1739.go azarearen 23ko kontsultan, A. Erretoreak zera propositu zuen: «argin gazte bat, aparejadore lan egiten zuena, kanpora joan zela, Erretoreari eskatu zion baimenarekin, obra bat hastera, hilabete baterako edo; baina, uda guzian itzuli ez-eta, neguan berriz ere gure obran egin nahi zuela lan; oso bidezko gauza zela kanpoan hasitako lana jarraitzera joateko gogoa uda hasten zenean; bestalde, ez zela oso beharrezkoa gure obran, Josepf de Sagastume Anaiak, mutil gazte hori kanpuan egon den bitartean haren orde aparejadore egon denak, lanbide hori bete ahal izango duela. Eta horrela, ikus zezatela ea admetitu behar ote zen gazte hura Kolejioan lan egitera, esana dagoen bezala, neguan bakarrik lan egin nahi bazuen. Kontsultore guziek zera iritzi zioten, ez zela gazte hura admetitu behar, eta Joseph de Sagastume Anaiak jarrai dezala Aparejadore ofizioan, bestea kanpuan izan denean egin duen bezala».
Juan Antonio Claesens-ek 1739. urte honetan A. Andiazabali egindako eskutitzei esker dakigu, Loiolan eleizako ate eta ateaurre ederrean erabilitako kaobaren berri. Urtarrilaren 26ko batean zera dio, heldu direla Habana-tik Caracas-era 56
kaoba-tabloi, eta haietatik 16 San Sebastián itsasontzian sartu dituztela eta gainontzeko 40ak San Ignacio ontzian bidaliko dituztela. Martxoaren 13ko beste batean zera jakin erazten du, Pasaian daudela 16ak San Sebastian barman, eta otsailaren 22an heldu zela Cadiz-era San Ignacio ontzia, maiatzerako Pasaiara helduko den itxaropena dutela.
1739ko iraileko kontuetan, Miguel de Mazori, egindako irudiengatik ordaindua agertzen da, eta zeinen azkar egin zituen hark adierazten da, eta zeinen motel haren aurreko Cayetano de Pacek.
Mazori 9.985 Er. eman zitzaizkion; hauetatik, sei mila, Lagundiko Santuen irudiak egin zituelako, bi mila errial bakoitza; laugarren irudiagatik, Borjako San Franciscorenagatik, 1.585 kobratu zituen, Pacek egindako bostena gutxiturik. San Inazioren irudiarentzat bi serafinengatik 900 Er., 450 errial bakoitza. Eta gainontzeko 1.500, bost leoiengatik, 300 bakoitza.
Dena 1738.go ekainean firmatutako kontratuaren arauera.
Gainera kontuetan zera aurkitzen da, 18 eta 1/2 Er. Migueli bere irteeran egin zitzaion adiguri bategatik.