obrak, eskubi egokoak pixka bat atzeratu bazituen ere, XVII. mende azken aldera hirugarren pisua bukatzen ariko ziren, A. Zupidek 1698an Lazaro de Lizardi Arotz Maisuarekin teilatuen egikeraren tratua egin zuenean (29).

Eleizaren obra ere aurrera zihoan; gai horretaz A. Francisco Xavier Perez Probintzialak 1699.go agostuaren 23ko bisitaren oroit-agirian zera agintzen zuen: «Eleizaren konstrukzioa hemendik urte gutxi barru burutzeko, eta are gutxiago asentatzeko eta horren obra haundia seguru joateko, asko inporta du handik eskurik ez altxatzea, eta horrela A. Erretoreari behin eta berriz eskatzen eta enkargatzen diot, ez dezatela ofizina aldearen obra bakarrik egiten jarraitu, baina bai eta Eleizaren obra ere, eta, hala, urtero jar daitezela han lau edo bost errenkara bederen» (L.V. 21. or.). Fetxa hauetan, beraz, 1699an, eleizan eta eskubi egoko sailean, lan-tokietarako destinatuan, baratzara begiratzen duen aldean, lan egiten ari ziren.

Obrak dispos zezakeen dirutzak -larogeita hamar mila errial zenbatzen bait zituen diruan, eta hamar mila dukado inguru doazen eta erori efektuetan 1699. urte arte- A. Francisco Xabierri hitz hauez konstrukzioari eragitera bultzatzen zion: «Ondo egingo dugu obra ahalik gehien aurreratzen badugu, udazken honetarako alde aurrez karea eta harriak ekarriz eta neguan ahal den aina lan eginaz. Horregatik zera enkargatzen dut, oraintxetik has daitezela harri ateratzen eta ekartzen, eta hau neguan ere landu dezatela, langile asko sartuz, Salamanca-ko gure obran egin ohi den bezala» (30).

1702. urtea Loiolako konstrukzioaren historian urte berezi seinalatua da. A. Salvador de Ribadeo zen Probintzi-buru -geroago (1715-1719) Loiolako erretore izan zena-, superioreetan konstrukzio berria gartsuen eta gogotsuen hartzen zuenetako bat. Haren bisitaren «Oroit-agiria» luzea da, hamasei puntu ditu, bere aurrekoek bostetik pasatzen ez zirenean. Azkeneko hiruak -14, 15 ea 16- monumentu-etxeari dedikatzen dizkio.

Fontanaren proiektuan, baratzara begiratzen duen egoaldeko krujian, eguzkitoki edo solairu bat proiektua zegoen. Hau irikia zen, Italiako modura arku altuekin, Pompeo Ferrariren proiektuan agertzen den bezalakoa (13. lam.). Bisita garaian arkupe hau jasoa zegoen, 1702.go agostuaren 30ko oroit-agirian zera ordenatzen baita «Italiako planta eta moduko solairu hori estaltzeko» (L. V. 27. or.). Gero ikusiko dugu ze gorabeherak izango dituen solairu horrek.

Bisita horretan bertan erabaki zen «Martin de Zaldua Maisuak etxearen aldea edertzeko ideatu dituen solairu bietako bat egiten hasteko, Kolejioari egoki zetorkiona eta aldeon gutxi ekarritako Italiako moduko solairuen orde» (L. V. 27. or.)

Erabaki hau hartu zutenean, etxalde hori estaltzen zuen teilatua egina zegoen, horregatik, kendu egin behar izan zuten, Zalduak erantsitako solairu edo atikua eraikitzeko (3. lam.) (31).

Dirudienez, solairuez eztabaidak (32) izan zituzten, eta diskusio horiek obra pixka bat atzeratu egin zuten, arazoa garbitzeko bi arkiteturi galdegin bait zitzaion. Hauek arrazoia Zalduari eman zioten, eta horrekin haren izen ona gora igo zen, A. Ribadeok egiztatzen duenez: «Martin de Zaldua Maisuak bai arteari bai seguruari begira oso egoki egiten du lan».