Loiolako errege-kolejioaren eta eleizaren konstrukzioa

HASIERAAURKIBIDEA

Atearkupea (1720-1724)

Churrigera-Zaldúa-Lecunari egindako kontsultaren ondoren zizel-lanetan mugimendu haundia ikusten da. 1720.go maiatz-ekainean Izarraiztik sei harri haundi ekarri zituzten, Ate-arkupeko kapitelak eta erdiko arkuaren giltzarria egiteko. 1721.go martxotik urriara beste lau ekartzen dituzte kapitelak eta moldurak egiteko, eta urte horretan bertan azaro eta abenduan beste bederatzi, molduretako.

Santuario de Loyola

Hilabete horietan (agostu-urrian) lanean ari ziren zizelkari batzuen izenak ezagutzen dira: Tomás de Ponte, José Antonio de Iparraguirre, Miguel de Aranaz, Antonio de Maíz (L.F. 182 or.).

Beste batek, Abalia zeritzanak, «Eleizaren arkupean dagoen aurrekalde gaineko tarjeta» zizelatzen du. Lan honegatik eta «kapitel baten lehen orriak zizelatzeagatik» 732 er. ematen dizkiote 1721.go urrian (L.F. 170 or.).

Beste batzuk etor-tokiko izenez bakarrik ezagutzen dira. 1722.go martxoan «valenciano»ari 5.280 Er. ordaintzen dizkiote «8 kapitel egin zituelako, 44 zilarrezko eskudo bakoitza». Kopuru honetan hiru ofizialen, harriak leunduak eta gertuak eman zizkiotenen, jornalak ere (1524 Er.) sartzen ziren (L.F. 177. or.).

Beste kasu bat da Vianatik etorritako zizelkari batena, «haren zizel-lana kolejioko obra-maisuaren gustokoa ez zelako, ez ere Eleizako kapitelen gainean jartzeko bezain ona, gainontzeko aurrekaldeko kapieteletan egindako zizel-lanen parekoa izan behar bait zuen», horregatik kontsultoreek bidaltzeko erabakia hartu zuten, «baina bere Herrikoen artean izen onik ez galtzeko moduan... eta, hala, zera adierazi zieten kanpokoei, ez zegoela naranja erdiko zutarrien kapitelentzako harri gerturik, eta horrek haren kontura joan behar zuela, hori zela baldina. Horrela egin zen, kolejioan egindako lan-egunak ordaindu ondoren». Erabaki hori hartu zuten 1722.go urtarrilaren 4an egindako kontsultan; horrek zera agertzen du, nola begiratzen zuten langileei kalterik ez egiteko.

Beraz, aitaturiko datuetatik zera ikusten dugu, lehenbizi ateko arkupetan egin zela lan, eta ondore-ondoren zirkuaren barneko zutarrietan.

A. Baza erretoreak egindako lan eta erabilitako arduragatik, A. Probintzialak hari 1722.go agostuaren 12ko bisitan zorionak ematen dizkio (L.V. 50.or.) eta Etxe Santuko obra aurrera eramatera eragiten dio, «Lagundi osoak amesten duen gogoa baita». A. Argis Probintzial berak 1724an halaber zorionak ematen dizkio Erretore eta Bazkunari «beren garra santuz horrenbeste on bizten dutelako».