Loiolako errege-kolejioaren eta eleizaren konstrukzioa

HASIERAAURKIBIDEA

Joaquin de Churrigerak esku hartzen du (1720)

Gai hau José Ramon Eguillor-ek artikulo argi batean azaldu du: Loiolako basilikaren konstrukzioan Joaquin de Churrigeraren esku hartzea (49).

Lecunak egindako kontsultaren hiru erantzunetatik Fr. Pedro Martínez-ek emandakoa bakarrik kontserbatu da. Kontsultari diseino batzuk erasten zitzaizkion, eta haien galduak asko zailtzen du textua ulertzeko lana, textuan behin baino gehiagotan aitatzen bai dira.

Fray Pedrori Lekunaren explikazio eta diseinuak ez zitzaizkion nahikoak iruditu, hala «haien eta diseinu sortaren bidez ez daiteke osoro jantzi proiektuak eta konstrukzioa ikusi ez dituena».

Ez zitzaion Zalduari hori gertatzen, Loiolako proiektuak eta han eraikia oso ondo ezagutzen bait zituen. Churrigerak, bere aldetik, horretara dudarik gabe A. Probintzialak, bitarteko egin zuenak, eraginda, obra bisitatzeko erabakia hartu zuen, problema berez ezagutzearren.

1720.go apirilaren erdi aldera heldu zen Joaquín de Churrigera Loiolara, «bere iloba bat, bi morroi eta beste lagun batzuk zekartzan lagun». Zaldua Lekeition Lagundiaren Kolejio bat dirijitzen ari zen eta handik etorri zen Loiolara, eta 18an izan zuen bilera Lecunarekin, Martín de Vergara Anaiak 19ko eskutitzan A. Probintzialari jakin erazten zion bezala:

»Onik heldu zen Churrigera Jauna, eta atzo hitzegin zuen Sebastián de Lecuna eta Martín de Zalduarekin, eleiz eder honen arkuak eta gainontzeko konstrukzioa nola egin behar diren; eta hain labur jarri ziren batera, hizketak ez zuen bi ordu luzatu, Churrigera Jaunak eta gainontzekoek obra osoa nola egin behar zen bait zekiten.

Ez dakit nola goratu Berorri zeinen pozez gelditu naizen, horrela Maisu argiak batera etorri direlako eta obra hau haien direkziopean egin behar delako; horrela ziur gaude oso ondo eta seguru egingo dela.

Joaquín Jaunak kontsultaren kopia bat darama Berorri erakusteko.

Joaquín Jaunari ehun dobloi bakun eman dizkiogu, motx ez gelditzeko Erretore A.ri eta neri nahikoak iruditu zaizkigunak» (50).

Zoritxarrez, «erabakitakoa idatzi eta heuren izenez firmatutako» papera, Loiolan gelditu zena, ez da ageri, eta berebat Joaquín Jaunak berekin eraman zuen kopia ere.

Lecunaren kontsultan hiru puntu nabaritzen dira. Aurreneko eta haundiena, zirku-lekua eta eraztun-lekua separatzen dituzten zutarrien gainean eraiki behar ziren arkuez. Gai hau argitzeko deitutako maisuek bi iritzi zituzten. Batzuek zera zioten, arku horiek turut-erakoak izan behar zutela. Iritzi hau Fray Pedro Matinez-ek guziz sendo defenditzen zuen; bere alde Antonio Desgodetz ekartzen zuen, Verona-ko Anfiteatroaren deskripzioan, Erromako Koliseoan eta honen antzeko beste eraikuntzetan agertzen den bezala. Ez zitzaion laket Lecunari soluzio hau, eta hark zera irizten zion «bai diametro txiagoko bai haundiagokoa eraiki behar zirela, eta horrela lurrera begira dauden tarteak giltzarrian horizontal geldituko zirela, ertzak rektu joango dira arku osoan, baina zirku pixka bat ere dutela».

Bere aldetik, A. Eguillor-ek, oso dokumentu gutxi aurkitzen zelako, zera dio «neronek arkuak alde guzitatik ikusi nahi nituen soluzioa zein den jakiteko. Ez ninduen ezerk asetzen; baina, egun batean, korora eta bobedetara daraman karakoleskaileratik igotzea bururatu zitzaidan eta kanpoko eskubiko arkuaren altura berean, atarira jotzen duen hiruangulo-leiho txiki batetik begiratu nuen. Ordurarte ikusi ez nuena ikusi nuen; hantxe ikusten ziren oinarrietatik ertetzen ziren arkuaren barneko eta ateko lerro biak; gero, kanpoko lerroa izkutatu egiten zen (barneko lerroa baino gehiago igotzen zen seinale), arkuaren giltzarrira hurbiltzean berriz ere agertzeko; eta giltzarria osoro horizontal zegoen zolari begira.

Zer pentsa behar zen garbi zegoen: Loiolako Basilikako arkuak, heuren aldeetan, turut-erakoak direla, baino kanpoko aldekoaren bukaeran pixka bat beheratuak; goiko harrien zama berune-berunean erortzen da giltzarrien gainera» (op. cit. 447).

[N.B. Horain dela gutxi obserbazio hauek beste batzuek hobetu eta osatu dituzte: alde batetik, Francisco Javier Capote arkitektu Jaunak, eta, bestetik, Juan Angel Serna Urbaneja Jaun eta José Luis Camara Sadurni Jaun arkitektu teknikoek. Haien neurketak datu hauek ekarri ditu:

1.- Inpostak edo arkuen oinarriak, eta haien giltzarria ere, zolari begira guziz horizontal daude.

2.- Haien aldeak turut-erakoak dira, hau da, kanpotik irikiagoak barnetik baino, alde batetik barneko lerroa igotzen doala, eta bestetik kanpokoa beheratzen giltzarria ikutzeraino.

3.- Arkuaren kanpoko eta barneko lerroen artean irudimen-erdi-lerro bat marratzen badugu, sortzen den arkua -planua, ez alabeatua- erdipuntukoa da osoro; beste biak -barneko eta kanpoko lerroenak- ez dira regularrak.

4.- Makoarriak barneko erdi-puntuko lerro gainean balantzan doaz; barnez beheratu egiten dira barneko arkuaren lerroraino, eta kanpotik igo, kanpoko arkuaren lerroraino, eta zirku-erari egokitzen zaizkio.

5.- Alde bietako lehen makoarriak bakarrik dira erabat turut-erakoak, hau da, estuagoak barnetik eta zabalagoak kanpotik; besteek, gehienbat, konstruktzeko praxi-arauari jarraitzen diote: egitez, bere lerroak paraleloak dituzte, ajuste arin batzuekin.

6.- Estudioan alde batera utzi da arkuek agertzen duten okerkera eta, rotondaren mugimendu guziari jarraituz, kuadroan sartzeko erabiltzen diren petxinak, eta hori haatik, haren efektua deskarga-arkuek eta horma-bularrek errez konpentsatzen bai dute.

7.- Baitere, kanpoko faja ere -dena oso turut-erakoa- arkuak jirolako bobedekin elkartzen dituena, alde batera utzi da.

Signatua: José Ramón Eguillor S.I.] Kontsultaren bigarren puntua eraztun-arkupearen edo jirolaren bobedei zegokiona zen. Hemen textua hain laburra da, Fray Pedrok hala dio, «ez du haiez inork juzgatu ahal izango explikazio zabalagorik gabe eta proiektu osoa ikusi gabe, ez bai daki zein den haren konstrukzioaren disposizioa eta horregatik ez bai du haren zama neurtzen, hortik eusteko ze indar behar duen kontsideratzeko».

Bigarren puntu honetaz, bobedei doakienaz, A. Eguillor-ek zera komentatzen du: «Bobeda horiek ikusteak neri zera esaten dit, eraztun-arkupe horren zati bakoitzean, aldare bakoitzari eta koroko organuari dagozkionetan, zera berezi behar dela, alde batetik bobeda bera, uztaiez egindako gezur-bobeda dena (beti uztaiezkoa, eta ez txandaka uztaiezko bobedak ertz-bobedekin, O. Schubert-en marrak bere obran Historia del barroco en España-n supositzen duen bezala); apaintzeko besterik ez da, ez dio ezeri eusten, kontsultan uste zenez; hori agertzen zaio eraztun-arkupeko zolatik gora begiratzen duenari; eta gero bestetik deskarga-arkuak, horma-bularrak, zintoi rektu eta zeharrak, eta ganbaretan eta teilatuetatik ikusten diren zutabeak, rotondaren bi hormekin -barneko eta kanpokoarekin- batera lan egiten eta goiko eraikuntzaren zamari eusten diotenak» (Op. cit. 447-448).

Bileraren ondoren, Zaldua segitun, Lekeitiora itzuli zen, baina Churrigera Loiolan zazpi egun gelditu zen, egun horietan Lecunak asko hitzegingo zuen harekin, bere dudak agertuko zizkion eta orientazio batzuk eskatuko. Beste puntuen artean, batez ere apainketari zegokionaz tratatuko zuten, horixe zen kontsultaren hirugarren eta azken puntua.

Han galde honi erantzuteko eskatzen zen: «komeni izango da zizel-lanen apaingarriez zer iritzi duten esatea, oraingo zirriborroan doazen erlaizpeak nahikoak diren ala ez, edo ea hauen orde zizelatu gabeko apaingaiak jartzea hobe izango ote litzatekeen, eta ea erlaizeko kartelak agertzen diren eran eta banaketan ondo dauden, eta ez daudenean, adierazi nola, berriz ere egingo den proiektuan, Eleizaren barruko eta kanpoko dena agertzean, egin behar dena marra dadin».

Garrantzi haundiko galdera honi Fr. Pedro Martínez-ek aurrekoei baino luzeago eta zehatzago erantzuten die: «Argiago adierazi behar zen -dio- bost ordenetako zeinetan eraikitzen zen basilika, haietako bakoitzak, berari dagozkion apaingai bereziak bai ditu. Diseinutik ez dut oraindik nabaritzen orden konpositua den ala ez, orden honetara korinto-ordenera baino gehiago hurbiltzen bada ere. Eta konstrukzioa orden hartan egin izan balitz, horrelako eleizetarako oso egokia delako, zera diot, zizel-lanak ez zaizkiola gaizki etortzen, neurrikoak, aukeratuak eta simetriko eta eratsu jartzen baldin badira behintzat».

Gero erlaizpetarako zera gomendatzen du «erredolatxo batzuk... hutsune batzuek bata besteen artean utzirik begiak deskantsa dezan, edo bata besteen artean serafin-joku batzuk eta horren antzeko beste zerbait». Haiek modu onean eta eratsu jarri behar dira -erasten du-, konstrukzio osoari ospe ona emateko hala, eta ez hainbeste gehiegizko jakingura txoroa bizteko moduan, eta ez bekizkie haren zatiei proiektuan bezalako tarjetak jarri, horiek erakus-tokietako eta pinturakuadroak apaintzeko egokiagoak bai dira, horrelako estilo serioko obretarako baino».

Beneditarraren lekzio pseudoklasiko neurritsu eta eratsu hau alde batera utzirik, ziur eduki dezakegu, Churrigerak, ez bakarrik zituela zizelapaingai haiek, Lecunaren «zirriborroen» ornamentu ugariak baiestuko, baina hartutako barroko-lerroan jarraitzera eragingo ziola, Fray Pedroren oharrei kaso egin gabe.

Burgosko Maisu Haundiaren eta Salamancakoaren arteko iritzi ezberdin hau batez ere petxi-nen ornamentuan agertzen da. Burgoskoak hala idatzi zuen: «Arkuen petxinetan ez dut uste zizel-apaingairik jarri behar denik, konstrukzioa jantzi gabe dagoelako, hemen gogaikarri izango litzateke eta gaizki etorriko; eta horren lekuan hustu batzuk barman moldura jaiki batzuekin egoki izango lirateke».

Ze urruti gelditzen diren Fray Pedrok gomendaturiko moldura lau hauetatik, Eleiz atariko eta barneko petxinak hain oparo estaltzen dituen osto-anabasa eta roleo bihurriak!

Baitere nabari da Churrigeraren seilua erlaizpe, kapitel, moldura eta giltzarrien apaingai aberats eta ugarian.

Salamancara itzultzerakoan, Churrigera eta haren lagunak Burgos-en gelditu ziren A. Probintziala agurtzeko.

Loiolan guzi haiei jaten ematen 20 errial gastatu ziren egunero, 140 errial guzira zazpi egun luzatu zelako haien egonaldia (L.F.R. 160). Horri Joaquin Jaunari bere lanagatik emandako 6.000 errial erantsi behar zaizkio.

Aukera eskuan zutelako, Churrigerari kontsulta hau ere egin zioten: «ea Kapila Santuaren edo Konbertsio Kapilaren goia altxatzea komeni zen ala ez. Churrigerak ezetz esan zuen, eta A. Pedro Basterra jesulagun arkitektuak ere ia berrehun urte geroago, 1915an, hark ere ezetz esan zuen -Arkibuko dokumentuan ageri denez- haren iritziari jarraitu ez bazioten ere» (51).

A. Probintzialak Burgostik honela laburtzen zizkion bere inpresioak Martin de Vergara Anaiari maiatzeko 7ko eskutitzan: «Oso pozik gelditu naiz Churrigerari entzun ondoren eta arkuen eta Eleiz osoaren egikera, horren guzien iritzi berdinean konpondu dela jakitean. Hortan gastatua ondo enpleatua dagoela uste izen behar da, orain ikararik gabe egingo baita lan. Eta ni honekin oso pozik nago Churrigeraren eskuartzea erabaki nuelako; hau bere aldetik oso kontentu dihoa hartutako tratu eta ordainarekin» (450. or.).