Inigoren ama, Likonako Marina Sanchez Andrea zen. Hurren Azkoitiako Balda etxetik zetorren, baina Likonako Martin García Jaunaren alaba zen, Bizkaiako Ondarroa herrikoa zelako,»Ondarroa doktore» deituaren alaba; seguru asko Inigok sei urtebete inguru zituela hilko zen.
Hurrengo urtean, 1498an, Loiolara AraozkoMagdalena Andrea etorri zen, Bergarakoa zen eta Isabel Erregin Andre Katolikoaren ohorezko dama. Harek, Inigoren anai zaharrenarekin -Oñaz eta Loiolako Martin Garciarekin, ordutik 1538.ra arte etxeko oinordeko eta Jaunarekin- ezkondu zelako, Inigoren ezkon-arreba izan behar zuen eta egitan umearen bigarren ama.
Probabile, 1506.urte aldera, Beltran Jaunak,1507an hil baino urtebete lehenago, Inigo, hamabost urteko gaztea, Arevalora (Avilara) bidali zuen, Juan Velazquez de Cuellar Jaunaren, Fernando Katolikuaren diruzain nagusiaren etxera.Sendi biok ahaidekoak ziren andreen aldetik, eta harat, etxe artako semeen artera, gorte-moduan edukatzeko asmoarekin bidali zuten, eta gero, behin sasoira heltzen zenean, gorte hartan bertan kargu on bat betetzeko. Lehenbiziko asmoa bete zen, baina bigarrena ustel gertatu zen, Juan Jauna eta haren inguruko guziak oso erori zirelako, Carlos Jauna, errege bezala Espainara etorri zenean.
Hamaika urteko tarte horretan, eta 26tik 30era Najerako Duke eta Nabarrako Errege Ordearen, Antonio Manrique de Lara-ren, serbitzuan igarotako hurrengo beste lau urtetan, Inigok maiz samar egiten zituen Loiolara joan-etorri batzuk (8).
Baina, bere garrantzi haundieneko egonaldia orduan egin zuen: frantzes erasoaren aurka Iruña defenditzen gartsu aritu eta eskuineko hanka oso zauritu ondoren, honera sendatzera eta indarberritzera ekarri zutenean: bederatzi hilabete egon zen hemen, eta orduan hiru operazio «ezer esan gabe eta eskuak gogor estutu beste keinurik egin gabe» sufritu ondoren, irakurri eta reflektitu bidez Jainkoagana bihurtu zen. Utz diezaiogun Inazio berari, hirugarren pertsonan bada ere, bere Erromes Bidean kontatzen, urte batzuk geroago A.Luis Gonalves de Cámarak idatzi zigun bezala (9):
»Eta munduko liburu eta nobelak, zaldunenak esaten zaienak, oso atsegin irakurtzen zituelako, bere burua onik aurkitu zuenean, denbora pasatzeko haietako batzuk eskatu zituen. Baina etxe hartan, ez zen hark irakurri ohi zuenik aurkitu, eta hala erdaraz idatzitako Vita Christi bat eta Santuen bizitzaren liburu bat eman zioten.
Liburuak behin eta berriz irakurtzean, han idatzitakoa pixkanaka gustatzen joan zitzaion...Izan ere, Gure Jaunaren eta santuen bizitzak irakurtzean, pentsatzen geratzen zen eta arrazoi hauek zizkioen berekiko: zer izango litzateke Frantzisko Santuak egin zuena egingo banu? Zer, Domingo Santuak egin zuena egingo banu? Eta horrela on aurkitzen zuen gauza asko pentsatzen zuen, eta bere buruari beti gauza zailak eta haundiak jartzen zizkion aurrean, eta, aurrean jartzean, errez egingo zituela iruditzen zitzaion...
Gero mundukoak etortzen zitzaizkion, eta haietan ere aldi luzean gelditzen zen ... Are, diferentzi hau zegoen: mundukoaz pentsatzean bizi gozatzen zuela; baina aspertu ondoren uztean, bere burua lehor eta goibel aurkitzen zuela.Aitzitik, santuak egiten ikusitako penitentziak egin behar zituela pentsatzean, ez orduan bakarrik, pentsatzean, zuen gozatzen, baina asperturik utzi eta gero ere, pozez eta alai gelditzen zen...
Ikasbide honetatik argi ez gutxi harturik, bere lehengo bizitza serio hausnartzen hasi zen eta haatik penitentzia haundia egin beharra zeukala pentsatzen...
Gogo santu hauek ikustaldi batek sendotu zizkion; honela: behin gauez esna zegoela, Andre Mariaren irudia Jesus haur santuarekin argi-argi ikusi zuen, eta hura ikustez luzaroan poz haundia hartu zuen eta lehengo bizitzaz...nazkatua gelditu zen».
San Inazioren konbertsioa, Loiolan hasitakoa, Erromara eta Lur Santura ontziratzeko Barcelonara zihoala, bizi guziko bekatuen konfesio jeneral batekin bukatu zuen. Aitortza hori astiro egin zuen, hiru egunean eta idatziz, Montserrateko monako frantziar batekin; eta Manresan igarotakohamaika hilabetetan guziz sendotua gelditu zen konbertsio hori eta behin betiko orientatua. Han, bisio haundien artean eta gero «San Inazioren Espiritu Ejertzizioak» deituko zaien ejertzizioak eginez, apostoliko bizitzeko erabakia hartu zuen arimak salbatzearren, ez batikbat hasieran egindako penitentzia gogorrak egiten bizitzeko.
San Inazio, bai, joan zen Barcelonara, Erromara, Veneziara eta Jerusalenera; baina, ez zioten han gelditzen utzi -berak nahi zuen bezala- apostoliko bizitzeko. Europara itzuli zenean eta apaiz ordenatu ahal izateko, Barzelonan hasi zen bere estudioak egiten, Alcalan jarraitu zituen eta Salamancan bukatu nahi izan, baina ezinean, Parisko Unibertsidadera joan zen zortzi urtebeterako. Han Filosofian doktoratu ondoren, Teolojia ikasten hasi zen, eta bere ikaskideen artean bere sei lehenlagunak biltzen ditu; hauekin fundatuko du Jesusen Lagundia.
Loiolatik Jainkoagana bihurturik irten zenetik hamairu urtera, 1535an, San Inazio, medikuen aholkuari kaso eginda, Paristik bere jaioterrira itzultzen da. Baina, orduan, ez zen bere Loiolako etxera, aberats bat bezala alojatzera joan; Magdalena ospitalean gelditu zen, Azpeitiko sarreran,behartsu bat bezala. Hiru hilabete zoragarri igaro zituen pobre eta dotrina erakusten eta predikatzen; horrela bere gaztezaroko ejenplu txarrei ordain bikaina eman zien. Azkenean bakarrik, bere ezkon-arreba santuak, Araozko Magdalena Andreak behin eta berriz eskatu ziolako igaro zuen gau bat Loiolan, sendiko arazo itsusi bat konpontzen. Horrela esan zion atzen agur bere sendi eta etxeari,Veneziarako -han bildu behar bait zuen bere Parisko lagunekin denak apaiz ordenatzeko- eta Erromarako irten baino lehen. Ez zen gehiago etorriko. Erroman, bere bizitzako azken hemeretzi urtetan, Jesusen Lagundia fundatu zuen (10).