Loiolako errege-kolejioaren eta eleizaren konstrukzioa

HASIERAAURKIBIDEA

Eraikuntzaren lehen pausoak

Kolejio berriaren obrak dirijitzen, beste inor baino lehen, Juan Begrand Anaia agertzen da. A. Jeneralaren Jesulagun-Probintzi berekoa izateak, zera sujeritzen du, A. Noyellek berak designatuko zuela kargu honetarako. Alabaina, seguru asko Loiolara -zuzen noiz etorri zen fetxarik ez badago ere- Noyellen heriotzaren (1686, Abenduak 12) (12) ondoren etorriko zen.

Nola aukeratu zuten atzerritar hori Loiolako konstrukzioa dirijitzeko? Zerk explikatzen du hori? Zerak, ordurako hil bait ziren Espainako izen haundiko jesulagun arkitektuak: Pedro Sanchez, Francisco Bautista eta Pedro Mato (13) Anaiak, XVII. mendeko Espainako jesuit-arkitektura argitu zutenak.

Braun-ek dioenez, Bergrand bere Probintzian hark eraikitako eleiz batzuen konstruktore bezala seinalatu zen; eleiz horiek, gehienetan, besteen proiektuak ziren (14).

Loiolan oso aukera ona eskaini zitzaion Begrand A.ari bere konstruktzeko eskola agertzeko, etxeazpiko obra izugarrian, haien normen, harroinen eta arkuen ziklope-egituran; Echeverriak atsegin eta astiro deskribitzen ditu denak (op.cit. 92-93 or).

Fontana behin ere Loiolara etorri ez zenez gero, zera pentsa daiteke, Begrand-ek nahiko esku edukiko zuela obra gainean sortzen ziren eragozpenak resolutzeko, hori bai, proiektuari oso ertsi lotzen zitzaiola, beti «proiektuari osoro jarraitzeko agindua betez, eta zera itxaron dut, ez dela aldaketarik batere izango, hemen eta Erroman nabari izango ez eta inola ere utziko ez litzatekeenik». Honela urjitzen zuen Gregorio Sarmiento Probintzialak 1689.go irailaren 1ko oroit-agirian, eta dokumentu horretan eskerrak ematen zizkion Francisco Alençon Erretore Aitari «konstrukzioan zeukan arduragatik, lan asko egin zelako» (15).

Etxeazpiko konstrukzioaren martxa moteldu egingo zen 1690an, urte horretan, edifizio berriaren eskubi aldean, Arrotz-etxe bat eraiki bait zuten, Santutegia bisitatzera zetozenak alojatzeko. Horrekin -ohartzen zuen Probintzialak 1691.go uztailaren 16ko bisitaren oroit-agirian- obra horretan, fabrikatik kendutako diru asko gastatu da, eta dirurik batere ez okertzeko eskatzen du, lehenbaitlehen burutu dadin, eta Kolejio horretan bizi direnentzat bizi-gelarik dadin, eta horrela ahal bezain estu agintzen dut, ez dadila eskubete igeltsurik ere sar obra horietan» (L.V. 10. eta 11. or).

Alabaina, oroit-agiri horretan Probintzialak zera aitortzen du, «obra asko haunditu dela atzeneko ikustalditik nona».

Izan ere, 1690tik Loiolan, Begrand-en mendean, Jose de Laincera (16) obra-maisua aurkitzen dugu obra dirijitzen, eta horregatik, dudarik gabe, langileak ugaritu egingo ziren, eta hortik sortuko ziren Probintzialak aitortutako «haunditzeak».

Honek aurrerako zera agintzen zuen: «batez ere etxealdeak egiten jarraitu behar da Eleiz eta etxearen zolaraino berdindu arte, gero arroztegi aldera dagoen etxealdean ofizial gehiago jartzeko» (L.V. 11. or).

Beraz, eskubi egoan egiten zen lan, Azpeitira begiratzen duen ego aldean, eta haren perpendikularrean, ego aldera, arrotz-etxera begiratzen duen aldean. Alde hauek 1691.go udazkenerako etxondoaren zolaraino iritsi hurren egongo ziren; altura hori erabaki zuten eleizarentzat eta gainontzeko edifizio berriarentzat.

Hurrengo urtean, 1692.go urriaren 14ko bisitaren oroit-agirian Antonio Caraveo A. Probintzialak berriz esaten zuen, azkar ibili behar zela Kolejio berrian bizitzeko gelak gertutzen: «Obra hain aurrera doanez gero, eta Etxe Santuko tokia hain estua Kolejioak dituen lagunentzat -denak Etxe Santuan bizi ziren- oso on egingo da gelen egitura, pertsonak bizitzeko izango dena, aurreratzen bada, eta horrela A. Erretoreak zera disposituko du, fabrikatik, batez ere Eleizatik, eskurik kendu gabe, ardura haundiena gelak bukatzen jar dezala» (L.V. 14. or.) (17).

Ohar horiek emanda ere, eta Erromak eta A. Probintzialek Erromatik etorritako proiektuak ez aldatzeko eta kanbiatzeko behin eta berriz agindu arren, 1692an garrantzi haundieneko inobazio bat sartu zen, proiektu hauen bukaera atzeratu zuena.