1704tik aurrera ekonomi-egoerak erro-aldakuntza sufritzen du, suzesio-guda dela eta, juroak kobratzen eragozpenak jasaten bai dira. Egoera hori hamalau urtean luzatzen da 1704tik 1717ra arte.
Obran ze aldakuntza sufritu zen jakiteko, aldera ditzagun urte horietako gastu guziak.
Monumentu-etxearen gastua, 1702tik 1704ra bi urte horietan belloiezko 180.056 errial zena, 1704tik 1707ra, hiru urte horietan, 82.184 errialera jaisten da, eta hurrengo bi urteetan, 1707tik 1709ra, 25.613 errialera, eta 1711 tik 1713ra 19.937 errial eta 23 marabedira bakarrik iristen da; horixe izan zen aldi honetan gasturik txikiena.
Gastuen horren beheraldi haundia eta ondoren konstrukzioarena, haatik gertatu zen, suzesio-gerra aurrera zihoalako Loiolak ez bait zituen juroak jasotzen, eta handik sortzen zuen sortu ere diru gehien eta seguruena.
Juro hauek zenbat balio zuten, 1682.go martxuaren 25an Valladoliden fetxaturiko eskripturan ematen da; han A. Pascual de Casanueva Probintzialak zera deklaratu zuen, Loiolako fundazioak urte batzuez gero, zenbait jurotan 4.134.817 mr. zituela, hau da, 121.612 Er. »Eta in verbo sacerdotis zinitz egin zuen, Errege-Kolejio eta -fundazioaren onerako Kapital eta Errenta zitezen beti, eta urtero kobra eta jaso zitzan sekulako» (Juros fundacionales del Colegio de Loyola, LHA 2-2).
Kapital horren erdia baino gehiago, hau da, 2.786.380 mr. Loiolara II. Carlos Erregeak 1679an emandako Pribilejio-Kartagatik etorri ziren.
Juro hori nola sortu zen seinalatzeak interes duela uste dut: 1653.go agostuaren 18an, Limatik A. Alonso de Buiza irtetzen zen. Berekin berak bildutako limosna asko zekarren; batez ere Perun bizi ziren giputzen artetik jaso zituen, Loiolan kolejio bat fundatzeko. Baina, A. Buiza bidean hil zen, Cartagena de Indias-en, 1654.go martxoaren 13an, eta A. Juan de la Rocha, haren bidelaguna, egin zen hark zekarren guziaren kargu.
A. Rochak (34) zekartzan ondasunen gorabeherak, Espainan isilean eta rejistra gabe sartu zirelako, zeintzuk izan ziren alde batera utzirik, zera gertatu zen, 37.552 pesuak -hainbeste zenbatzen ziren ondasunak- Hazienda Kontsejuaren disposiziora gelditu ziren IV Felipe Erregearen aginduz. Egoera horretan iraun zuten 1679 arte, 25 urtean. Orduan II Carlos Erregeak ordaindu egin nahi izan zizkion Castillako Probintzialari 32.060 pesuak -horretaraino jaitsi ziren 37.552 pesuak- eta mila bakoitza hamar milako juroetan eman zizkion, eta Sevilla hiriko Erreinuko ardoaren, ozpinaren, olioaren eta haragien extrakzioan situatu zituen. Pesu haiek zera balio izan zuten, zilarra ehuneko 75era gutxituz, beiloiezko 498.875 Er., hau da, 15.261.750 mr.
Castilla Probintziak juro hari 300.000 Er. erantsi zizkion, lehengo kondizio onetan -orduan juroak askoz ere merkeago ematen bait ziren-, eta haiek 10.200.000 mr. balio dute. Bi kopuru horiek 25.461.750 marabedi egiten zuten, eta horiengatik juro-errentan urtero 2.546.175 mr. Eman behar dira, mila bakoitza hamar milan. Geroago juro horretan bertan beste 240.205 mr. situatu ziren, mila bakoitza hamar milan ere, eta lehengoei erasten zaizkiela, urtero 2.786.380ko juro-errenta egiten dute. Hauxe zen, Madriden 1679.go agostuaren 8an Carlos IIak emandako, Pribilejio-Kartan agertzen zen zifra.
Horrela, suzesio-gerragatik juroak kobratzen ez zirenean, Zalduarekin egin kontratuan jarritako kondizioa betetzen zela kontsideratu zen: «Ezbeharren bategatik, obrak gelditu egin beharko balu, Martin Zalduaren jornala ere gelditu egingo litzateke». Eta, halaxe, 1704.go urriaren lehen egunetik, ez dira konstrukzioaren jornal-liburuko zerrendan, maisuari eta aparejadoreari dagozkionak agertzen (35).
Zaldua bere kargu gabe gelditu zenean, obra gelditu egiten da, baina ez osoro. A. Ribadeok, bere bigarren bisitan -haren oroit-agiria 1704.go agostuaren lehen egunekoa da- obra nola jarraitu behar den erabakitzen du: «5a, harri-lanari dagokionak ez dezakeela oraingoz aurrera egin; eta horrela Eskailerari dagokiona bukatu eta beheko transitua harlosatu ondoren utzi bedi lan hori. Eta orain ahal denarekin eta kobratzen diren efektuekin bakarrik, etxalde berria bukatzen jarraituko da eta honako eran: 6a, lehenik Etxeaurre goian eginak dauden hiru Gelak bukatuko dira: Ateak, Ataurreak, Logelak, Estudio-Mahaiak, Liburu-Baldak, Leihoak bere leiarrekin eta behar den gainontzekoa jarriz. 7a, gero, era berean, eginda dauden len eta 2en pisuko Gelak, aletegira eta konbentu-atera jotzen dutenak, bukatuko dira. 8a, Hirugarren, baratz aldera jotzen duen transituko leiho haundira arte falta diren burni-sareak, klausurarako beharrezkoak, jarriko dira. 9a laugarren, Eskaileraren barandak egingo dira, Eskailera hartako leihoei dagozkien kalostrekin. 10a Bosgarren, Atealdeko atea seinalatutako tokian, hau da, Etxe Santuaren eta etxalde berriaren arteko arkuan. 11a Seigarren, bukatzeko erabakita dauden gelak zuritu bitez. 12a Zazpigarren, esandako guzia bukatu ondoren, baratzara jotzen duen etxaldean jarraituko da. 13a Esanaz gainera, zera agintzen dut, ez dadila Etxe Santuko gauzarik ikutu, ikutu gabe geldi dadila, bere Eskripturan Alcañicesko Markesek jarritako baldintzak eta antzinako etxe eta Fabrika horren iraupen agurgarriak eskatzen duen bezala. 14a Etxalde berrian bizitzera sartu ondoren, Etxe Santua, Kapila Santurako bidea sekulokoei libre utzi ondoren, nola geldituko den klausura barman, Martin de Zaldua Maisuak pentsatu duena egingo da. 15a Kolejio hau Kapila Santuan argi-ontzi bat bizturik edukitzera behartua dago, horretarako Ana de Lasalde Andreak emandako limosnagatik; has bedi segituan obligazio hau betetzen, hori eskatzen bai dago, eta A. Erretorearekin hitzegin bezala bete bedi, argi-ontzian Andre honen leinargi-armarria eta izena grabaturik» (L.V. 30-32 or.)
A. Probintzialak markaturiko lan-proiektu honi jarraituz, 1704an Yeldoko harlosen lehen igorpena heltzen da Loiolara, beheko transituak lauzatzeko. Harlosa hauek, lauko berdinean moztuak, Donostiako Igeldo menditik zetozen, eta Beduatik barrena ekartzen zituzten, Beduatik Loiolarako bidea harlosa bakoitzagatik errial bat ordainduz. Berebat, Yeldoko harrizkoak dira etxeaurreko egaleko eta teilatuetako ur-askak; Yeldotik ekarri ziren ere isur-zuloetarako harri haundi batzuk: antza denez, etxe-alde honetan agertzen diren xurrut-harriez ariko da.
1705an goiko pisuko gelei egurrezko zola jartzen zaie. Eskailerako, bizilekuko transitu, ate eta leihoetako harriak bujardatu egiten dira (bujarda: harginek harria leuntzeko eta berdintzeko erabiltzen duten mailua). Baitere, Atealdeko ate haundia jartzen da, regula-atea, etxean bizi zirenen sartu-aterak regulatzen zituena eta eskailera nagusira, joan-etorriko marratu asmakorreko jaun-eskailera haundira bidea zabaltzen zuena. Eskailerak ere altura erdira tranpain zabal bat du erdian. Zutarri sendoetan bermatzen da eskailera, dena burnizko apaingarri aberatsez edertua.
1705an egin ziren atzen pisuko hamabi balkoi txiki politak eta hurren beheko beste laurak, inguruko trasitotara irikitako leihoen edergarri. 1705tik 1710era, bere truinarte guzietan kalostra eleganteko baranda eder bat jartzen joan ziren, buruetan bere azpi-harri eta zutarriekin, besteak bezain ederrekin (36).
1711an, osatzeko Bilbotik ekarritako 67 brontzezko apain-bola erantsi zituzten; haietatik 35 barandetan jarri zituzten; 24, balkoi txikietan, eta gainontzekoak Etxe Santuko eskaileretan.
Beheko transituak harlautzen jarraitzen da. 1708an bidali zuten berriz ere Yeldotik 1.576 harlosen karga haundi bat; hura Donostitik Beduara eramateagatik 991 eta 1/4 zilarrezko errial ordaindu ziren, errial erdi bana bakoitza. 1710an beste 1.576 ekarri zituzten.
1709an bailagibelera eta baratzara jotzen duten leihoetan hamabi burni-sare apaingabe jartzen dira.
Aldi honetan egur-arotz-lanak ze garrantzia zuen, urte hauetan kontuetan zenbat aritz eta gaztain egur karga agertzen denetik ikusten da (37).
Eta edifizio berrian jesulagunen bazkuna bizitzen jartzeari gagozkiola, gogora dezagun A. Ribadeok 1704an erabakita utzi zuela, «esan guzia bukatu ondoren» -etxeaurre nagusiko goiko pisuei eta egoaldeko len eta 2en pisuei dagokiena- «baratzara jotzen duen etxaldean jarraituko da». Zati hau da eskubi egoan atzen eraikitzen dena, eta han lan-tokiak, jan-lekua eta sukaldea jarri behar ziren. Honekin bat datorrena zera da, 1707.go udaberrian datu hau aurkitzen da: «Egiten ari den jan-leku berrirako zolan egurra jartzeko eta mahai berriak egiteko 240 er.» Aldirako jan-leku hau -betirakoa, oraingoa, askoz geroago egin zen-1707an egiten ari zirena, 1709an erabili egiten zuten, eta urte honetako kontuetan, Etxe Santu barneko zaharrari kontraposten zaio, «hamabi burni-sare apaingabe: bost bailagibelera erortzen dira eta bost baratzara, eta bat jan-leku zaharrean eta beste bat sukalde zaharrean» anotatzean. Berebat Etxe Santuan egindako obra batzuk 1710an zenbatzen direnean, expreso seinalatzen da «burni-sare laukotua, jan-leku zaharreko leihoan jarri zena».
Oraindik ere zehatzago seinala daiteke Kolejio berria zein egunetan aldatu zen, 1708.go martxuan zera esaten bai da: «hiru sarrail: bata, baratzara jeisten den sukaldeko aterako (38), eta beste biak klausura ixten duten ateetarako». Hilabete hauetan beste datu adierazgarria zera da, regula-atea ixteko ataka.
Datu hauek garbi adierazten dute hurren zegoela, Loiolako Aita eta Anaiak, Etxe Santuan 26 urte bizi izan ondoren, edifizio berrian bizitzen hasteko 1708. urteko eguna (39).