Loiolako errege-kolejioaren eta eleizaren konstrukzioa

HASIERAAURKIBIDEA

Obraren direkzioa

1713.go agostuaren 8ko bisitaren oroit-agi-rian, A. Caballero Erretore zela, A. Nicolás Bordas Probintzialak ondorengo disposizio hau utzi zuen idatzita: «igaro aldietan konstrukzioan ideatu edo egina aldatzeko errezak gastu eta atzerapen haundiak ekarri dituelako, zera agintzen dut oso zorrotz, ez dadila Kolejioaren konstrukzioan ez Kapila Santuan ezer egin edo aldatu aurreko kontsultarik gabe, AA. Kontsultoreek litteris separatis (bakoitzak bere aldetik) kargu honi bere iritzia idatzi gabe, arrazoiak ikusi ondoren, zer egitea komeni den erabaki dadin» (L.V. 40. or.).

Hitz hauek A. Caballeroren aurreko aldietako erretoreen gainera erortzen den gaitzespen nabaria adierazten dute. Eta haien gainera erortzen da, izan ere Loiolan ez da Salamancan -Austriakoen beste fundazio haundian- bezala gertatzen, han, Lagundiaren aldetik obraren arduradun berezi bat bait zegoen (43), eta Loiolan obraren direkzioa Erretoreak eramaten zuen, Anai Prokuradorea lagun.

Horrelako diru- eta denbora-gastua berriz alperrik gerta ez dadin, erabakiak Probintzialak beretzat reserbatzeko disposizioa hartzen du, Kontsultoreek bakoitzak bere aldetik idatzirik informatzen diotela. Kontsultoreen esku gehiago hartze honek, dudarik gabe direkzioaren jarraiari laguntzen zion, kontsultoreek karguan gehiago irauten zutelako.

Loiolan, gehienbat, sei urtetik denak pasatzen dira, badira zortzi, hamar eta hamalau urte irauten dutenak, eta A. Larramendi, beste gauzen artean euskera ondo zekielako oso estimatua lurraldean, 24 urte etengabe izan zen kontsultore.

Hemen jarritako araua, Kontsultore bakoitzak bere aldetik Probintzialari idaztekoa, gero Probintzialak erabaki dezan, behin baino gehiagotan bete bazen ere, egiaz direkzioa Erretoreak darama bere kontsultoreekin. Horrela ikusten dugu, 1717.go abenduaren 7ko kontsultan, A. Bazaren erretoretzaren hasieran, aldare nagusiaren posizioaz deliberatu zela, ea haren tarimak kapilek markatzen zuten zirkutik atera behar zuen ala ez; eta garrantziko puntua bazen ere, zera iritzi izan zioten kontsultoreek «horretarako ez zegoela Erromara ez Probintzialagana jo beharrik».

Baitere, direkzioari jarraia emateko, zerak laguntzen du, Erretore batzuk, Ribadeo eta Francisco Javier Pérez AA.ak esate baterako, lehenago Probintzial izateak eta kargu hori zutelako Loiolako obran esku hartu izateak, eta, batez ere, A. Francisco Baza-ren erretore aldi luzeak, obra 16 urtean dirijitu bait zuen (1717-1733), eta gero ere beste lau urtean Konsultore bezala esku hartzen jarraitu zuen; Probintzial direnek haren jestioa baiesten zutenaren seinale.

Loiolan direkzioari jarraia ematen dion beste elementua zera da, Erretorearen direkziopean konstrukzioaren ardura duten AA. Prokuradoreek beren karguetan luze irauteak: Martín de Vergara A.ak 1714tik 1737ra irauten du, eta Francisco de Anduaga A.1730tik 1738ra Prokuradorearen Lagun bezala agertzen da eta 43tik 64ra Prokuradore bezala. Aitatu ditzagun, azkenik, konstrukzioaren maisuari aldika laguntzen zioten jesuita langilezainak; haien artean nabarienak hauek dira: Sagastume A.; honetaz 1737.go kataloguan zera esaten da assistit fabricae huius Collegii eta 1740.goan Architectus deitzen zaio; eta Lecuona A.; honen eginbeharra 1742tik 1748ra zera zen curat de constructione fabricae.