Zera uste dugu, Ibero Loiolako eleiza berrian egin behar zuen erretaulagatik urduri zegoela. Hori egia dela, hark egindako erretaula batzuetatik atera daiteke.
1738an, Iberoren direkziopean, Bernardo del Anillok Etxe Santuko Konzepzioaren kapilarako erretaula bat egin zuen; gaur Oñazen aurkitzen da. Hauxe uste dut dela hark diseinaturiko lehena.
1740. urtekoa da Azkoitiako Brigiden erretaula nagusirako Iberoren proiektua, Anillok ere egin zuena. Mojek baldintza hau jarri zuten, ez zezala obra ejekutatzeko beste maisurik erabil ahal, ez ere Azpeitia herri bi lekua inguruko ofizialik, eta hori, lana hobeto egiten saia zedin.
Kontratua 20.000 errialekoa firmatu zuten; baina gauza batzuk erantsi zituztelako, 21.104 Er. eman zizkioten, 1742.go agostuaaren 16ko ordain-karta baten bidez.
Azkenik, Tolosako Klarisen erretaula berria Iberoren proiektuari dagokio; Iberok 1744.go martxoaren 11an Francisco Ignacio de Azpiazu arkitektua kontratatu zuen, eta honek irudi-lana Santanderko Tomás de Gargallori, Anillo bezala Meruelo ibarrean jaioari, enkargatu zion (61).
Erretaula hauek zurezkoak dira. Atzen biak osoro urreztuak.
Alabaina, Loiolako erretaula nagusia dena harnabarrezkoa da. Agian Andres Pozzo Anaiaren ejenpluari segiko zion. Bazen haren Prospettiva de Pittori e Architetti obraren, 1723.go Erromako edizioaren, ale bat Loiolan, Iberok, dudarik gabe, asko erabiliko zuena. Liburu honen 62. irudian, Erromako Kolejioko San Inazioren eleizako Luis Gonzaga Beatuaren aldarea reproduzten da; haren erretaula dena antzinako harnabarrezkoa da, eta metal urreztuko apangaiak erasten zaizkio; salomon-zutabeak dira batez ere nabari, eta orri-uztaiak biribiltzen zaizkie.
Loiolako erretaularekin elkartua dago ere notizi hau, A. Francisco Javier Pérez Erretoreak, 1745. hasieran, Erromatik eskutitz bat hartu zuela eta han formula bat zetorrela estukoaren konposizioaz; haren gainean egiten ziren mosaikoak. Harekin zera bidaltzen zion, «orduko modako mahaien, Erromako onenen, diseinu bat; halatzat dauzka bere jauregiko geletan Payo Jaun Agurgarriak, Portugalgo Ministroak».
Ez zen formula hori alperrik heldu Loiolara; 1746an mahai bat aitatzen da, enbutidu horiez aberastua, Kapila Santurako egina (62).
Lehen saio hauetatik, gero enbutidu horiek eleiza berriaren erretaula nagusian sartu ziren, eta han horien ale bikainak aurkitzen dira, Echeverriak gehiegi goresten baditu ere: «Konstrukzio honetako zenbait lekutan, batez ere haren eleizaren aldare nagusian, ikusten diren enbutiduak, esan dugunez, horren finak dira, horren doi-doiak eta meritu haundikoak, haien egileen izenak urre edo harnabar gogorrenetan zizelatuak egon behar lukete, haien ondorengoen oroimen atseginerako, espain-arteen eta gerokoen aintzarako; baina, gure antzinakoen ardurarik eza halakoa izan da, ez bakarrik ez dituzte material gogor haietan idatzi, baina ez eta paper txikienean ere ez dituzte signatu, eta tradizioak Ignazio Ibero Jauna, haren seme Francisco Jauna eta haren suhi Echeverría Maisuen izenak bakarrik gogoratzen ditu» (63).
Egiaz, aldare nagusiari buruz aitaturiko izen bakarra Ignacio de Iberorena da, eta hori A. Salvador Ossorio Probintzialaren gorespen merezituarekin; hark bere 1757.go agostuaren 4ko oroit- agirian zera dio: «Ibero Maisua oso antzetsua da erretaulak ideatzeko, Aldare Nagusian ikusten den bezala, eta haren ereduak, Erromatik asko kosta eta onik batere gabe etortzen direnak baino askoz ere egokiagoak» (L.V. 82. or.).
Zehatz hitzegiteko, zera erantsi behar dut, beste izen bat ere aitatzen dela, oker bada ere: Historiae Collegii Loyolaei Compendium haren autoreak, 1738. urtean, Cayetano Pace-renak direla dio harnabarrezko aldarea apaintzen duten aingeru eta beste irudiak: »Cajetani extitere opera angelorum eta aliae effigies quae altare maius marmoreum per summa eius latera adhuc illud exornant» (64).
Nere ustez, Compendium haren autoreak, aldare nagusian lan egindako beste irudigileen ize-nik ez aurkitzean, zera pentsatu zuen, Pace izan zitekeela haien autore; baina, ez hark, 1738. urtean hiltzen denak, ez haren ondorengo del Mazok, Loiolatik 1739. urtean irten zenak, egin zuten lan Loiolan erretaula egindako urte haietan; ikusiko dugunez, urte batzuk geroago, 1750 eta 1757 bitartean egin bai zuten.
Echeverriak Ignacio Ibero, haren seme Francisco eta haren suhi Echeverriakin batera aitatzen dituen izenak, ez da ageri urte horietan irudigile-lan egin zutenik. Francisco orduan Loiolatik at zebilen, eta Echeverría Ignacioren orde obra dirijitzen 1766. urtetik hasi zen, urte hartan ekaina-ren 30an hil bait zen Ignacio Ibero. Beraz, Echeverría eta Abasolorekin batera, gure antzinakoen ardurarik eza deitoratu beharko dugu eta artista horien izenak legegabe ez direla ageri.