Rafael M. de Hornedo S.I.
Artikulo hau «J. Ignacio Tellechea Idigorasi omenaldian» Donostiari buruz Boletín de Estudios Históricos aldizkarian argiratu zen 16-17 II (1982-1983).Orain hemen berriz argiratzen da -honerako egin zen hain zuzen ere- zeredozer korrejitu eta haunditu badugu ere.
Loiolaren fundazioaz dokumento asko dago; A. Gabriel de Henaok ezaguterazi ditu (1). Alabaina, dokumentu berri eta askok, lehenago genekiena osatzen digutela, oso fundazio zail hura nola hasi zen zehatz-mehatz inbestigatzeko bide ematen digu, eta horrek fundazio hura osoago, argiago eta mugatuago ikusteko aukera.
Has gaitezen bide egiten abia-unetik, eta horizera da, Castilla Probintziako jesulagunek heuren fundadorea jaiotako eta Jainkoagana bihurtutako etxearen jabe egin nahi zutela.
Gogo horiek oso bide onetik zihoazela, zerak agertzen du, Loiolako sendi eta etxeko pertsonak, XVI.gizaldian eta XVII.aren hasieran oso disposizio onean aurkitzen zirela arazo horren inguru; horrela jasotzen du A. Cándido Dalmases S.I.koak bere liburuaren azkenean: Fontes Documentales de S. Ignatio de Loyola Romae, 1977,824-826 or. Handik ateratzen ditugu dato hauek eta zati batzuk reproduzi egiten ditugu.
Lehenbizi Marina Usoa Andrea, San Inazioren anai Oñaz eta Loiolako Martín Garciaren alaba txikiena. Martin honek fundatu zuen maiorazgua Carlos V.aren eskubidearekin bere seme Beltran Jaunarentzat. Marina Usoa Loiolako etxearen administradorea zen. Bere iloba-biloba Lorenza Andreak, aitzitik, eta bere beste iloba-biloba Leonor Andreak, maiorazguaren oinordekoek, Loiolatik at bizi behar izan zuten, beren senarrek, Borjako Juan eta Centelles-ko Pedro Jaunek, betebeharreko karguengatik. Horrela, bada, Santiago de Avellaneda Aitak, Castilla Probintziako Bisitadoreak, Logroñotik Everardo Mercuriano Aita Jeneralari 1579.go irailaren 29an idatzitako eskutitzan, honela ematen dio Loiolako etxean egindako bisitaren berri:
»Loiolako etxera etorri nintzen; han, etxekoandreak, gure Aitaren ilobak, nere laguna eta ni bi egun eduki ginduen, eta orduan nere espiritua bizi-bizi kontsolatu zen, bai gure Aita non jaio zen eta Jainkoak haren gaisoaldian ze tokitan hotsegin zion ikusten nuelako, bai andre harek gure Aita hasieran Jainko errukitsuak nondik bideratu zuen zehatz-mehatz kontatzen zidalako...»
»Andre hau, Loiolako Maria deritzana, bildur zen etxeko Jaunak, Gandiako jaunek, etxe hura Azpeitian duten gainontzeko eskubidearekin salduko ote zuen, eta etxea beste jendeen eskuetara etorriko ote zen, eta hark oso bizi zera nahi zuen, etxe hura, bederen, Lagundiaren eskuetara etor zedila, eta litekeen gauza izango zela esaten zidan Gandiako Jaunek saltzen bazuten, beste andre batek, María Nicolás deritzanak (Loiolako Martín Garcia II.aren emazteak, Loiolako Martin Garcia III.aren, Peru eta Chilekoaren aita eta amak), Azpeitian bizi denak, bere testamentuan utzi digunarekin erosten bada, eta bere seme Loiolako Martin Garciarekin, Nueva Españan bizi den gure Aita Inazioren ilobarekin, erabakia daukana kontuan hartzen badugu, hark ere horixe nahi bai du, Etxearen ondarea Lagundiaren eskuetan geldi dadila, gure Aitaren eta haren sendiaren egiazko ondorengo ginelako...»Ziur nago, etxe hura Lagundiarena izango balitz, Lagundi osoarentzat debozio bereziko santu-etxe bat izango litzatekeela, etxe hartan egon nintzen aldian argi ikusi eta nabaritu nuen bezala»...
Marinak aitaturiko Loiolako Andrea, Borjako Leonor Andrea zen. Bai hark bai Loiolako maiorazguan jarraitu zion haren ahizpa Magdalenak, Loiolako etxea Jesusen Lagundiaren eskuetan jartzeko asmoa zuten.
Leonor Andreari gagozkiola, A. Luis Vazquez-ek, Jeneralari Azkoitian Lagundiak zuen etxetik idaztean, zera azaltzen zion, ze eragozpen sortzen zuen Lagundiaren kolejio bat Azkoitian onartzeko Loiola urbil aurkitzeak:
»Fundazio hau onartzeko litekeen eragozpen osoa, hemendik sortzen da, superioreek eta Lagundi osoak Loiolako etxearen jabe egiteko duten asmotik, hortan dagoeneko saiatu direla ematen ere bai du; eta zera diote, Borja eta Loiolako Leonor Andreak, gaur egun etxe haren jabeak, eman duela eskubidea errege-baimena iristearren etxe hura Lagundiari emateko eta haren orde beste bat lortzeko, eta hori (sic) Leonor Andreak bere dirutik egin eta landu nahi duela....»
1603.urteko Castilla Probintzi-Batzarrak, bere 24.postulatuan, Loiolako etxea erosteko baimena eskatzen du, hortarako dirua zentsuran hartu edo haren orde beste etxalderen bat eman behar bada ere». Erromatik 1604.go Apirilan jasotako erantzuna, ez daiteke eragingarriagoa izan:»Etxea erosteko eskaintzen den aukera ona gal ez dadin, Probintzi-buruari, nola edo hala ahalik azkarren hura bereganatzeko baimena ematen diogu» (2).
Ez dakit Leonor Andrearen bizitzan alde horretara beste pausorik eman zen ala ez. Ondorengorik gabe hil zenean, maiorazguan, 1613an, bere ahizpa Magdalenak jarraitu zion, Juan Pérez deVivero Jaunarekin ezkondua zegoelako Fuensaldañako emakondeak. Magdalena Andrea oraindik ere aldeago agertu zen. Hori ematen du A. Jeneral Mucio Vitelleschi-k eta VII. Batzar Jeneraleko Aita Kongregatuek 1616.go Urtarrilaren 21an emakondeari idatzitako eskutitz batek. Karta hartan zera ulertu zutela esaten zioten: «berak ere hori nahi zuela, Lagundia Loiolako etxondoaren jabe egin dadila, han jaio bait zen lurrerako eta bere konbertsio bidez zerurako ere gure Aita Inazio zoriontsua; eta arazo hori horren ondo eta horren haren gustora hasi zenez gero, Batzar osoak zera eskatzen diola, mesede horri aurrera eragin diezaiola, eta desira duen azken oneraino eraman dezala» (3).
Aguro hutsaldu ziren horren itxaropen ederrak, sendia, Beltran Jaunaren ondorengoen bestea, aurka jarri bait zen.