Loiolako Etxe eta Santutegia

HASIERAAURKIBIDEA

Etxe Santuaren barruari historiko ze tratu eman zion

Liburu honetan Loiolako monumentu-etxearen historia egiten hasi baino lehen, ikus dezagun pixka bat San Inazioren etxea bera edo Etxe Santua -monumentu haundiaren muina edo bitxia-gizaldietan zehar ze tratu eman zaion aztertzeko.

Santuario de Loyola

Etxea kanpotik -eraikuntza berri barruan estaliegia edo itoegia badago ere- San Inazio jaio zenean eta han bizi zenean bezala dago gutxi gora-behera; baina, barrutik, aldakuntza asko eta haundiak jasan ditu. Oso goiz hasi ziren aldatzen. Lehenbizi, Juan de Borja Jauna -1552etik ezkontide Jauna, San Inazio artean ere bizi zela-, eta gero jesuitak 1682an han bizitzera etorri zirenean (11).

Hau gaurko ikusle berriak, bere histori eta arkeoloji-zentzu berriarekin, ezin ulertu du, monumetuak aldatu gabe ikusi nahi bai ditu, izen haun-dia eman zioten pertsona famatu haiek bizi zirenean zeuden bezala. Hala da, denok ahal balitz Loiola izan zen etxearen antzekoena ikusi nahi genuke. Alabaina, zer gertatu den explikatu beharra dago.

Ez dakigu ze sentimendu izan eta adierazi zituen Xabierko San Frantziskok, 1540an, Portugalera eta Indiara zihoala, bidenabar, Erroman Inaziok bere iloba Beltran Loiolako Jaunarentzat konfiatutako karta entregatzera Inazioren etxera heldu zenean (12). Cienfuegos Kardenalak bere Bizitzan Borjako San Frantziskoz zera kontatzen digu, hamaika urte geroago, Gipuzkoan sartu eta beste ezer baino lehen Loiolako etxea bisitatzera joan zenean, haren horma eta zolei muin ematen ziela Aita Inaziori zeukakion debozioz (13); eta pixka bat geroago, Oinatin apaiz ordenatu zutenean, San Inaziori zeukakion debozioz ere, bere lehen meza bakarrik etxearen Antzinako Otoitz-lekuan eman nahi izan zuela.

1579. urtean, jesulagunen Castilla Probintzia-ko Bisitadoreak, A. Santiago de Avellanedak, Loiolako etxea bisitatu ondoren, eskutitz bat idatzi zuen Erromara; Lagundiko Jeneralari, A.A. Everardo Mercuriano-ri idazten zion, eta han nabaritutako bidezko susmoa agertzen zion: «Ziur nago,etxe hura Lagundiarena izango balitz, Lagundiosoarentzat debozio bereziko santu-etxe bat izango litzatekeela, etxe hartan egon nintzen aldian argi ikusi eta nabaritu nuen bezala» (14).

San Inazioren konbertsio-gelari, hura beatu egin baino lehen ere, 1604.go inbentario batean,»Aita Inazioren otoitz-leku» deitzen zaio. Hura 1609an beatu egin zutenean, horren haundi egin zen harenganako debozioa, hurrengo urtean,1610an, bai Azpeiti herriak, bai eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak ere, Zumaiako San Pedro eleizan bildurik, Inazio Beatua heuren patroi deklaratu zuten (15), eta horrela Etxe Santua bisitatzera gero eta jende gehiago zetorren; eta areago oraindik 1622an Inazio santu egin zutenean. 1633. urtean beste inbentario batek, oso zehatz, «San Inazioren kapilako» eta haren kapila bihurtutako sakristiako atu ugaria zenbatzen du (16)'

XVII.mende erdi aldera, 1655.urtean, ohiez-lako gauza bat gertatu zen. Ez genuke errez sinistuko, gauza horretaz Iruñeako Gotzaitegian irikitako prozesuan hogeita bost lekukok zinitzez aitortu izan ez balu: Martxoko 24an, Ostegun Santu gauean, Egiazko Gurutzearen penitentzi-prozesioa Azpeitiko kaleetan barna zihoala, Enparan zubia igarotzean, urrutian Loiolako Etxeak argi-argi distiratzen zuela ikusi zuten (17).

Den honek zera esan nahi du, Loiolako etxea, Inazio oso gogora zutelako, oso goiz eta monumentu-etxe haundia eraiki baino askoz ere lehenago, Etxe Santu bezala ikusten hasi zela jendea. Eta ez oharkabean bezala, baino osoro oharturik, eta hori bai eleiz bai herri-agirietan.

Santuario de Loyola

Azkoitiko Residentzi-Kolejioan 1634tik 1653ra bitartean idatzitako dokumentu batek izenburu hau darama: «Loiolako San Inazio gure Aitaren Santutegian aurkitzen diren ondasunen zerrenda; pertsona batzuek kapila hartarako emandako ondasunak dira, eta Azkoitiko residentzi honetan deposituan gordetzen dira, han kolejio bat fundatu arte, eta bitartean gure Aita Santuaren (Inazio-ren) jaia ospatzeko serbitzen dute, etab.», eta gero1653.go beste zerrenda-zati bat dago; honela hasten da: »Loiolako Santutegian aurkitzen diren bitxien oroit-agiria... (18)

Formula honekin eta zentzu honetan oso nabaria da 1671an Fr. Pedro Rochek, Iruñeako gotzai frantziskorenak, emandako eta Loiolako Arkibuan (19) kontserbatzen den dokumentua: «Gipuzkoako Probintzian barna, gure obispaduari dagozkion herrietan konfirmatzera bide egiten ninhoala, debozio katolikoarekin Loiolako Santutegi argia (Loiolako Inazio Patriarka Santu eta Lagundiaren fundadorea etxe eta leku hartan jaio eta hazi zelako horrela deitua) bisitatu dugunez gero;eta Jainko gure Jaunak horren birtute harrigarriak jarritako toki hartan bertan oso edifikatu eta jaieratu ondoren, zera adierazi digute, Santutegi horretan urte tartean herriak bildu ohi diren egunetan, neurri gabeko abuso eta zabarkeri batzuk gertatzen direla, eta lotsik gorde gabe toki agurgarri horri irain egiten diotela; horregatik, Etxe Santuaren eta haren kapila ederrean jarria dagoen Santuaren Erlikiaren jaureskuntz haundiena nahi dugunez gero, eta hortik Jainko Gure Jaunaren ohore eta aintza haundiena sor dadila; eta lotsagabekeria horren aurka gure eskuan dagoen erremeio bat eskatzen digutenez gero, zera erabakitzen dugu: gauza horren ardura eta zaintza Usabarazako Martin Jaunari,orain Etxe Santu horretako Kapellauari, gomendatzen diogula, berak beharrezkoak iruditzen zaizkion zentzuzko bideak erabiliz, eta nahikoak ez badira, eleiz-gaitzespen bidez erremitu dezan; eta eleiz-zentsura horiek ezartzeko gure eskuak dezakeen eskubide guzia ematen diogu, eta beharrezko balitz, oraindik ere haundiagotzeko, eta erabil dezala leku horretan gure ordego osoa. Azpeitian, irailaren 25an, 1671an emana».

1676. urtean, Zuazolako Matias Ignazio Jauna, heriotz orduan, bere testamentua egiten hasten da, eta ez duela bukatuko ikustean, bere emazte Lasaldeko Ana Andreari eskubide ematen dio,bera hil ondoren hark buka dezan. Hura honela hasten da: «Jakin bezate eskubide-karta hau ikusten duten guziek, nik Oñaz eta Loiolako Matias Ignaziok, Calatrava ordenako zaldunak, Azpeitia herri honetako eta Azkoitiako auzoak, LoiolakoSantutegi eta Etxondoaren eta hari dagozkion gauzen jabeak..., Loiolako Etxe eta Santutegi honetan ohean gaiso nengoela...» Eta honela bukatzen du: «... Loiolako etxe eta Santutegi honetan eman nuen...» Eta hilabete batzuk geroago Lasaldeko Ana Andreak, beste klausula asko eta askoren artean, honela jarraitzen du: «Baitere zera deklaratzen dut, Larraarko Joan Jaunari Loiolako Santutegiko kapellautzaren errenta edo estipendioa zaiola zor,lau urtebete serbitu duelako, hau da, urte bakoitzean hogeitamar belloiezko errial» (20).

Egin dezagun salto bat eta hel gaitezen Lagundiko Aitengana. 1682.urtean Etxe Santuaren jabegoa hartzera etorri ziren, eta hogeitasei urtebete bitartean han bizi ondoren, Etxe Santuaren inguruan eraikitzen doazen konstrukzio berriko lehen geletara aldatu dira. Badago Loiolako Arkibuan beste dokumentu nabari bat. Hark hau du izenburu: «1715. Loiolako Errege-Kolejioaren fundazioa». Dokumentu hau Francisco de Baza Erretoreari atributzen zaio (21). Laburtzeko, hasiera utzirik, honela jarraitzen du: Gureek «Loiolako Etxondo eta Santutegiaren jabe egin aurretik, sinesdunek hura Santutegi ospatsu bezala maiz bisitatzen bazuten ere, eta XV. Gregorio Aita santuak 1622an betiko jubileua -San Inazioren jai egun bezperatik zortzi egunerarte etengabe irabazi zitekeena-, eman bazion ere, gure eskuan dagoenezgeroztik maizago bisitatzen du jendeak, ez bera aurkitzen den Gipuzkoa Probintzikoek bakarrik,baino bai eta Bizkaia Jaurgotik, Arabakotik, Nabarra erreinutik, eta guziz Kristau Erregearen mendean dagoen Frantzes Kantauritik. Eta motibo hau dago, Kapila Santuan jaunartzeko gogoz etortzen diren sinesdunek gure arteko Konfesoreak prest aurkitzen dituztela eta oso astegin zaizkienak gainera Santuaren semeak direlako, haren mesedea iristeko bai datoz erromes. Kolejioak, bere barruan Loiolako Etxondo eta Santutegia daukala, etab.»

Orain Etxe Santua inplizito edo explizito Santutegi bat den idea sakondu behar dugu, hori zaigu interes. Idea hori San Inazioren egunetatik etaharen heriotzatik bertatik datorkigu, gehiago oraindik hura beatu eta santu egin zutenetik, eta gehiago Jesusen Lagundiaren eskuetara aldatu zenetik (22).

Santuario de Loyola

Hortik ondoren berez sortu zen etxeari ze tratu eman behar zitzaion jakiteko araua: ez, Inazio pertsona haundi bat zelako, arkeoloji-araua bakarrik, baina Santu haundi bat oso senide Santua eta maitea zelako- santutegi- eta erlijio-araua.Santu baten eta horrelako Santu baten etxea? Oso maite dezagun, oso apaindu dezagun -hori bai, joandako gizaldietako barroko-estiloan edo barrokatuan- eta batez ere kapilak egin, kapila asko eta aldare asko, meza asko baino gehiago emateko eta entzuteko! Eta hori ez XVII.gizaldian eta hurrengoetan bakarrik, baina bai eta gure XX.gizaldi honen hasieran ere, Etxe Santuaren barrua osoa berritu zenean, usteldua edo zahartua hobetzen eta berritzen saiatu zirenean (23).

Zer lortu zen: zoritxarrez urteetan zehar eta aldakuntza asko egin direlako, etxe barruko material-elementu gehienak galdu badira ere, Inaziori historiko zegokiona gogoratu, hori zen beharrezkoena, eta gero, horren ondoan, jesulagunen tradizio aberatsa kontserbatu. Tradizio horrek Fundadorearen figura osatzen du eta hori ere gizaldietako historia da, zoritxarrez ere, apaingarri eta kapila mordo haundiegira erori bazen ere, zamatuegia gaurko arte-gustorako, baina historiaren, artearen eta pietatearen aldetik egiazko balioko elementu asko dituena.

Orain (1990-1991) San Inazioren jaiotzaren bostehun urte betetzen direla eta, obra haundia egin da Etxe Santua sendotzen eta birmoldatzen.Obra hauek helburu hau izan dute, etxea sendotu ondoren, bere santu izakera galdu gabe, Santua eta haren sendia jaiotako eta bizitako jauregi-dorre-etxearen antza ahal bezain beste rekuperatu.

Obrak egitean, atarian etxeko atera igotzeko aldapa txikia agertu da, bai eta dorrearen egoaldean beste etxe baten hormaren zimentua ere. Zimentu horrek hiru metro baino gehiago zituen, eta horren gainean eraikitako gorputza San Inazioren aitonak dorre-etxeari erantsi zion, dorre-etxea -IV. Enrike Erregak agindu zuelako 1457.urtetik moztua- berriz eraiki zuenean. Etxe barruan antzinako beste etxe baten zimentuak azaldu dira eta sukaldeko kebidearen zuloa, janari-tokia, sapaldak, liburu-tokia...

Birmoldatzeari berari gagozkiola:

  1. Beheko edo lehenengo plantak Oñaz taldeko guda-etxearen itxura gogorra iruditu nahi izan du.
  2. Bigarrenak, sukalde inguruko nagusi-morroien sendi bizitza gogoratu nahi izan du.
  3. Hirugarrenak, etxearen egoitz nagusia, eta han antzinako otoitz-lekua, arma-gela, San Inazio jaiotako etxeko Jaunen gelak, jan-tokia eta Jaun-saloi haundia.
    Eta hiru egoitz hauetan, joandako gizaldietan zer izan ziren agertzeko eta gogoratzeko, erlijio-gai batzuk utzi edo jarri badira ere.
  4. Laugarren eta azken egoitza osoa Santu-Etxearen erdi-leku eta tokirik bereziena bezala kontserbatu da, hau da, han dago -»Konbertsio Kapila» deritzan- gela; han bihurtu zen Inigo Jainkoagana. Laugarren egoitza horretan «Kapila» gela bera itxisamarra gelditu da -hala behar zuen ere-, kanpoko hotsik sar ez dadin barrura eta ikusleen eragozpenik batere gabe meza emaneta otoitz egin dadin. Etxea ikustera datorrenak kristaldun leiho zabal batetik barrura begira dezake eta gero bere bidea jarraitu.