Loiolako errege-kolejioaren eta eleizaren konstrukzioa

HASIERAAURKIBIDEA

Eleizaren zola

1736.go matxoaren 8an A. Erretoreak kontsulta bildu zuen, «Eleizaren zola egiteko ze harri iruditzen zitzaien egokiena, Billabonako harria ala Izarraitzkoa, erabaki behar zuten, eta A. Kontsultore denak obraren Maisuaren iritziarekin bat etorri ziren, hau da, Izarraitzkoarekin egin zedila, eta horretarako Bilabonatik harria ekartzea asko kostako zitzaiena ere kontuan eduki zuten».

Agostuaren 8an edukitako kontsultan, -A. Probintziala ere aurrean aurkitu zen- obrak ofizinetan ala Eleizan jarraitu behar al zuen diskutitu zen.

Lehena aukeratu zen; horretarako «ofizinen obra jarraitzeko -oso beharrezkoak bait ziren ofizinak Kolejioa lasaiago ibiltzeko- 30 mila pesu zentsura hartzea erabaki zuten, eta gainera honetara behartzen eta obligatzen ziren: urtero 6 mila dukadu reserbatu behar zituzten poliki-poliki bahitua ordaintzeko».

Hemen ohar hau dago orri-ertzean: «Ez zituzten hartu, Probintziako kontsultak ez bait zuen aprobatu».

Gainera, Cayetano hark 1736.go agostuaren 17an tratu hau egin zuela anotatzen da: «gure santuen Salbatierrako harrizko irudiak: San Inazio gure aitarena, Xabierko Franciscorena, S. Luis Gonzagarena, S. Estanislao Coscarena, 400 pesu zilarrezko 8 errialekotan, eta bukatua dagoen gure Aita Santuarena bezain politak egin behar ditu».

Baina, tratu egindako irudi hauetatik -S. Inaziorenaz gainera- bat bakarrik hasi zuen, Borjako S. Franciskorena; hau bostetik bat argaindu zuen, eta horregatik 1.215 Er. jaso zituen.

1737.go otsailaren 5an, Japongo Martire Santuen egunean, tximist bat sartu zen, nonbait oskolpe ondoko leiho batetik; oraindik ere leiarrik gabe zeuden. Ez zuen kalte hau besterik egin, IHS anagramaren urre zati bat eta naranja erdiaren apaingai batzuk jan. Baitere, Agustin Conde maisu urreztariaren sonbrerua jan zuen pixka bat, lanean ari zen bitartean. A. Erretoreak zera agindu zuen, hurrengo egunean Aitek heuren mezak eta Anaiek heuren errosarioak eskerrak emateko aplika zitzatela, kalte haundiagorik gerta ez zelako (Diario, 88-89 or.).

Otsailaren 9an Eleiz sarreran aldirako sarraila eta ate bat jarri zuten, eta maiatzaren 31an, eleizaren ate nagusi gainean, Gaetano de Pacek egindako San Inazioren irudia (Diario 89 eta 92 or.).

Lehenago zolaz esan dugunaren ondoren, harritzeko gauza da urtebete geroago Probintzialaren eta Probintziako kontsultoreen proposizio hau aurkitzen delako; haiek zera irizten zioten, «kolejioak aurka aurkezteko arrazoirik ez bazuen be-hintzat, Eleizan harlosezko zola jarri beharrean, olazkoa jar zedila, egokiagoa zela iruditzen bait zitzaien, herri honetako giroa oso bustia delako».

»Baina, etxeko Kontsultak -1737.go martxoaren 11an edukiak- zera irizten zion, eragozpena horrela ez zela kentzen eta gainera ez zegoela honez gero harlosatu gabe uzterik, harri sail haundia landua zegoelako eta Kolejioak han gastatuan kalte haundia izango zuelako; eta gauza hau bera aurkeztu zioten A. Probintzialari».

Jakina, ordurako obran horrenbeste gastatu ondoren, etxeko Kontsultaren iritzia artu zuten on, eta horri esker gaur eleizaren harlosatu ederra mirets dezakegu (63. lam.).

1737.go agostuaren 11ko kontsultan berriz ere zera deliberatu zuten, ea obran eleiza ala ofizinak egiten jarraitu behar al zen. Gauza honetaz aurreko urteko agostuaren 8ko kontsultan aritu ziren tratatzen eta ikusi genuen nola ezezkoa gertatu zen Probintziako Kontsultak ofizinen obretarako behar zen zentsurako baiespena eman ez zuelako. Orain etxeko Kontsultari zera iruditu zitzaion «Eleizari eta sakristiei falta zaiena egiten jarraitu behar dela Kontsekrazioa aurrera ahal izateko eta lehenbaitlehen eleiza kontsekratua ikusteko poza guziei ematearren, eta hori erabaki zen».

1737.go irailaren 12ko kontsultan «zera erabaki zen, Kolejioan horrenbeste urtetan zegoen erlojua jar zedila». Baina, 1738.go otsailaren 27an «igo zituzten dorrera erlojuak jotzeko behar diren hiru kanpai berriak; haundienak 55 arroba zituen, erdikoak 8, eta txikienak 4, libra bat gora-behera. Eta martxoaren 17an bukatu zuten dorreko Erloju jartzen, eta hura erabili zuen Bazkunak bere distrubuzioetara jotzeko» (Diario 96. or.). Gero, 1760an, ikusiko dugu zer gertatu zen kanpai hauekin.

»1737.go azarearen 20an kontsultako Aita guziek zera erabaki zuten, oskolpean bi kalostra mailak jar zitezela, Maisuek zera bait zioten, eder egiten zutela eta irudiak garbitzeko han ibili behar zutenak seguruago ibiliko zirela».

1738. urteko kontuetan martxo-apirilan zera agertzen da, «5.663 Er. eleizaren 2en gorputzeko egalean dagoen barandagatik; 4.814 libra pisatu du barandak bere azpi- eta gain-burniekin: 2.870 Er. kosta dira 215 kalostra eta zutabeak, eta gainontzeko 1.944ak, azpi- eta gain-burniak, libra bakoitza 40 mr».

Uztail-Agostuan «6.355 Er. eta 10 mr. Eleizaren lehen gorputzaren egalean jarritako barandagatik. Barandak 5.402 pisatzen du, libra bakoitza 40 mr. 248 kalostra eta zutabeek 3.487 libra pisatu zituzten, eta azpi- eta gain-burniak 1.915 libra.

Baitere, 75 eta 1/4 Er. Burni-sare-Maisuari esker oneko sari bezala eman zitzaizkionak» (L.Cu 4. z., 66r eta 58 r or.) (42, 43 eta 44 lam.).

Burni-sare-maisua Pedro de Echeverria izan zen. Hasieran Gregorio Aguirrek, Elgoibarko auzo batek, haien eredu bat egin bazuen ere, Echeverriak burutu zuen lana (L.Cu. 4. z., 70r or.).

1738.go martxoaren 8an Fernando de Anillok, Trasmiera (Santander) merindadeko Meruelo ibarreko auzoak, kontratu bat firmatzen du; Etxe Santuko Konzepzio kapilan, obraren maisu Iberoren diseinuaren arauera erretaula bat egiteko konpromisua hartzen zuen.

1738.go martxoaren 28ko kontsultan, kontsultore guziek batera, Anai Sagastumek eta Ibero maisuak zera erabaki zuten, «admeti zedila Miguel de Mazo Kolejio honen irudigile bezala, bai gizon iaioa zela dirudi zuelako, -hala irargitu zuen lehenago bi Aingeruak egitean; aingeru horiek Eleiz aurrean dagoen G. A. S. Inazioren irudiaren alboetan daude- bai eta irudi bakoitza, haren aurreko irudigile Cayetanorekin egindako tratuaren aldean, lau mila Errial jaitsi zuelako ere».

Miguel del Mazo berebat Merueloko auzoa zen. Eta batagatik edo besteagatik explikatzen da zergatik aurkituko ziren biak aldi berean Loiolan. 1738.go ekainaren l1an Miguel del Mazok Xabierko S. Franciscoren, S. Luis Gonzagaren eta S. Estanislao Koskaren irudiak egiteko konpromisua hartzen zuen; Pacek utzitako ereduen arauera eta hark marratutako harri beretan egin behar zituen, edo Erretoreak nahiago bazuen beste bere ereduen arauera, Beiloiezko bi mila Er. bakoitza.

»Baitere eskaileran egina dagoen bezalako bost leoi egiteko obligazioa hartzen du, bakoitza hirurehun Er.» (60).

1738.go ekainaren 23ko kontsultan «guzien botoekin zera erabaki zen, eskailera nagusiaren igoera aurrean dauden hormak hautsi zitezela, eskailerak argi gehiago eduki zezan, akats hori bakarrik bai dute».

Gogora bedi horma hau 1712.go apirileko kontsultak dispositu zuelako eraiki zela, «haize eta euriek eragozpen haundia sortzen bait zuten» eskailera ondoko transitu alde honetan. Argirik ezak, nonbait, oso toki iluna egiten zuen, eta horregatik utzi zuten toki hau 1712an agindua baino lehen zegoen bezala, haize eta eurien eragozpenak iraun airen.

1738.go maitz-ekain aldera, Atearkupeko salomon-zutabe gainetan bi aurrearri jartzen dira.

Ekainaren 18an A. Francisco Baza hil zen; haren izena Loiolaren konstrukzioarekin elkartua dago, lan horretan oso okupatu bait zen bere erretoradu luzean, 1719tik 1734ra (Diario 97. or.).

Diario historicoan (97. or.) zera esaten da: «1738.go uztailaren l0an irten ziren Kolejio hontatik Zaragozakora Ignacio de Sagastume eta Jose de Lecuona Anaiak, Kolejio hartako anai batengandik harnabarra imitatzeko sekretua ikastearren; José de Lecuona biaje honetarako Lequeitioko Kolejiotik etorri zen».

Notizi honek fetxagatik deitzen du atentzioa. 1736. urtean eleizaren nabarduran lan egiten bait zen ordurako. Zera pentsa daiteke, Zaragozan anai horrek Loiolan ordurarte harnabarra imitatzeko erabilitako metodoaz beste berri bat, hobea, erabiliko zuela.

Egia zera da, egun horietan azkar zebiltzala eleiza inauguratzeko. Saritzeko kontuetan esaten den honek konfirmatzen du: Joseph Uzini 66 Er. eman zizkioten eta peoi bati 16, aldamuak kentzen lan oso ondo egin zutelako.