Naranja erdiaren dekorazioaz (42. eta 44. lam.), garrantzi haundia du H. Hager-ek egiten duen oharrak; «horren arauera, Fontanak barneko kaskua dibisiorik gabe utzi ohi badu ere -eta hortik konklusio hau atera ahal izango balitz ere, fajak geroago erantsiak izango liratekeela-, arkuen tartean zabaltzen diren errezel haundiak bere barnean errege-armarriak hartzen dituztenak, Fontanaren gairik begikoenak dira eta horregatik segura asko bere diseinuaren seilua dute» (58).
Gainera, bere geroagoko beste obra batzuekin -Austriako Leopoldoren hil-mahaiarekin (1705) eta Portugalko Pedro II.arenarekin (1707)- duen antzak konfirmatzen du.
1730.go azken hilebeteetan eta 1731.go aurrenekoetan, naranja erdian jarritako toldo bat aitatzen da; hori, Madrideko arkitektuen iritziari jarrituz, eleiza osoan egin zen nabarduraren antzera, kupula barnean erabilitako arearriaren pinturarekin elkartua egongo litzateke. Toldo harekin zera lortu nahi izango zuten, naranja erdiaren pintura ez zedila erori ahal izan eleizaren erdi-leku hartan zebiltzanen gainera.
1731.go martxoaren 5. eguneko fetxa duen kontratu bat aurkitzen da; naraja erdiaren alboko dorre biak burutu behar zituzten bolez da kontratua: «Pedro de Estebanot eta Pedro de Cassas, Azpeitiako auzokoekin -dio idazkiak- hontan gelditu nintzen, dorreak buratzeko bolak, egurrrez eginak daudenak, txapaz edo brontze-orriz estali behar dituztela, oso ondo soldatuak, eta, Sebastian de Lecunak, Kolejio honetako Maisuak, agintzen duen lodian, eta Estebanoti eta Cassasi
egiteko eta neurtzeko lana libra bakoitzagatik belloiezko bost Er. emango zaizkie, eta behar den kuprea Kolejioak emango die, eta urte horretako ekainaren 24rako bukatu behar dituzte (L.Cu. 4. z., 10r. or.).
Kontratuan bigarren atal bat zihoan, naraja erdiaren bolari zegokiona; bola hura urte horretako Santu Guzien egunerako bukatu eta estali behar zen; baina hori ez zen orduan egin, pixka bat geroago baizik.
1731an (martxo-apirilan) 2.452 Er. ordaindu ziren dorreetako bolentzako 450 libra kupregatik, eta 2.062 eta 1/2 bolak egiteagatik. Eta 1732an (martxo-apirilan) 1.615 Er., bi dorreetako bolak eta gurutzeak urretzeagatik. Horretarako 3.000 urre-xafla erabili ziren, mila bakoitza zilar dupleko l30Er. (F.L. 264 eta 273).
1732.go agostuko 18ko bisitaren oroit-agirian, A. Manuel de Prado Probintzialak eskerrak ematen dizkio A. Pedro Casas Erretoreari «eleizaren konstrukzioan duen ardura eta axolagatik».
1732ko udazken aldera 1.275 errialeko kontu bat agertzen da; Juan de Lane edo Laune-ri, frantzes irudigile bati, eman zizkioten: 1.050, iradi bat egin zuelako, eta gainontzeko 225, zortzi Birtuteen sinbolo-irudientzat egindako zortzi ereduengatik, heuren ikur-hitz eta aktitude bereziekin; irudi hauek naranja erdiaren oinean jarri behar ziren.
Alabaina, ez zituen eredu hauek Lanek egin, geroagoko Italiako irudigile batek baizik.
1733an eskaileren bantzuetan lanegiten da. Eleiz sarrerako eskailera haundiaren datu bat izango da. Eskailera hau Fontanak asmatutakoa eta Hager-ek argiratutakoa baino askoz ere ospetsuagoa da (25. lam.).
Lecuna 1733.go abenduaren 8an hiltzen delako, eskaileraren proiektua Lecunak maisu bezala eta Iberok aparejadore bezala dirijitzen duten aldikoa da. Ibero da hura bukatzen eta haren zatirik haundiena dirijitzen dueña ere, eta probabile hari batez ere zaio zor haren eder miresgarria.
Urte horretan ere maiatz-ekain aldera naranja erdiaren kanpoko burnizko mailak jartzen dira.
1734. urtekoa da eleiz ateko eskailera nagusirako bi orriko atea: 38 kalostra zituen heuren beheko eta goiko burniekin. Eleizaren ateko arkupea ixteko proiektu bat zen, baina ez zen egin. Kontu honen nota batean, 1759ko fetxan, zera esaten da, haietako sei kalostra, aldare nagusiko sagrario atzean jarri zirela, eta han aurkitzen dira gaur. Besteak beste gauzetarako erabili ziren.
1734. urteko udarako kontu bat aurkitzen da; berak Lane-ren ondoren etorri zen irudigilearen berri ematen digu. Honela dio: «1.244 eta 1/2 Er. Horrenbeste kosta dira Erromako irudigile Gaetano de Pace-ren eta haren morroiaren janariak, eta hura, haren morroia eta haren ereduak, erramientak eta gainontzeko trasteak Lisboatik Baionara itsasoz eta Baionatik kolejio honetara lehorrez ekartzeko fletatu eta alkilatu behar izan diren morroi eta mandoak».
Pace Baionara 1734.go agostuaren 13an heldu zen. Ez zen Loiolan luzaroan egon, gaisoaldi motx baten ondoren, 1738.go otsailaren 13an hil egin bait zen. Urte hauetan hark arte-lan gutxi samar egin zuen.
1734.go urte horretan beste kontratu bat aurkitzen da, 1731an atzeratu egin zela ikusi duguna. Kontratuak honela dio: «1734.go Abenduaren 14an, Thomas de Auiranot eta Pedro de Casasekin, Azpeitiako auzoekin, Eleiz berriaren Linterna burutzeko Errege-Kolejio honetan egina dagoen egurrezko bola kuprez lantzeko edo estaltzeko tratua egin dut: Ignacio de Iuerok seinalatuko duen lodiko 19 zati jarri behar dizkiote, eta hurrengo 1735. urteko otsailaren 20rako bukatu behar dute; zatiak iltzez gogor josi ondoren soldatu egingo dituzte, eta Kolejioak horretarako behar den kuprea eman behar diete eta gainera plantxa horiek egiteko lana zidar zaharreko 2 errialean ordaindu behar diete, eta kupreak edukiko dituen galerak prezio horretan sartuko dira».
1735.go maiatzaren 18an edukitako kontsultan A. Erretoreak zera propositu zuen «Obraren Maisuak Eleizaren naranja erdiak bizio bat zeukala nabaritu zuenez gero, eta beste kalte haundiagoren bat saihesteko, Maisuak zera irizten ziola, bi burnizko uztai jarri behar zitzaizkiola, biak Naranja erdiaren inguru osoa hartzen zutenak, eta honekin kalteari aurrera joaten eragotziko zitzaiola. Kontsultoreek zera uste izan zuten, Maisuak esaten zuena segituan ejekuta zedila».
F.L.an, Maiatz-Ekain hilabeteetan, zera anotatzen da «5.366 1/2 Er. Naranja erdiari bere inguruan kanpo aldetik jarri zitzaizkion bi uztaiengatik; 57 kintal zen haien zama; kintal bakoitza 5 pesu kosta zen, hor sartzen ziren ere uztai horiek eta haien gartzak egiten, lantzen eta gabilak kos-tatako 894 Errialak etab.»
1735. udazken aldera Arabako Salvatierratik bost harri ekarri zituzten: bata ateko G.A.S.aren irudirako, eta beste laurak ateko eskaileraren leoiak egiteko.
Azkenean, «1735. urte honetako urriaren 25an Eleizaren literna burutzeko Gurutzea asentatu eta jarri zen. Gurutzearen buruan, sortzen zaion ontzi erdian Lignum crucis bat dauka sartua. Berebat, azkeneko harriaren gainkaldean, berunezko kaja batean, ondorengo Erliki hauek jarri ziren: Lignum crucis, G.A.S. Inazioren hezurrak, Xabierko S. Franciscorenak, Alcala-ko S. Diegorenak, Victorino Martir S.arenak, S. Paulo Apostoluarenak, eta Petronila S.arenak; Agnus Dei, Carabaca-ko gurutzeak, Burgos- ko Kristo S.rena eta gure Andre Edurneren domina bat» (F.L. 302 or.) (59).
Buru-gurutzea jartzearekin eleizaren kanpoko obra bukatu zela egiten zen; horregatik, obra bukatu zelako, saritzeko 3.830 Er. eman ziren: 3.012 maisuari eta gainontzeko 818 ofizialei eta peoiei; gainera 201 Er. kanpo-egun bateko janaria ordaintzeko (F.L. 307 or.). Aktua ospatzeko ez zuen, jakina, musikak hutsegin behar, eta hala 7 eta 1/2 Er. seinalatzen dira eman zitzaizkiola «ttunttuneruari».
1735. urte beraren azarearen 5an, linternaren leihoetarako burnizko eta kuprezko ajustea anotatzen da.
1736.go urtarril-otsailaren kontuetan zera agertzen da: «119 Er.; hori kosta zen Gure Aita Santuaren harrizko irudiaren kuprezko buru-uztaia egitea, eta gainera horretarako behar zen kuprea. 2.672 eta 1/4 Er. 47 eta 1/2 kintal burni, kintal bakoitza 56 eta 1/4 Er., Naranja erdiaren 16 leihoen marku eta burni-sareentzat». (F.L. 311 eta 314 or.).
Holandatik eta beste ipar aldeetatik ekarritako lankaiak 1.447 pesu, 7 Er. eta 18 marabedi zilarrezko balio izan zuten, hau da, 11.583 Er. eta 18 marabedi zillar zaharreko. Hauek izan ziren: «Amburgotik berin eta alanbreak, Baionatik kuprea, Amsterdamdik berun zuria, Leusaina, Minio eta gardinga, Eleiz berriaren leihoen leiarretarako eta haren naranja erdiarentzat naslika egiteko».
»4.156 Er. hori kosta izan da naranja erdi nagusiena urreztea; horretarako urrezko 17.800 xafla behar izan dira. Baitere 1.055 Er. nabardura egiteko eta kanpo aldeko zirrikituak betetzeko» (L.Cu 4. z., 62v or.).
Pace-ren kontuetatik ere badakigu honek, 1735 eta 1736 tarrean zilarrezko 8 errialeko 1.750 pesu kobratu zituela, hau da, 26.503 Er. eta 18 marabedi Eleizaren naranja erdian arbotante gainetan dauden zortzi irudiengatik, bakoitza 220 pesu 8 zilarrezko errialetan.
Jasotako diruari begiratzen badiogu, bere aurreko Lanek egindako zortzi ereduak reproduzi besterik ez zuen egin.
Aitzitik, «400 Pesu, hau da, 6.023 Er. eta 18 mr. hartu zituen, Eleiz Ateko Arkupean dagoen G. Aita Santuaren irudiagatik, eman egiten dizkiot, bukatu gabe utzi bazuen ere, irudiari beste repaso bat ematekotan bait zegoen».