Loiolako errege-kolejioaren eta eleizaren konstrukzioa

HASIERAAURKIBIDEA

Armarriak (1717-1722)

Hasieratik izen zan puntu hau deliberatzeko gai. 1717.go abenduaren 7ko kontsultan «Kontsultoreek zera erabaki zuten, Eleizaren aurrekaldean Alabastrozko edo Navarrako har zurizko erregearmarria jar zedila» eta berdin egin zedila Eleizan jarri behar zen beste edozein armarrirekin ere, horrela hobeto geldituko bait zen, Eleiza egiten ari diren harriarekin baino, honi distira aterako baliote ere. Alabaina, armarri hauez ez da beste notizirik aurkitzen hiru urte geroago arte. 1720.go abenduaren 13an Probintzialak zera agintzen du, delibera dezatela kontsultoreek «ze armak jarri behar diren alboko armarrietan, hau da, erdiko arkuan jarri behar den errege-armarriaren bi aldeetan, etxeaurreko arku gainetan. Eta denak zera esan zuten, Jesus eta Maria izenak jar zitezela, Loiolako Etxearen armek eragozpen bat baino gehiago zutela eta gainera Mariana Erregin Andreak, berak hartutako Kolejio honen patrona-tuan, zera agintzen zuela, ez daitezela aurrekalde horretan Erregearen armak baizik jarri».

Santuario de Loyola

Dokumentu honetako hitzen aurrean, A. Probintzialak zera erabaki zuen «Errege-armarria Felipe V.ak daukan bezala jar zedila, eta alboko armarrietan YHS eta Mª jar zitezela». Horrela, bada, obrak hasi zirenean errege Carlos II.a bazen ere, orain Austrien armarriaren orde Borboiena jartzen da.

Baina, armarri hauek ez ziren Loiolan landu. Haiengatik 16.200 Er. ordaindu ziren. 15.000 Er. Eleizaren aurrekaldeko hiru armarriak ajusta zirenak, itsasontzi barruan kajoietan arrisku guzira jarriak, eta gainontzeko 1200 Er. bidean ekartzeko, 15.000 Errialen ehuneko 8an Genovan jarriak; gastu hauek Madrideko ofizioari kargatzen dizkio 1722.go urtarrilaren lgo kontuetan (L.F. 173 or.).

Ateko arkupea egiterako, izan ziren edo zitezkeen aldakuntzak, interes haundiagoko edo txikiagokoak, ez dira aitatu gabe utzi behar.

Fontanak urte hauetan egindako etxeaurreak, H. Hager-ek (52) ikertuak, kontuan hartzen baditugu, Loiolako atearkupean probabile frontiseko erlaizpea trigliforik gabe aurkituko litzateke, eta han zehar, beste aurrekaldeetan bezala, dedikatzeko idazkuna. Alabaina, erlaizpea dekorazio-barrokoharburuez zatitua agertzen da; dudarik gabe, apaingai horiek lekuko artistei eta Churrigeraren influjoari zaizkie zor.

Hala ere, Alcañicesko Markesen expreso agertutako nahia betetzeko, ikus daiteke -neurriagatik eta zolatik urruti aurkitzen delako nekez irakur ba daiteke ere- idazkun bat, erdiko eta ertzetako arkuen artean banatzen dena; honela dio: «Luis Henríquez de Cabrera Jaun eta Teresa Henríquez de Velasco Andre Agurgarriek, Alcañizasko Markesek, Etxe Santua eta Patronatua aske eta bere oldez eman zioten Austriako Maria Erregin Ama Andreari. 1681. urtea». Urte batzuk geroago, akats hau erremitzen saiatu ziren eta monumentuaren bailagibel nagusian, erraz ikus daitekeen tokian, ohore-harri lau batean, bigarren idazkuna jarri zuten.

Atearkupean beste aldakuntza bat azaltzen da. Zutabe eta zutarrien alturaren eta zokalo edo puntuen alturaren proportzioa Loiolan ez da San Marcelo-ren aurrekaldean, Faustino eta Jovita Santuenean eta Bolandisten marrazkian agertzen dena bera; hemen zutabe eta zutarriak Loiolan baino luzeagoak dira eta ez hain altuak plintuak. Baitere zera ikusten da, bolandisten alboko arku tarrean baranda bat agertzen dela, gaur ikusten den harrizko karel betearen ordez.

Oraindik ere beste aldakuntza bat aurkitzen da. Bolandisten marrazkian, atearkupea burutzen duen barandan, su antzeko bola eta eskultura batzuk aurkitzen dira, seguru asko Fontanaren diseinuan zeudenak; hori gainera Libro de fábrica-n agertzen den datu bategatik dakigu; 1723.go maiatz-ekaineko kontuetan zera esaten da: «120 Er., Bernardo de Frias eskultoreari, Burgosko auzoari, eman zitzaizkion, aurrekaldeko harrizko irudiak tajutzera etorri zenean, etorri eta joateko gastua ordaintzeko» (L.F. 189.or.). Beraz, Fontanaren apaintzeko eskulturak egitea pentsatu zen; baina, lehen saio hau ustel gertatu ondoren, ez da gehiago irudi haiez hitzegiten, eta ez ziren egin.

Atearkupearen beste alde batean Fontanak bere seilua nabari utzi zuen. Loiolako ateondoko hiru arkuko arkuteria, Hager-ek uste duenez, Ariccia-ko Maria Assunta Santutik dator; hura eraikitzen eskuartu bait zuen Fontanak, garai hartan Bernini-ren laguntzaile bezala.

Wittkover-ek, Hager-ek gogoratuak, dioenez, «Fontanaren konstrukzio guzietatik, agian horrek atera du besteak baino lehenago eta gainera oihartzunik haundiena». Handik datoz S. Girolamo della Carit Erroman, Turin-go Cristina Sta., Trinit dei Pellerini (Erroma), Maria del Suffragio Sta. Tarquinian, l'Annunziata Napoles-en, Catania-ko Collegiata eta Wurburgo-ko Neumünsterkirche. Wittkower-ek egindako zerrenda honi, Hager-en iker-lanaren ondoren, Loiolako Ate-arkupea erantsi behar zaio.