Gero eta eragozpen gehiago agertzen zen; horregatik arkitektu ikasiago bat bilatzea pensatu zuten.
Hau Sebastián de Lecuna (46) izan zen, Oiartzunen jaioa, lurraldeko obra-maisuen artean oso estimatua, Loiolako Arkibuan (LHA, 2-3) kontserbatzen diren eskutitzetan agertzen den bezala. Haiei esker zera dakigu, 1726 eta 1733 urte tartean, Loiolako maisu zela, Erretorearen baimenarekin, behin baino gehiagotan esku hartu zuela, garrantzi haundiagoko edo txikiagoko gauzetan, Roncesvalles, Ermuako, Oiartzun, Elorrio, Bergara, Lesaka, Tolosa eta Alkizako eleizetan. Lan horiek egiteko eta tasatzeko enkarguak, alde haundi batez, Loiolako maisu haundiaren karguak emandako izen onaren ondore bezala ikusi behar badira ere, konstruktore bezala zuen jakintzaren eta famaren seinale dira.
Lecuna Loiolan 1719an hasi zen lan egiten. Lehenbizi zertan aritu zen, konstrukzio-Liburuko datu honek jakin erazten digu: «1620 Er., haietako 1500 Sebastián de Lecunari, Oiartzungo auzoari, emanak, hilabete baino gehiago Eleizako arkuen monteak egiten, moldeak ebakitzen, arkuak marratzen eta beste gauzak egiten aritu delako. Eta gainotzeko 120 Er. bere morroiari emanak, denbora horretan lagundu ziolako» (L.V. 145 or.).
Jakina da ere hura obran admetitzeko ze gorabehera bereziak izan ziren; 1720.go urtarrilaren lehenengo egunetako etxeko kontsultgatik dakigu. Han «zera propositu zen, ea Sebastian de Lecuna, Obraren Maisua, Kolejioan ademetitzea komeni zen ala ez, gure artean bizitzeko erabakia hartuko balu, alde horretara jotzen bait zuen; eta Kontsultore guziek batera zera zioten, ez komeni bakarrik, baina oso onerako izango zela».
Lecunak bere gogoan behin eta berriz ekiten zuenez gero, A. Probintzialak Jeneralari idatzi eta eskatu egin zion. A. Jeneralaren erantzunean, 1720.go otsailaren 13an, Aitak «baimena ematen du Sebastian hori gure artean bizi dadin eta Kolejioan gela bat dezan, baitere Lagundian heriotzorduan admetitua izan dadin obran egiten duen lanagatik» (47).
Lecuna monteak egiten, moldeak ebakitzen, arkuak marratzen eta horrelako lanetan haatik aurkitzen dugu, Loiolako kupula astunari eutsi behar zioten arkuen konstrukzioa tekniko oso zaila bait zen. Konstrukzioa, Sebastian de Lecuna haren kargu egin zen unean, arku horien oineraino eraikia aurkitzen zen.
Eragozpen hau ez zitzaion 1851an F. J. Echeverriaren begiari izkutatu: «Beti arkitektuek oso gutxi eraiki dituzte zirku-baseko arkuok, haien arku-molduren kurba-lerroak eragozpen haundiak eskaintzen bai ditu, bere berunetik separa egiten bai dira, Loiolako arkuetan ikusten den bezala; haien giltzarriek separazio haundia dute, horrela miretsi daiteke lan harro hori eta bobedetan harri moztaileen iaioa» (48).
Hortik Lecunaren zer egin ezjakina, eta ez zuen irten ahal izan egoera horretatik, gauza argitzeko deitutako maisu batzuekin hitzegin ondoren, haien artean «iritzi ezberdinak bait ziren». «Orduan zera erabaki zen, Lecunak kontsulta bat idatz zezala, gero hiru Maisu ospatsuri bidaltzeko». Hauek izan ziren: Martín de Zaldua Maisua -haren obra Loiolan lehenago ikusi dugu-, Fray Pedro Martínez beneditarra, Arkitekturaz idatzitako liburuengatik teoriko ezaguna, Burgosko Katedraleko Maisu haundi izana, eta Joaquín de Churriguera, sasoi hartan Salamancako katedral berriaren Maisu haundia.