A. Erretoreak propositurik, 1740.go apirilaren kontsultan hiru aldaketa sartzen dira. Lehenbizi zera esan zuen, «Eleiz aurre gainean dauden harrizko kalostrak, arearri gezaltsuzkoak zirelako, apurtzen zihoazela, eta Maisuak zioenez, denborarekin puskaka erori egingo zirela; horregatik Maisuak berak zera irizten ziola, karearriz egin zitezela berriz; eta berebat, Eleiz aurrea gutxi jaikia zegoelako, Maisuak, altura eta aire pixka bat gehiago emateko, proiektu bat egin zuela, Probintzialak aprobatu zuena, eta ikus zezatela A. Kontsultoreek egitea on iruditzen zitzaien ala ez. A. Kontsultore guziek iritzi berekoak izan ziren, bai kalostrak bai eleiz aurrearen rematea Maisuak ideatu bezala egin zitezela».
Ez dakit zergatik erabili ziren arearriak kalostra horiek, hemen esaten denez horren ondore txarra izan zutenak, egiteko, itsasertzetik ekarritako arearria gezalak apurtzen bait zuen. Gainerakoan, ez zuten proiektua aldatu izan behar, baina arearriaren orde karearria jarri besterik ez eta Fontanaren proiektuari eutsi. Aitzitik, oraingo Atearkupean, Fontanaren isoszelez apaisatuaren, ordurate burutzen zuenaren orde, beste bat eraiki zen 1740an, pixka bat goiagoa, jaikiagoa, Iberoren idearen arauera.
Atearkupeak, frontoi aldaketarekin, ederrean irabazi zuen ala ez, eztabaidatu ahal izango litzateke, alderatzeko Fontanaren altzaturen bat aurrean eduki ahal izango bagenu. Dena dela, arkupe konbexuak, bertatik begiratzen bada, ez du kupula hainbeste ikusten uzten.
Fontanak, egiaz, etxeaurrearen horizontala nabar-erazi nahi zuen eta konstrukzio lodiaren sendoa sentiarazi, gorputz haundi zamatuaren oreka, zirku zabalean bere arkupe konbexuarekin -bere astuna haunditzen duenarekin- eta bere kupula bikainarekin, osoro lortzen duena. Hor dago kupula bi alboetako karga haundiko ego apaingabeen erdian jaun eta jabe. Agian efektu hau osoago lortuko zen Fontanaren diseinuan Zalduak erantsitako atikorik gabe, batzuek etxeaurrea horrela ederrago dagoela uste badute ere.
Hirugarren aldaketa A. Erretoreari bururatu zitzaion; «honek zera pentsatu zuen, eleizan Zutarrien artean dauden arearrien hutsunetan zenbait koloretako nabar-harriak sar zitezela, arearria ez baita horren ederra, eta Maisuari hori galdetu zionean, ea harri horiek sartzeko horma pikatuko balitz eragozpenik izango al litzakeen, zera erantzun zuen, ez zegoela hortan arriskurik ez eragozpenik; eta hori horrela zenez gero, ikus zezatela Kontsultoreek egitea komeni litzatekeen ala ez. Kontsultore guziek zera iritzi zioten, A. Erretoreak pentsatu bezala egin zedila».
Hasieran zeuden «arearrien hutsuneak» kendu zirenean, barruak, dena labainduak, nabar-harri aberatsei, denak kolore berdintsukoei esker, oso eder egiten du.
1740.go martxo-apiril inguruan 50 Er. agertzen dira, Agustín Conde urreztariari eta haren morroiari emandakoak, eleizako zortzi zutabe edo zutarriak lau egunean nabartzen aritu zirelako (L.. 4. Cu. 763 or). Lan hau, dudarik gabe, lehengoa, arearriak okupatutako hutsunetan harnabarriak sartzekoa, osatzeko izango zen.
1740.go udan edo udazkenean, sakristia berrian, bailagibel aldera jotzen duten leihoetan bi burni-sare jarri ziren; 3.049 Er. eta 14 mr. balio izan zuten, 2.594 libra pisatu zuten bien artean, eta libra bakoitza 40 mr. kosta zen (Ibid. 77r. or).
Sakristi berri honetan kajoi askoko haltzari eder eta zabal bat dago, Antonio de Erquiciak egina; hargatik, 1715.go azaro-abenduan, A.Erretoreak agindu zuelako, esker oneko sari bezala, 240 Er. eman zitzaizkion, ohiko jornalaz gainetik (L.F.).
Ez du gutxi edertzen sakristia hau marra politeko, bi koloreko -gorri eta orikaileko- harnabarrezko iturri ederrak. Garbi-ontzi bikain honen aurreko bezala zerak seinala daitezke, 1738.go maiatzean, Santanderko Kolejioaren sakristirako Loiolan landu ziren iturriak, eta Villagarcía de Campos-ko Kolejiorako landu zena; orain hark etxe hartako San Inazioren kapilako sakristia apaintzen du.
1740.go abendutik 1741.go otsaila bitartean kontu hau aurkitzen da: 30 Er. «brontezko bi iltze suaz urreztuengatik; iltze hauek Eleiz berriaren Ateetarako eredu egin ziren».
1741.go uztailaren 27ko kontsultan zeraz deliberatu zen, ea juroak hipotekaturik, 12.000 dukadu zentsuan hartzea komeni izango litzatekeen, lehenbaitlehen Atearkupea bukatzeko eta Eleiza konsekratzeko. Ezetz erabaki zen, redituak ordaindu behar bait ziren eta Eleiza ordurako ministeriorako gertu zegoen.
Berebat, 1741.go abenduan hau idazten da, 80 pesu; «hori kosta ziren Eleizaren ate Nagusietarako Brontze urreztuz egindako IHS eta MA bat. Lan hori Manuel Ripando eta Francisco Xabier de Aguinagalde zilarginek egin zuten»( 4. L.Cu., 79r or.)
1741.go abenduaren 20an Ignacio Sagastume Anaia hiltzen da {Diario 122 or.). Lagundian 1733.go maiatzaren 13an sartu zen, Villagarciako Nobiziatuan; bi urte ondoko botuak 1735.go maiatzaren 15an egin zituen.
Segituan Loiolan lan egitera destinatu zuten, eta han ikusi dugun karguak bete zituen.
Berebat, 1742.go urtarril-otsailean zera idazten da: «105 Er. Atearkupeko lau Santuen Burestunentzat 44 libra kupre txapetan» (4.L.Cu, 82v or.).